domingo, 1 de abril de 2012

TXIMISTAREN AURRETIK ETORRI DA TRUMOIA


Trumoi hotsen eta ekaitzaren iragarle izan ohi da tximista. Zerua koloreztatzen denean bat prest dago burrunba bat entzuteko. Bada, oraingoan, trumoi hotsak eta ekaitza Rayo-aren aurretik etorri dira. Oihartzun ozena izan du Realeko hainbat jokalarik Real Madrilen aurka jokatu ondoren diskoteka batean emandako ikuskizuna. Zelaiko tristura  algara bihurtu zuten Gabana izeneko dantzalekuan. Horrek, noski, zaleen haserrea eragin du, eta aste zaila bihurtu da.  Hainbeste  harrotu dira hautsak, non Philippe Montanier entrenatzaileak eta  Mikel Aranburu kapitainak prentsaurrekoa eman behar izan  duten urak baretzeko. Futbolaz gutxi hitz egin da, beraz, asteon, baina komeni da aurkaria  begiratzea, eta igandeko partida oso zaila eta garrantzitsua dela konturatzea. Realak Rayo hartuko du Anoetan (21:30; C+L2), eta galduz gero komeriak etor daitezke.

Hiru porrot jarraian daramatzate  txuri-urdinek, eta laugarrena galtzea kezkagarria litzateke. Rayok ez ditu gauzak erraz jarriko gainera. Anoeta gotorleku bihurtu du Realak bigarren itzulian hiru partida jarraian irabazita, baina Levantek astean zehar zelaia setiatu eta behera bota zuen. Sugarretan dago Anoeta, zaleak bero daudelako, eta jokalariak harrera lehor baten beldur direlako, eta sugarretatik sua atera nahi du  Rayok, horretarako gai direlako.

Berri onak ere badira, eta Montanierrek ia jokalari guztiak izango ditu jokatzeko moduan. Hilabetez min hartuta ibili ondoren, Carlos Martinez guztiz osatu da, eta txartel horia eta gorria ikusi zuten Estrada eta Elustondo ere itzuli dira. Lodosakoa hala ere deialditik kanpo geratu da erritmoa hartu arte. Mikel Gonzalez ere deialditik kanpo dago, min hartuta bi astez. Jokalari gehienak osatuta, norbaitek geratu behar zuen kanpoan, eta eta Ifrani tokatu zaio gaitza. Egoera  zaila bizi du uruguaiarrak, baina egia da ere harritzekoa zela entrenatzaileak azkenaldian lau aurrelari deitzeko zuen ohitura. Beti bakarrak jokatuta, hiru aurrelari aulkian ikustea nahiko arraroa izaten zen.

Mikel Gonzalezen lesioak hamaikakoan aldaketak egitera behartuko du Montanier. Atzean lauko lerrora itzuliko da frantziarra, eta arrasatearraren lekua Demidovek hartuko du  Iñigo Martinezen ondoan. Estrada eskuin hegalean egongo da, eta De la Bella edo Cadamurok jokatuko dute ezkerrean. Ziurrenik, bigarrenak, Real Madrilen aurrean itxura kaskarra eman zuen arren. Vela hamaikakora itzultzea  espero da, bera baita sasoi onenean dabilen txuri-urdina. Anoetan denez, Agirretxe izango da taldeko aurrelaria, eta Xabi Prietok edo Griezmannek jokatuko dute hasieratik. Donostiarra sasoi onean dabil, Liga nahiko gaizki hasi ondoren, eta Maçonekoa ez dabil bere  onenean egia esan. Zelai erdian aukera ugari ditu Montanierrek, eta hipotesi ugari daude. Elustondo euskarrira itzuli daiteke Illarramendirekin,  Zurutuza  ia punta erdi lanetan lagata. Pardo gaztea beste behin sartu du deialdian, eta zaleek errioxarrarentzako minutuak eskatzen jarraituko dute.

Aste osoan partida honi buruz gutxiegi hitz egin den arren, izugarrizko garrantzia du. Jaitsiera postuak urruti samar daude, zortzi puntura, baina hor murgilduta dauden taldeak esnatzen hasi dira, Zaragoza kasu, eta komeni da 43 puntuko langara lehenbailehen iristea. Jardunaldi  honetan elkar jokatu dute Sportingek eta Zaragozak eta Granadak eta  Racingek. Horrek bi gauza esan nahi ditu, basoa erdi hutsik ikusiz gero, bi talde gerturatuko direla, erdi beteta ikusiz gero, berriz, bi talde esku hutsik geratu direla. Liga bere amaierara iristen ari da, eta dibertigarria ez den arren, hobe azken partidak lasaitasunez bizitzea Europara ailegatzerik gabe, baina jaitsiera postuetatik urrun. Jarraian galdutako hiru partidek mina egin dute, baina suspertzeko denbora dago oraindik. Horretarako Rayo gelditu eta ekaitzaren ondorengo barealdia bilatu behar da.

Rayo, bi txuri-urdin ohiekin

Zale txuri-urdinek ederki ezagutzen dituzten bi jokalari ditu Rayok: Mikel Labaka eta Raul Tamudo. Haurra zenetik ibili da Labaka Realean, baina aukerarik izango ez zuenez, Montanierrek joatea aholkatu zion. Tamudori, berriz, ez zioten kontratua luzatu iaz, eta Rayon minutuak izan eta golak sartzen ari da. Urteak betetzen jarraitu arren, kataluniarrak ez du berezkoa duen gol sena  galdu. Kontuz ibili  beharko dute atzelariek. Ziur berezia izango dela partida bientzat. Labakak ez du gehiegi jokatu, baina azkenaldian minutu gehiago izaten ari da.

Baina Rayo ez da Labaka eta  Tamudo bakarrik. Rayo, talde umila, langilea eta borrokalaria urteko ezusteko handienetakoa da. Isil isilik eta Bigarren mailatik igo berri, gauza handiak lortzen ari da. Zaleen eta berripaperen ikusmira lortu dute. Joko polita, oldarkorra eta  erasokoa egiten dute. Sandoval entrenatzaileak laudorio ugari jaso ditu. Guztien gainetik jokalari bat nabarmendu da: Michu. Celtatik fitxatua, estreinekoz ari da Lehen  Mailan, eta bizi erdia han daramala dirudi. Jokalari teknikoa, altua eta bizia. Punta erdian ederki mugitzen da eta gol ugari sartu ditu. Batek baino gehiagok Espainiako selekzioan aukera beharko lukeela esan dute. Beraz, gertutik jarraitu beharko diote. Arribas atzelariak, Lass hegaleko jokalariak, Movila beteranoak eta Trashorrasek ere oso ondo jokatzen ari dira.

Neguko merkatuan ondo mugitu da gainera Rayo. Arazo ekonomiko franko ditu Vallecaseko taldeak, eta gainera jokalari batek baino gehiagok min hartu zuen neguan. Horregatik, fitxaketak egin zituzten; Joel atezaina eta Diego Costa, biak Atletico Madrilek utzita, eta, hara, atezaina ondo dabil, eta aurrelaria golak eta golak sartzen.

Rayo Ligako laugarren talde onena da etxetik kanpo, Bartzelona, Real Madril eta Valentziaren atzetik. Bada zerbait. Talde arriskutsua izango da zinez. Dena dela, luze egiten ari zaio denboraldia Rayori, eta Realaren antzeko egoera batean dago; hori bai, lau puntu gehiagorekin. Europarekin amets egitera iritsi zen Madrilgo taldea, baina urrunegi dute orain. Halere, Anoetatik hiru puntuekin itzultzen saiatuko dira.

Deialdiak:

Reala: Bravo, Zubikarai; Estrada, Ansotegi,  Demidov, Iñigo Martinez, Cadamuro, De la Bella; Prieto, Illarramendi, Elustondo,  Aranburu, Pardo, Zurutuza, Griezmann; Vela, Agirretxe eta  Llorente

Rayo: Cobeño, Joel; Tito,  Javi  Fuego, Arribas, Casado, Labaka; Armenteros,  Movila, Diamanka, Trashorras, Michu, Sueliton, Lass; Diego Costa,  Piti, Pacheco eta Tamudo

No hay comentarios:

Related Posts Plugin for WordPress, Blogger...

TODAS LAS NOTICIAS
POR FECHAS