domingo, 16 de septiembre de 2012

Reala - Zaragoza
BAIKORTASUNA BERRESKURATZEKO


Etxetik kanpo jokatutako bi partidak galdu ondoren, badago nolabaiteko urduritasuna zale txuri-urdinen artean. Udan ikusitakoarekin itxaropentsu zeuden zaleak, eta aurtengoa denboraldi ona izango zen ustea oso hedatua zegoen. Celtaren aurka etxean jokatutako partidak —lehen zatiak batez ere, baina baita ere galiziarren gola irauli izana— berretsi egin zuen itxaropen hori, baina Bartzelonaren eta Mallorcaren aurkako partidak lehen bi zaplastekoak izan dira; ezker-eskuin. Horregatik da garrantzitsua Zaragozaren aurkako partida (19:50; GolT, C+L), puntu premia baino gehiago, denboraldi hasierako baikortasun hori berreskuratu behar delako. Xede hori betetzeko, Aragoikoak aurkari egokia izan daitezke, baina ez da partida erraza izango.

Selekzioen partidak direla eta, taldea bi aste izan ditu partida prestatzeko. Hasieran, atsedena ondo etorriko zela zirudien, min hartutako jokalariek senda-agiria jasotzeko balioko zuela. Baina ez da hala izan, alderantziz. Elustondoren eta Chory Castroren lesioak uste baino gehiago luzatu dira, eta oraindik ez dago argi noiz itzuliko diren zelaira. Hori gutxi balitz, Osasunaren aurka Iruñean jokatutako lagunartekoak (1-1),
izena soilik izan zuen lagun artekotik. Bost jokalarik hartu zuten min, eta horietako bi —Pardo eta Prieto— ez dira garaiz osatu eta deialditik kanpo geratu dira. Zailtasunak pilatzen joan dira, eta Cadamuro min hartuta itzuli da Algeriako selekzioarekin jokatutako partidatik. Dena den, okerragoa izan litekeen, Markel gastreontiritisak jota egon baita, baina azkenean deialdian sartu da. Berri guztiak ez dira txarrak, eta Iñigo
Martinez eta Zurutuza guztiz osatu dira azkenean. Atzelariak Espainiako 21 urtez azpiko selekzioarekin minutuak izan ditu, eta jokatzeko moduan dago; ikusteke dago, dena den, hasieratik jokatuko duen edo Ansotegik jarraituko duen. Zurutuza udan izandako anemia ahaztear dago. Osasunaren aurka izan zituen lehen minutuak, eta lesioak tarteko, ziurrenik hasieratik jokatuko du Zaragozaren aurka.

Hala, ezusteko nagusia deialdian egongo da. Min hartzeak direla eta harrobiko bi jokalari deitu ditu Montanierrek: Fuchs eta Nanizayamo. Harrigarria izan da bi jokalari hauek deitzea. Biek frantziar jatorria edukitzea zaleen artean mesfidantza sortu du zaleengan; batez ere aurrelariaren kasuan. Nanizayamok hiru urte daramatza Realeko bigarren taldean, eta aurrelari gisa jokatu arren, 1,90 baino gehiago luze izan arren,
ez du golik sartu, eta nahiko jokalari kaskarra dela erakutsi du. Horregatik, zilegi da pentsatzea Montanierrek bazuela beste jokalariren bat deitu. Fuchs, berriz, erdilaria da, eta Pardoren lekua hartuko du. Aurten iritsi da harrobira Girondis Burdeos taldetik, eta pare bat partida on jokatu ei ditu. Halere, harrobiko taldeko partidak ikusten dituzten zaleek beste jokalariren bat deitzea posible zela iradoki dute. Hala eta guztiz ere, bada beste aukera bat. Litekeena izan arren, baliteke Fuchek eta Nanizayamok minuturik ez
jokatzea. Hori hala balitz, harrobiko taldeari ahalik eta kalterik txikiena egiteko asmoa izango luke Montanierrek. Dena den, lehentasuna lehen taldeak edo bigarrengoak duen pentsa beharko litzateke. Bitartean, Carlos Martinez ez da deialdian sartu.

Guzti hori kontuan hartuta, hamaikakoa egiteko aukera gutxi ditu Montanierrek. Litekeena da atzeko lauko lerroa bere horretan mantentzea. Asko jota, Iñigo Martinezek Ansotegi ordezkatuta. De la Bella nahiko ondo dabilenez, hamaikakoan jarraituko duela dirudi. Zelai erdian, Markelek ‘4’ gisa jokatuko du, eta Zurutuza eta Illarramendi izango ditu aurretik. Illarramendik Espainiako 21 urtez azpiko selekzioarekin izandako errendimendu onaren ostean, zaleek atzerago joka dezan eskatu dute, baina deialdian zelai erdiko jokalarien gabezia dagoenez, ez dirudi hala gertatuko denik. Bestela, Rosek lehen aldiz jokatuko du hasieratik. Erasoan, berriz, Nanizayamo eta Ifran aulkian egongo direla aurreikusita, Velak eskuinetik jokatuko du, Griezmannek ezkerretik eta Agirretxek erdian. Usurbilgoak badaki zer den Zaragozari gola sartzea, iaz bi gol sartu zituen Anoetan, eta Realak erraz irabazi zuen partida hura.

Erraztasun horiek, baina, ez dira espero bihar. Montanierrek berak, Zurutuzak eta beste hainbat jokalarik argi utzi dute partida lehiatua izango dela. Mallorcaren aurka galdu ondoren, irabazteko “presiorik ez” dagoela adierazi dute, baina badutela “gogoa” emaitza ona lortu eta joko ona egiteko. Etxetik kanpo ez bezala, Anoetan emaitza onak lortu ohi ditu Realak, eta hala jarraitzea espero da.

Zaragoza berri bat

Berritasun handiekin etorriko da Zaragoza. Urtero legez, fitxaketa mordoa egin ditu, eta jokalari askok utzi dute taldea. Aurten, 14 jokalari fitxatu ditu Aragoiko taldeak, asko merkatuaren azken egunetan. Hala Sapunaru eskuin atzelaria Oportotik etorri da. Eskuinean eta erdian joka dezake errumaniarrak, eskarmentu handiko mutila da. Eskarmentua Movillaren bigarren abizena behar luke. 2004tik 2007ra Zaragozan jokatu
ondoren, euskarria taldera itzuli da ia 40 urterekin; iaz Rayon 37 partida jokatu zituen, eta zaharra izan arren jokatzeko moduan dagoela argi utzi zuen. Gainontzeko fitxaketen artean Romaric eta Apoño erdilariak nabarmendu behar dira.

Jimenezen taldea sufrituta salbatu zen iaz, eta aurten iazko norabidea izango duela dirudi. Zaragozak oso gaizki hasi ditu denboraldiak azkeneko urteetan. Oraingoz 3 puntu dituzte, Realak bezala garaipen bakarra eta bi porrot pilatu baitute. Malagaren eta Valladoliden aurka galdu dute, etxean jokatutako bi partidetan, eta Espanyoli etxetik kanpo irabazi zioten. Kontuz, beraz, ezustea emateko prest daude eta.

Lesioekin ere arazo ugari ditu Jimenezek, horregatik 19 jokalariko deialdia egin du. Eskarmentu askoko beteranoak, Bigarren Mailan itxura ona eman zuten jokalariak eta ikasten jarraitu nahi duten gazteak tartekatu ditu Jimenezek. Realak kalitate gehiago dauka, baina lana da Zaragozaren hitz magikoa. Talde gogorra eta sendoa da, eta ez ditu gauzak erraz jarriko. Relarekin badu antzekotasun bat, joko geldituan asko sufritzen duen taldea baita. Faltetan baina batez ere kornerretan probestu behar den gabezia.

Deialdia:

Reala: Bravo, Zubikarai; Estrada, Mikel Gonzalez, Ansotegi, Iñigo Martinez, De la Bella, Jose Angel; Markel, Ros, Illarra, Zurutuza, Fuchs; Vela, Agirretxe, Ifran, Nanizayamo eta Griezmann

Zaragoza: Roberto, Leo Franco; Movilla, Paredes, Alvaro, Goni, Aranda, Edu Oriol, Helder Postiga, Apoño, Montañes, Romaric, Jose Mari, Stefan, Sapunaru, Zuculini, Abraham, Javi Alamo eta Victor Rodriguez.



No hay comentarios:

Related Posts Plugin for WordPress, Blogger...

TODAS LAS NOTICIAS
POR FECHAS