Ez da aste erraza izan. Derbiaren ondorena
luzeegia izan da. Gehiegi hitz egin da atzera bueltarik ez duenaz, eta gutxiegi
larunbatekoaz. Dirudiena baino partida garrantzitsuagoa da Realak Zaragozaren
aurka jokatuko duena (18:00). Etsipenak hartuta dirudi Zaragozak, baina
oraindik ez du bere azken hitza esan. Zauritua dagoen animali hori izaten da
arriskutsuena, baina txuri-urdinek partida irabazten badute, aurkariaren
itxaropena behin betiko eten dezakete. Hiru puntu baino gehiago dago jokoan.
Zaragoza sailkapeneko azken postuan dago eta
Pilaricaren mirari batek soilik salbatuko du Lehen Mailari agur esatetik. Baina
horrek ez du esan nahi borrokatu gabe hilko denik. Ligako azken lau
partidetatik bi irabazi ditu, Espanyolen etxean, eta azkena, Vila-realen aurka
luzapenean. Ezin da ahaztu ere, lehenengo itzulian 2-0 irabazi ziola Realari,
Postigaren bi golekin. Itxura negargarria eman zuten donostiarrek orduan.
Itzuli oso bat pasa ondoren, bestelako
egoeran dago Reala. Sailkapenaren erdialdean, begi batekin Europari begira, eta
bestearekin jaitsiera kontrolatuta. Denboraldiko bolada okerrenean jokatu zuten
partida hura, eta egun, derbia galdu arren, bolada eder batean dago talde
txuri-urdina. Romaredan jokatu zenean, hondoa jotzear zegoen Reala, eta orain,
oreka aurkitu dute. Atzeko lauko sendoa, hirukote trinkoa erdian, eta magia eta
abiadura erasoan. Montanierrek badaki nola jokatu nahi duen, eta jokalariek
badakite nola jokatu nahi duen entrenatzaileak.
Halere, arrazoi ugari tarteko, hazten hasi
ezinik dirau taldeak. Horregatik da garrantzitsua larunbatekoa. Montanierrek
berak argi du, eta mezu argia eman du partida aurreko prentsaurrekotan:
“Zaragozaren aurkakoa urteko partida da, oso garrantzitsua”. Zaleek babestuta,
garaipen garrantzitsua lor dezake Realak. Jaitsiera bederatzi puntura utz
dezakete, eta Zaragoza hamabira. Lehen itzulian arazo andana izan zituzten
txuri-urdinek Anoetan puntuak bereganatzeko, baina bigarren itzuli honetan,
hiru partidatik hirurak irabazi ditu. Zazpi gol sartu dituzte txuri-urdinek,
eta bakarra jaso, Sportingen aurka 5-1 irabazi zutenean.
Entrenatzaileak aldaketak egin beharko ditu
defentsan. Cadamurok bosgarren txartel horia ikusi zuen derbian, eta gainera
ondo ezik dago. Hala, De la Bella hamaikakora itzuliko da. Unerik zailena bizi
du ezker hegalekoak Realera orain dela hiru denboraldi etorri zenetik. Beti
izan da titularra orain arte, eta minutu ugari jokatu ditu. Griezmannekin
ederki moldatzen da, eta ezker hegaletik min asko egin du taldeak kataluniarra
zelaian dagoenean. Defentsa lanetan berriz, gorriak eta bi ikusi ditu behin
baino gehiagotan. Min hartuta ibili da azken hilabeteetan, eta Cadamurok aurre
hartu dio hamaikakoan. Erritmo falta nabarituko zaio Anoetan, baina konfiantzarekin
jokatuz gero, ezker hegalean nork jokatu erabakitzea zailduko dio Montanierri.
Eskuin hegalean Estradak jarraituko du, Carlos Martinezek min hartuta
jarraitzen baitu, eta ez du besteen erritmoan entrenatu.
Zelai erdian eta erasoan ez da aldaketa gehiegirik
espero. Illarramendi hamaikakora itzuliko da bi partidako zigorra bete ostean.
Markelen lekua hartuko du, eta Aranbururekin eta Zurutuzarekin osatuko du zelai
erdia. Zaleek Pardo eta Illarramendi elkarrekin ikusi nahi dute, eta, akaso,
bigarren zatian izango dute aukera. Erasoan ezustea eman zuen Montanierrek
derbian, Agirretxe hamaikakotik at utzita. Baliteke erabaki bera egitea
Zaragozaren aurka ere, aurkariaren atzelariak altuak eta sendoak, bai, baina
oso motelak direlako. Xabi Prietoren, Griezmannen eta Velaren abiadura eta
teknikak min handia egin dezake. Lautako edonor aulkian geratuta, ez dirudi
zaleak gehiegi haserretuko direnik, ondo jokatzen ari baitira.
Zaragoza, apurtzeko zorian
18 punturekin, bederatzi puntura du
salbazioa Zaragozak. Kirol arloan dituen arazoei, arazo instituzionalak gehitu
behar zaizkio. Hondoa jotzear dago Aragoiko taldea. Konkurtso Legean sartuta,
Agapito Iglesias jabeak taldea edonola saldu nahi du. Zaragozako jokalari
gehienak beste taldeengatik utzita daude, edo taldea bera ez da bere jabea,
enpresari talde bat baizik. Halako egoeran, Zaragozak ezin du dirurik atera
jokalariak salduta. Oso giro nahasia bizi da Aragoiko hiriburuan, eta
sailkapenean itota egon arren, gehiago hitz egiten da Agapitotaz eta taldearen etorkizunaz.
Izan ere, benetan iluna da Zaragozaren etorkizuna, eta taldeak eroslerik
aurkitzen ez badu, desagertu egin daiteke.
Giroak asko zaildu du kirol jarduera, erabat
aproposa delako aurrera egiteko. Agirre entrenatzaile mexikarra bota zuten
denboraldi erdialdean, eta Jimenez fitxatu. Azkenak ez du taldearen ibilbidea
egonkortzerik lortu, egitekoa ia ezinezkoa delako. Haserre agertu da azken
jardunaldietan jokalarien inplikazioarekin. Malagaren aurka 5-1 galdu ondoren,
dimititzeko imintzioa egin zuen, baina jarraitzea erabaki du. Dimititzea
koldarkeria dela azaldu du, baina argi utzi du ez dagoela batere gustura
Zaragozan bizi duen egoerarekin.
Giro nahasia alde batera utzita, baja
garrantzitsuekin dator Zaragoza Anoetara. Defentsa erabat aldatu beharko du
Jimenezek. Paredesek bosgarren txartel horia ikusi zuen Vila-realen aurka.
Lanzaro ere min hartuta dago, eta deialdian sartu den arren, ez dirudi
hasieratik aritzeko moduan egongo denik. Hala, erdiko bi atzelariak aldatu
beharko ditu entrenatzaileak. Da Silva paraguaitarra orain arte hasieratik
aritu izan dako, baina Pinterrek, Dujmovicek eta Mateosek ere izan dezakete
bere aukera. Entrenamenduetan ikusitakoaren arabera, jokalari altuak nahi ditu
atzean Jimenezek, Agirretxeren jokoa geldiarazteko edo. Hala, Zaragozako
prentsaren arabera Dujmovic eta Mateosek dituzte aukera gehien. Agirretxeren
ordez Velak jokatzen badu, asko sufrituko dute. Hegaletan Obradovic eta Alvarez
ariko dira.
Postiga aurrelaria Zaragozan gelditu da,
deialditik kanpo, min hartuta jarraitzen duelako. Lafita, baina, jokatzeko
moduan dago, eta Realeko atzelariek kontuz ibili beharko dute, bikaina baita
Deportivoko jokalari ohia. Erne ibili beharko da ere Luis Garciarekin.
Eskarmentu handikoa da García, eta maila ona du. Zelai erdian Micael eta Apoño
bikotea ukiezina da. Gehiago espero zen Atleticok utzitako jokalariaz, baina
Malagak lagatako jokalariak hasieratik eman du bere maila. Pellegrinirekin
gaizki eramaten da Apoño, eta horregatik joan da Zaragozara, minutu bila.
Faltetan eta urruneko jaurtiketetan oso arriskutsua da.
Deialdia:
Reala: Bravo, Zubikarai; Estrada, Mikel Gonzalez, Iñigo Martinez, Demidov, De la
Bella; Xabi Prieto, Markel, Illarramendi, Aranburu, Zurutuza, Pardo, Griezmann;
Vela, Agirretxe, Ifran eta Llorente
Zaragoza: Roberto, Leo Franco; Alvarez, Mateos, Lanzaro,
Aranda, Oriol, Luis Garcia, Juan Carlos, Da Silva, Dujmovic, Lafita, R. Micael,
Zuculini, Abraham, Pinter, Apoño, Obradovic ta Ortí

No hay comentarios:
Publicar un comentario