Gogo eta behar gehien zituen taldeak irabazi
zuen atzoko derbia. Osasunak Europako Ligara sailkatzeko aukerari heldu nahi
zion, Realak, berriz, ez zuen ezer jokoan. Partida behar horren isla izan zen
lehen minututik. Nafarrak garaipenaren bila atera ziren eta, gipuzkoarrak,
begira geratu ziren, epaileak amaiera noiz adieraziko zain.
Grinarik gabe jokatuta, lehiakortasun oro galdu zuen Realak. Philippe
Montanierrek denboraldian minutu gutxien jokatu duten jokalariak saritu zituen.
Hala, Ansotegik, Demidovek eta Ifranek hasieratik jokatu zuten. Ez zuten bere
aukera baliatu. Bi atzelariek titular izateko mailarik ez daukatela erakutsi
zuten, errusiar jatorriko norvegiarrak batez ere. Hasierako hamaikakoan egon
nahi badu, ezin dira hainbeste erraztasun eman aurkariari. Ifranek ere ez zuen
bere aukera baliatu, baina, egiari zor, ez zuen aukera handiegirik izan.
Lehen minututik oinez ibili zen taldea, batez ere zelai erdian. Elustondok,
Zurutuzak eta Aranburuk oporretan ziruditen, pasieran Osasunako jokalarien
artean. Nafarrak jaun eta jabe ziren zelaierdian, eta Realeko jokalariak uneoro
baloiaren atzetik zeuden. Gorritxoek segituan jaso zuten oparia. Jokaldi
aldrebes batean huts egin zuten atzelariek, Bravo ere ez zen fin aritu, eta Ibrahimak
oparia probestu zuen. 13. minutuan aurretik zen Osasuna.
Etxeko taldeak ez zuen gehiago behar. Markagailuan aurretik, nahi zuen
tokian zuen partida, eta gogokoen duen joko mota erabili zuen. Joanekoan,
Anoetan, Reala nagusi izan bazen, eta partida irekia planteatu bazuen; erabat
desberdina izan zen Sadarrekoa. Gerrilla partida prestatu zuten, jokaldiz
jokaldi, zonaz zona jokatzen den horietakoa. Hala, jokaldi guztietan nagusi
ziren etxekoak, gogo gehiago jartzen zutelako. Realaren gabeziak inoiz baino
garbiago geratu ziren, eta erasoan hainbat jokalarik duten kalitateak soilik
erakutsi zuen noizbehinka lehiatu egiten zutela. Vela, Prieto eta Ifran gris
ibili ziren, baina baloia oinetan zutenean, zerbait berezia dutela erakutsi
zuen.
Realak pare bat aukera izan zituen soilik lehenengo zatian, eta ez ziren
oso garbiak izan. Osasunak markagailuari eutsi zion, eta kontraerasoan atera
zen. Cejudoren, Ninoren eta Ibrahimaren abiadurak De la Bellaren eta Estradaren
gabeziak erakutsi zituen; eta Raul Garciak irrigarri utzi zituen euskarri
denak.
Aldageletako itzulera ez bueltatzea bezalakoa izan zen. Hamaika jokalari
zelairatu ziren, beren gorputzak hor zeuden, baina bere burua Sadarretik urrun
zegoen jada. Gol bakarrarekin berdinketa lor zitekeen, baina txuri-urdinak ez
ziren saiatu. Bravo izan zen Realeko jokalari onena, eta txiletarrarengatik ez
balitz, bi edo hiru gol gehiago jasoko lukete txuri-urdinek. Montanierrek
aulkia mugitu zuen, eta Agirretxe, Llorente eta Griezmann sartu zituen
Elustondo, Ifran eta Estradaren partez. Dinamita guztia zelaian zegoen, baina
ez zuen inork eraikitzen jokoa. Velak eta Ansotegik aukera garbi bana izan
zuten. Mexikarrak 72. minutuan gertu izan zuen gola, baina Andres Fernandezek
jaurtiketa gelditu zuen. Atzelari bizkaitarrak gora errematatu zuen korner bat
amaieratik gertu.
Atzoko porrotarekin etxetik kanpo irabazi gabe amaitu du bigarren itzulia
Realak. Bi urte jarraian daramatza etxetik kanpo bigarren itzulian irabazi
gabe. Azken hamar partidetan hamar puntu lortu ditu taldeak eta 44 punturekin
dago. Denboraldiko azken partida larunbatean jokatuko da, 20:00etan. Realak eta
Valentziak ez dute ezer jokoan. Mikel Aranbururen agurra izango da. Realak hiru
puntuko oparia eman beharko lioke Azpeitiko kapitain handiari.
Partidako onenak:
3.- Claudio Bravo: Seinale txarra atezaina taldeko hoberena izatea.
Eta, tamalez, ez da denboraldiko lehen aldia izan. Jasotako golean ez zen
guztiz fin ibili, baina, beragatik ez balitz, gutxienez beste bi gol jasoko
zituen Realak bigarren zatian.
2.- Carlos Vela: Ez zuen bere partida onena jokatu Sadarrerako
itzuleran, baina baloia oinetan zuenean arrisku jokaldiak egiten saiatu zen.
Zaila izango da, baina Realak fitxatu egin beharko luke.
1.- Xabi Prieto: Velaren kasuan bezala, ez zen bere partida onena
izan. Saiatu zen, baina ez zuen lortu. Halere, baloia zuenean, Osasunakoek ez
zuten ondo pasa.
No hay comentarios:
Publicar un comentario