sábado, 17 de marzo de 2012

KANPOAN OTSO IZAN BEHAR

Lehen itzulikoa hobetu ondoren, Anoetan jokatu diren puntu guztiak eskuratu ditu Realak: hamabi. Etxetik kanpo, baina, azken hiru partidak galdu dituzte txuri-urdinek. Urtarrilaren 14ean Valentziari 0-1 irabazi ziotenetik ez du puntu bat bera ere lortu Anoetatik urrun. Batzuetan itxura ona emanda —Bartzelona, 2-1—, bestetan txartel gorria ikusi ondoren irrigarri geratuta —Granada, 4-1—, edo epailearen erabakiak bitarte —Athletic 2-0— esku hutsik itzuli da azken hiru bidaietatik. Uso da aurkarientzat, eta otso izateari ekin nahi diote. Erronka horretarako arerio aproposa dirudi Getafek  Etxean jokaturiko hamabi partidetatik lau besterik ez dituzte irabazi madrildarrek, eta ez dute oso itxura sendoa eman.

Alfonso Perez Koliseoan jokatutako azken partidak oroitzapen onak dakartza txuri-urdinentzat. Realak 0-4 irabazi zuen egundoko partida eginda Griezmannek, Prietok eta Aranburuk, birritan, sarturiko golei esker. Goizegi izan arren, Liga amaitzeko hamabi partida geratzen baitira, Getaferi irabaziz gero jaitsierako mamua behin betiko alderatu dezake Gipuzkoako taldeak, eta horrekin batera erronka handiagoetan sartu edo ez sartu erabaki beharko lukete. Madrilgo taldea Realaren atzetik doa, puntu bat gutxiagorekin.

Philippe Montanierrek gutxienez aldaketa bat egin beharko du hamaikakoan. Mikel Gonzalezek bosgarren txartel horia ikusi zuen Zaragozaren aurkako garaipenean, eta, hortaz, deialditik at geratu da. Vadim Demidovek bere postua berreskuratuko du. Titular hasi zen jokalari internazionala, baina Malagaren aurkako partidatik harmailetatik edo aulkitik ikusi ditu norgehiagokak. Liassine Cadamuro ere deialdira itzuli da, eta Alberto De la Bellak partida txukuna egin zuen arren, hamaikakoan egon daiteke Algeriako hegalekoa. Carlos Martinezek min hartuta jarraitzen du.

Gorka Elustondo deialdira itzuli da behin arazo fisikoak gaindituta. Horrek Ruben Pardo deialditik kanpo utzi du. Errioxarrak minutuak behar ditu, eta Sansek bere beharra du Athleticen harrobiko taldearen aurka jokatzeko. Biak aterako dira irabazten, eta, bitartean, lehen taldean bere hutsunea beasaindarrak beteko du. Aulkitik hasiko du partida Elustondok, Markelekin batera. Gaur egun, Illarramendi-Aranburu-Zurutuza hirukotea ukiezina da. Egundoko maila ematen ari dira hiruak, baten gabeziak bestearen indar-gune direlako.

Azken partidetan minutuak izan ostean, Joseba Llorente deialditik kanpo geratu da oraingoan. Lau aurrelari deitu izan ditu Montanierrek orain arte, gauza harrigarria aurrelari bakarrarekin jokatzen duen talde batean. Agirretxe titular argia da, baita Vela ere, mexikarrak gehien bat hegaletik jokatu badu ere. Azken astean asko hitz egin da Ifranek eta entrenatzaileak izan ei zuten sesioaz. Uruguaiarrak berak gezurtatu du hori gertatu zenik. Llorente gabe, minutuak izango ditu bigarren zatian. Minutuak izango dituen beste bat Griezmann izango da. Aulkitik hasiko da ziurrenik, azken partidetan Vela eta Prieto titular izan direlako.

Irabaziz gero, jaitsiera postuak lau partidara gera daitezke. Hamaika partiden faltan, eta Anoetan puntuak lortzen jarraituz gero, errenta nahikoa izango da. Horrek lasaitasuna emango dio taldeari. Aurten gainera, oso orekatua dago Liga, eta, Realak Europarako trena har lezake. Zaleentzat benetan aspergarria da azken jardunaldietan erdibidean geratzea. Europarako lehiatzeak ilusioa piztuko luke, areago, Athletic egiten ari den balentriak ikusita.. Dena den, hobe pausoz pauso joatea, ametsa amesgaizto bihurtu aurretik.

Getafe, fitxaketak bai, errentarik ez

Udan fitxaketa ugari eta onak egin zituen Getafek. Besteak beste, Pedro Leon, Güiza, Diego Castro, Lopo, Sarabia, Lacen eta Juan Rodriguez iritsi ziren. Michel botoa ondoren, Luis Garcia iazko errebelazioa izendatu zuten entrenatzaile moduan. Manu del Moral, Parejo eta Albin izan ziren bide berria hasi zuten izar nagusiak. Salerosketa merkatuan egindako mugimenduekin, Getafek aurrerapausoa emango zuela zirudien. Baina ez da hala izan, erdi bidean geratu da. Fitxatutako izarrek ez dute behar bezain haina distira egin.  Pedro Leonen eta Güizaren dirdira pare bat partidatan ikusi da soilik. Castro Sportingeko izar izatetik,  gris antzeko jokalari izatera pasa da. Sarabiak ez du espero zen maila eman.

Lesioekin ere arazo andana izan ditu Luis Garciak. Castro eta Leon min hartuta ibili ziren, eta Lopok agur esan dio denboraldiari. Hori dela eta, Alexis utzita etorri da Sevillatik. Getafen egin zuen bere denboraldi onena. Buruz abila eta bizkorra. Azken bi denboraldietan, baina, ez ditu aurreikuspenak bete. Hainbeste berri txarren artean, berri on bat ere izan du Getafek. Madrilekoen harrobiko taldea ez da ezaguna, eta lehen taldean harrobiko gutxi daude. Horietako batek, Abdel Barrada gazteak, bere bizkar gainean bota du taldearen zama Miku aurrelariarekin batera. Itxura ederra eman du, eta teknikari baten baino gehiagoren agendan dago jada.

Realaren kontrako partidari begira, hogei jokalari deitu ditu Luis Garciak, eta bi deialditik kanpo utzi beharko ditu. Orain arte Cata Diazek Ligako minutu guztiak jokatu ditu, baina Vila-realen aurka bosgarren txartel horia ikusi zuen. Hala, Rafak eta Alexisek jokatuko dute. Bestelakoan ez da aldaketa gehiegirik espero hamaikakoan. Jokalari azkarrak ditu Getafek hegaletan, bai defentsa lanetarako, baita erasorako. Zelai erdian eskarmentu handiko mutilak ditu, jokoaren tenpoa eramateko gai direnak, eta behar denean faltak egin edo denbora galtzeko arazorik ez dutenak.

Joko bolada txar batean murgilduta zebilen Getafe Vila-reali 1-2 irabazi aurretik. Bost partida zeramatzaten irabazi gabe, eta lehen alarma doinuak entzuten hasi ziren. Realaren antzeko denboraldia egiten ari dira, gehiago espero zelako bi taldeetaz.

Deialdiak:

Reala: Bravo, Zubikarai; Estrada, Demidov, Ansotegi, Iñigo Martinez, Cadamuro, De la Bella; Elustondo, Aranburu, Markel, Illarramendi, Zurutuza, Griezmann, Xabi Prieto; Vela, Ifran eta Agirretxe

Getafe: Moya, Codina; Mane, Torres, Alexis, Rafa, Masilela, Valera; Lacen, Sarabia, Gavilan, Pedro Leon, Pedro Rios, Diego Castro, Michel, Casquero, Juan Rodriguez, Barrada; Miku eta Güiza.

No hay comentarios:

Related Posts Plugin for WordPress, Blogger...

TODAS LAS NOTICIAS
POR FECHAS