Hil ala bizi zetorren Zaragoza Anoetara,
baina 90. minutuetan ez zuen salbazioagatik borrokatzeko asmorik duen taldearen
itxura eman. Areago, azken sailkatuaren gabezia guztiak erakutsi zituen. Realak
oso garaipen erraza lortu zuen. Hiru gol sartu zituen, baina lasai asko sar
zintuzketen dozena erdi edo dozena bat. Jaitsiera postuak bederatzi puntura
utzi dituzte txuri-urdinek, eta Zaragozaren egin du dagoeneko. Bat gutxiago
lehiarako.
Defentsa osatzeko arazoekin etorri zen Zaragoza. Paredesek bosgarren
txartel horia ikusi zuen Vila-realen aurka, eta Lanzaro min hartuta zebilen.
Azkenean italiarra hamaikakoan jartzea erabaki zuen Manolo Jimenezek, Da
Silvarekin batera. Hegaletan Obradovicek eta Alvarezek jokatu zuten. Partida
hasi eta berehala argi geratu zen ez zela aragoarren arratsaldea, eta Agirretxe
eta Vela gol gosez zeudela. Mexikarra une gozoan dago, eta taldeko onena izan
da azken hilabetean. Laugarren minuturako haren pase bikain bat usurbildarrak
Robertoren eskura bidali zuen. Gertatzen da maiz, atzelariek jokalari onenak
ostiko bidez gelditu edo kikildu egiten dituztela. Seigarren minutuan Lanzarok
oso sarrera itsusia egin zion Velari, eta min hartu zuela zirudien. Baina ez
zuten mexikarra gelditu, eta ez zen kikildu.
Baloia hartu, eta bihurrikerietan hasi zen.
Hogei minutu iraun zituen Zaragozakoen indarrak. Zurutuzak baloia area
barruan lapurtu zuen, bere erdiraketa atezainak aldaratu zuen, eta Agirretxek,
bakar-bakarrik sareetara bidali zuen baloia. Bi minutu geroago, zaleak oraindik
gola ospatzen ari zirela, Velak, zeinek bestela, bigarren gola sartu zuen,
aldaratze kaskar bat baliatu ondoren. Bizi duen giro nahasiarekin, eta bere
burua bi gol atzetik ikusita, burumakur geratu ziren Zaragozako jokalariak, eta
ez ziren altxa. Zelai erdian presioa eta sortze lana egiten saiatu ziren, baina
eraso kamutsak eta defentsa petralak lan guztia baliogabetu zuen. Zonaz zona,
askoz gehiago izan zen etxeko taldea.
Gauzak horrela, gozatzeko zegoen partida. Defentsa aurreratua jarri zuen
Zaragozak, eta zulo pila bat aurkitu zituzten Velak, Agirretxek eta Prietok.
40. minutuan itxi zuen partida Agirretxek. Zaragozakoen aldartearen adierazle
garbia izan zen. De la Bellak —hasieratik jokatu zuen aspaldiko partez— baloi
bat borrokatu zuen erasoan, Edu Orioli kendu egin zion arte. Bere erdiraketari
begira geratu ziren atzelari guztiak, eta bigarren zutoinean bakar bakarrik
agertu zen Agirretxe gola erraz asko sartzeko. 3-0 eta akabo.
Bigarren zatia trebeziak agertzeko eta estatistikak puzteko zegoen.
Griezmannek, Markelek eta Llorentek minutuak izan zituzten, eta Illarramendik,
Xabi Prietok eta Agirretxek atseden hartu zuten. Azken 45 minutuek norabide
bakarra izan zuten, eta aurrelarien hutsegiteek soilik galarazi zuten garaipen
handiagoa. Llorentek azken minutuetan oso gertu izan zuen denboraldiko
lehenengo gola, baina ez zuen asmatu. Lehenengoan atezainak hankarekin gelditu
zuen jaurtiketa, eta, azkenekoak, bakarrik egon arren, ez zuen asmatu. Aurretik
Lanzarok bigarren txartel horia ikusi zuen, Amorebietak derbian egindako
antzeko jokaldi batean.
Zaragozaren aurkako garaipenarekin, laugarrena jarraian lortu du Realak
Anoetan. Bigarren itzuliko partida guztiak irabazi ditu, Sporting lehenik,
Sevilla ondoren eta Mallorca gero. Hurrengoa goitik behera datorren Levante
izango da. Laugarrenaren ostean, bosgarrena bilatu nahi dute lasaitasuna behin
betiko lortzeko. Jaitsiera postuak bederatzi puntura daude, eta Europak
gertuago jarraitzen du. Helburua argia da, salbazioa, baina Anoetak gotorleku
badirau, ikusi beharko da desirak mugarik duen.
Jokalari onenak:
3.- Vela: Taldeko onena. Azken pase ugari eman, atzealdean
zuloak aurkitu, eta bihurrikeriak egin. Gainera, gola sartu zuen, eta gehiago
sartzeko aukera izan zuen. Arsenalek utzita dago, baina behin baino gehiagotan
esan du hemen geratu nahi duela. Zelaian astebururo hitz egiten du. Orain
zuzendarien txanda da Vela txuri-urdinez hurrengo urtean ikusteko.
2.- Agirretxe: Bi gol sartu zituen eta gertu izan zuen
hat-tricka. Zortzi gol sartu ditu dagoeneko, eta etorkizunerako aurrelaria dela
berretsi du. Partida batzuk zeramatzan golik sartu gabe.
1.- Illarramendi: Bi partida egotzita egon ondoren itzuli zen
hamaikakora, eta jaun eta jabe izan zen. Aginte makila hartu zuen eta defentsa
lanak zein eraso lanak egin zituen. Ez du partida txarrik jokatzen, zaila dena
erraz eginda.

No hay comentarios:
Publicar un comentario