martes, 14 de febrero de 2012

NAGUSI IZAN NAHI DUTE


Garaipen garrantzitsua lortu zuen atzo Realak. Ligan zein norabide hartu dezakeen ikusteko moduko garaipena. Sevilla bezalako talde bat aurrean izanik ere, jokalariak ez ziren kikildu, eta aspaldian jokaturiko partida onenean 2-0 irabazi zuten. Mahaian kolpea jo zuten txuri-urdinek, eta Ligan jaitsiera postuetatik aldenduta, Europa aldera begiratu nahi dutela erakutsi zuten. Hazi egin nahi dute txuri-urdinek. Taldearekin bat hazi nahi du ere Ruben Pardok. Lehen aldiz jokatu zuen titular gisa Anoetan, egundoko ikuskizuna emanez. 19 urterekin taldearen aginte makila eramateko gai dela erakutsi zuen Errioxakoak.

Parekatua dago Liga. Txapeldunen Ligaren eta jaitsiera postuen artean bederatzi puntuko aldea dago soilik. Hala, hiru partida jarraian irabazten dituena Europara begira jarriko da, eta hiru galtzen dituenak gorriak eta bi ikusiko ditu. Bat galdu, bestea irabazi dabilena ur lasai baina aspergarrietan amaituko du Liga. Benetako ordua iritsi da. Ontzia, taldea, zein norabide hartuko duen begira dago ibaira, eta lemazain bat beharko du bide egokia hartzeko. Illarramendi lemazain nagusia izatera deitua dago, azken urtetako patroi Aranbururen aholkuak jarraituz. Elustondok ere ziaboga bikainak egiten lagunduko du, Zurutuza iparrorratzarekin batera. Eta lau horiek ezin badute, oposaketetan emaitza onak ateratzen dagoen beste bat dago. Ruben Pardok atzo argi utzi zuen titular gisa jokatzeko moduan dagoela. Oraindik hogei urte ez dituen arren, taldea bizkar gainean hartu eta partidak erabaki ditzake gazte errioxarrak.

Inauteriak gertu, Xabi Alonso tolosarraz mozorrotu zen Pardo, soinean 27 zenbakia zeramala. Pase motzak joko-irekierekin tartekatu zituen, defentsan otso izan zen. Arrisku biziko lau baloi berreskuratu zituen. Hamabigarren minutuan hasi zen Alonsorena egiten. Zelai erditik erdiraketa bikain bat egin zuen, eta Vela atezainaren aurrean bakar bakarrik utzi zuen. Palop azkar atera zen eta mexikarrak ahal zuen moduan baloia langara bidali zuen. Lehenengo abisua izan zen. Beste hiruzpalau aukera izan zituen Realak lehen zatian. Argiena 41. minutuan iritsi zen. Jokaldi polita egin zuen Realak eskuin hegaletik, Carlos Martinezek arraseko erdiraketa egin zuen, eta Anoeta gola oihukatzen ari zenean Palopek meritu handiko geldiketa egin zion Velari berriz ere. Berdinduta amaitu zen lehenengo zatia. Partida itsusia izan zen, geldoa, zelai erdian trabatua. Sevillak falta ugari egin zituen, jokoa menderatu ezinaren poderioz. Reala nagusi zen jokoan, baina ez markagailuan.

Andaluziarrak Liberté, Egalité, Superioridad lema elastikoan zuela zelairatu ziren, eta hori izan zen partida osoan egin zuen gauzarik oldarkorrena. Abenduaren 5ean irabazi zuten azkenekoz, eta egoera irauli ezinik dabiltza. Marcelino bota zuten, baina Michelen debuta garratza izan zen. Entrenatzaile gisa azken partida Anoetan jokatu zuen, Getafe eta Reala salbatu ziren partida horretan. Patuaren indarra, Anoetan izan zen bere itzulera. Aldaketa batzuk egin zituen: Palop gaixo zegoen Javi Varasen ordez; Fazio eta Cala, Spahicen eta Caceresen hutsunea betetzeko; zelai erdian Campaña gaztearentzako aukera Medel zigortuaren ordez; baina Sevillaren makina-gelan ez da inor ageri. Reyes eta Negredo saiatu ziren, baina Iñigo Martinezek, Aranburuk eta Bergarak bidea itxi zioten. Cadamuro eta Carlos Martinez Del Moral eta Navas baino gehiago izan ziren.

Lehenengo zatian emandako itxura ikusita, sinetsita atera ziren txuri-urdinak bigarren zatian. Metro batzuk aurreratu zuten presioa, eta horrek min handia egin zion Sevillari. Aspaldiko partez Xabi Prieto agertu zen, eta Carlos Martinezekin ondo ulertuta, berak sortu zuen lehenengo gola. Eskuin hegaletik erdiraketa bat egin zuen, Aranburuk ezin izan zuen buruz errematatu, baina atzetik Velak ezker bolea batez sareetara bidali zuen baloia. Ez zen jaurtiketa erraza, baina bikain zartatu zuen baloia mexikarrak. Andaluziarrak berdinketaren bila joan aurretik, baloi bat arrisku gunean lapurtu zuen Realak, Xabi Prietok kontraerasoa hasi zuen, baloia Velari eman zion, hark Pardo zetorrela ikusi, eta errioxarrak Xabi Alonsoz berriro mozorrotuta, zartako batez eskuadraraino bidali zuen baloia. Partida amaitzeko ordu erdi geratzen zen eta bi gol aurretik zihoan Reala. Kanoute eta Rakitic sartu zituen Michelek, eta Montanierrek Griezmann eta Demidov sartuta erantzun zuen; frantziarraren abiadura erasoan erabiltzeko, eta Demidovekin Kanoute gelditzeko. Pardo zutik agurtu zuen Anoetak. Lehen begi-kolpeko maitasuna izan da.

Garrantzi handiko garaipena izan zen, ezbairik gabe, are gehiago Montanierrek jarri zuen hamaikakoa ikusita. Illarramendi, Zurutuza eta Elustondo min hartuta, eta Griezmanni atseden emanda ere, ondo jokatu dezake Realak. Atzoko hamaikakoaren batezbesteko adina 24,6 urtekoa zen; eta Zurutuzak, Griezmannek eta Illarramendik batezbestekoa jaitsi dezakete. Gaztetxoak dira oraindik, baina haur izateari utzi eta nagusi izan nahi dute jada.

Jokalari onenak:

3 puntu. Ruben Pardo. 19 urterekin titular bezala jokatze mailan dago. Erakustaldia eman zuen atzo, eta Anoetan zutik agurtu zuen. Bere aldeko apustua txalotu behar zaio Montanierri, baina minutu gehiago izan beharko zituen. Hemendik aurrera Sanserekin gutxiago eta Realarekin gehiago jokatu behar du.

2 puntu. Xabi Prieto. Basamortuko zeharkaldia amaitu du donostiarrak. Ez da sasoiko ibili azkenaldian, eta taldeak bere falta sumatu du. Atzo, baina, agertu zen, eta bi golak bere oinetan hasi ziren. Fernando Navarrok faltak eginez gelditu zuen soilik. Taldeak bere ekarpena behar du.

Puntu 1. Carlos Vela. Gustura dago taldean, eta geratu egin nahi duela esan du. Utzita dago, eta Arsene Wengerrek gertutik jarraitzen du. Txuri-urdinen bigarren golegilea da —4—, eta asistentzia gehien eman dituena —5—. Batzuetan irregular samarra da, eta horrek zaleak ernegatu ditzake, baina gozamena da horrelako jokalariak taldean izatea.

No hay comentarios:

Related Posts Plugin for WordPress, Blogger...

TODAS LAS NOTICIAS
POR FECHAS