viernes, 27 de abril de 2012

AMAITU DADILA


Mugarria izango da. Bai Realarentzat, baita ere Racingentzat. Bihar Anoetan, 18:00etan bi taldeek jokatuko duten partida berezia izango da. Realak irabazten badu, behingoagatik arnasa hartu eta matematikoki salbatuko da. Racingek emaitza positiborik lortzen ez badu, agur esango dio Lehenengo Mailari. Donostiarrek Lehen Mailan jarraitzeak eta Santanderrekoak jaisteak denbora kontua dirudi, jardunaldi honetan ez bada hurrengoan gertatuko delako. Baina denek lasaitasuna nahi dute jada. Horregatik, pentsamendu berari helduta jokatuko dute: “Amaitu dadila denboraldia”.

Azken bi partidetan berdindu ondoren, garaipena nahi dute txuri-urdinek. Irabazita, salbazioa ziurtatuko lukete txuri-urdinek, eta salbazioarekin etorkizunera begira hasiko lirateke. Ez da denboraldi txarra izan, baina gehiago espero zen, bai jokalariei, baita ere entrenatzaileari. Berdinduta edo galduta ere Lehen Mailan jarraitu dezake Realak, baldin eta Sportingek eta Zaragozak Realaren emaitza bera edo okerragoa lortzen badute. Nolanahi ere, hondamendi bat gertatu beharko luke Reala jaisteko.

Racingen aurkako partidarako, Demidov deialditik at geratu da, Vila-realen aurka txartel horia ikusi eta gero txartelen zikloa bete behar duelako. Carlos Martinez ere kanpoan geratu da, entrenatzaileak hala erabakita. Mikel Gonzalez eta Cadamuro, berriz, deialdira itzuli dira. Gainontzean ez dago aldaketarik, eta ohi duen deialdia osatu du Montanierrek.

Behin salbazioa lortuta, litekeena da entrenatzaileak aldaketak egitea eta minutu gutxi izan duten jokalariei aukerak ematea. Nolanahi ere, ez dirudi aldaketa handirik egongo den Racingen aurka. Ansotegik hamaikakoan jarraituko du, oraingoan, ondoan Mikel Gonzalez duela. Hegaletan, Estradak eta De la Bellak aurre hartu diote bere taldekideei. Zelai erdian ere ez da aldaketarik espero. Elustondok partida txukuna egin zuen Vila-realen aurka. Balikete, halere, Illarramendi hasieratik zelairatzea, lesioak ahaztuta. Erasoan, beti bezala, Griezmann-Xabi Prieto-Vela hirukotearen artean batek aulkitik ikusi beharko du partida hasiera.

Realaren azken emaitzak hizpide izan dira aste honetan. Batzuek ontzat jo dute Realak bost partida galdu gabe egotea. Real Madrilen aurka 5-1 galdu ondoren, ez du gehiago galdu talde txuri-urdinak. Badira horrekin ados ez daudenak ere. Izan ere, bost partida galdu gabe, bai, baina garaipen bakarra erdietsi du Realak. Beste lau partidetan berdindu egin du. Zaila da Realari irabaztea, baina txuri-urdinei kosta egiten zaie aurkarien aurretik amaitzea.

Badira erraz osatzen ez diren zauriak, eta jaitsieraren denboraldian Anoetan Racingen aurka jokaturiko partida hura da horietako bat. Racingek ohore soilik zuen jokoan, ezer gehiago; Realarentzat, berriz, hil ala biziko partida zen, Saviok garaipena lortzeko aukera izan zuen azken minutuetan, penalty baten bidez. Baina, Calatayudek penaltya gelditu eta izugarrizko amorruarekin ospatu zuen. Min handia egin zuen horrek, eta ahaztezin bihurtu zuen momentu hura. Xabi Prietok ere ez du ahaztu. Horregatik, “mendekua” eskatu du. Orain, Realak jaitsiko du Racing., ez alderantziz.

Racing, hanka eta erdi Bigarren Mailan

Matematikek ez diote hala, baina Racing Bigarren Mailan dago. Balentria handi bat ez, mirari bat behar du hurrengo denboraldian Lehenengo Mailan jarraitzeko. Geratzen diren lau partidak irabazi, eta Vila-realek huts egitea beste aukerarik ez du. Gauzak hala, ez da harritzekoa Santander aldean itxaropen printzarik ez aurkitzea. Zaleak etsita daude, eta axolagabekeria gailendu da jarraitzaileen artean. Inork gutxik jarraituko du Anoetako partida. Indarra aspaldi galdu zuen Racingek.

Kirol arloari baino, arlo instituzionalari begira daude Santanderren. Epaitegietan lehia bizia bizi du Racingek. Nahasi daude urak, eta zaleak amorratuta daude Pernia presidentearekin eta Ali mandatariarekin. Epaileak hala erabakiz gero, Administrazio Kontseilu batek har dezake Racingen agintea, eta akzioen jabeak aztertu beharko lirateke. Egoera aldrebesa, zaila eta gogorra da.

Arlo instituzionala hain nahasi ikusita, ez da harritzekoa kirol arloko hondamendia ulertzea. Hiru entrenatzaile desberdin izan ditu Racingek. Cuper argentinarrak jardunaldi gutxi iraun zituen, ontziak hartzen zuen norabidea ikusita, alde egitea erabaki zuen. Gero hirukote batek hartu zuen agintea, baina hiruren artean ez zuten norabidea aldatu. Cervera izan da iritsi den azken kapitaina. Zulo handia zuen itsasontziak, baina Huelva utzi eta ontziarekin hondoratzea erabaki zuen. Orain dela bederatzi jardunaldi hartu zuen taldea, baina ez du garaipenik lortu. Bederatzi partidetan bi berdinketa lortu ditu soilik. Zazpi partida galdu ditu.

Azken urteetan talde gogorraren sinonimo izan da Racing. Iparraldeko taldea, distira gabea, baina hari irabazteko izerdi asko bota beharrekoa. Aurten baina, defentsa pattalak kondenatu du; horrek, eta erasoan bolborarik ez izateak. Denboraldi hasieratik nabaritu zen Racingek aurten komeriak izango zituela. Kosta egin zitzaion aurre-denboraldian taldea osatzea. Azken distirak aspaldi egin zituzten beterano asko ditu —Munitis eta Colsa esaterako—, eta taldeko izarrak utzitako jokalariak dira —Acosta eta Stuani batik bat—. Gainontzeko jokalari gehienak harrobiko jokalariak dira, eta ez dute eman beharreko jokoa eman. Goizegi igo dira asko. Baina errua ez dute harrobiko jokalariek, taldearen zama bizkar gainean hartu behar zuten hainbat jokalari desagertuta egon dira. Toñok, Kennedyk, Tzolisek, Diopek eta enparauek ez dute ezer ere egin, eta ez litzateke deigarria izango denboraldia amaitu bezain pronto hanka egitea.

Min hartzeekin buruhausteak izan ditu Cerverak Anoetarako deialdia prestatzerakoan: Babacar, Arana, Picon eta Sotres Santanderren geratu dira, lesionaturik. Toño, ordea, deialdira itzuli da aspaldiko partez. Stuani ere deitu du entrenatzaileak, azken minutura arte zalantzan egon zen arren. Arrisku nagusia Stuanik berak eta Acostak sor dezakete, erasoan abilak direlako. Diopekin ere erne ibili beharko lukete zelai erdiko jokalariek. Bestelakoan, Velak, Griezmannek eta Prietok min handia egin dezakete hegaletatik, Racingen atzelariak nahiko motelak direlako. Agirretxek, berriz, zailtasun gehiago izango ditu.

Deialdiak:

Reala: Bravo, Zubikarai; Estrada, Ansotegi, Mikel Gonzalez, Cadamuro, De la Bella; Xabi Prieto, Elustondo, Pardo, Illarramendi, Aranburu, Zurutuza, Griezmann; Llorente, Agirretxe, Ifran eta Vela

Racing: Toño, Mario; Francis, Alvaro Gonzalez, Torrejon, Bernardo, Cisma; Colsa, Diop, Edu Bedia, Marcos Gullon, Quique Rivero, Adrian, Munitis; Julian Luque, Jairo, Acosta eta Stuani

No hay comentarios:

Related Posts Plugin for WordPress, Blogger...

TODAS LAS NOTICIAS
POR FECHAS