lunes, 19 de noviembre de 2012

AURRERA EGITEKO AUKERA


Etxetik kanpo hamar hilabete geroago irabazi ondoren, aurrerapauso handia egiteko egoeran dago Reala. Bihar, astelehena, Rayo Vallecano hartuko du Anoetan (21:30, MarcaTV), 12. jardunaldia ixten duen partidan. Ostiralean, Osasuna etorriko da Anoetara, puntu premia larrian eta jaitsiera postuetan. Bi partida horiek jarraian etxean jokatuta, sei puntu lortzeko duen abagunea baliatu behar dute txuri-urdinek. Jaitsiera postuen hurbiltasunak eragiten duen estutasuna aldendu, eta Europako Ligako postuetara begira jarri daitezke donostiarrak 19 puntu eskuratuta.

Aste lasaia igaro dute Zubietan. Irribarrea itzuli da, eta ez da iragan asteko muturrik egon. Hiru partida jarraian irabazteko helburua ezarri du taldeak, eta horretarako Madrileko taldeari irabazi behar zaio lehendabizi. Zelaiko berri onak ez ezik, artategitik ere berri onak iritsi dira. Bravo, Griezmann, Markel eta Zurutuza osatu dira eta Rayoren aurka jokatzeko moduan daude. Lehenengo hirurak hasieratik joka dezakete, baina ez dirudi Zurutuza garaiz iritsiko denik. Dena den, minutuak izan ditzake. Vela ere min hartuta ibili da aste osoan zehar, baina deialdian sartu du entrenatzaileak azkenean. Gauzak hala, Jose Angel eta Ros geratu dira deialditik kanpo.

Jokalari gehienak jokatzeko moduan egonik, Montanierrek buruhausteak edukiko ditu hamaikakoa egiteko garaian. Malagan, azkenik, zale gehienek nahi zuten taldea atera zuen, Illarramendi eta Pardo zelai erdian euskarri gisa jarriz. Arriskatu egin zuen entrenatzaileak eta jokalariek bikain erantzun zuten. Ifranek ere hasieratik jokatu zuen aspaldiko partez Ligan, eta partida ona egin zuen. Ikusteke dago, baina, jokalari horiek zelaian jarraituko duten. Montanierrek esan duenez, “baliteke” hori gertatzea, baina astelehenera arte ez dago ezer argi. Markel osatuta, Pardo ordezkoen aulkira itzuliko da ziurrenik eta bigarren zatira arte itxaron beharko du. Vela azken unera arte min hartuta egon dela jakinik, eta Griezmannek azken partidetan punta erdi lanetan ondo erantzun zuenez, hasieratik joka dezake frantziar gazteak.Gauzak horrela, Prieto eskuin hegalera itzuliko litzateke eta Chory ezkerrean mantendu daiteke. Ziurtzat eman daitekeen bakarra Bravo atepean ikustea da. Behin osatuta, eta Zubikaraik ondo jokatu duen arren, ez dirudi Montanierrek zalantzarik izango duen atezaina aukeratzeko unean.

Aurreko jokalarien abiadura partidako gako nagusia izan daiteke. Iazko oroitzapenak ezin hobeak dira, gainera. 4-0 irabazi zuten partida hura donostiarrek. Rayok defentsa aurreratuarekin jokatzen du normalean, baina bere atzelariak ez dira bereziki azkarrak. Horregatik, izan daiteke Ifran Agirretxe baino aproposagoa astelehenekorako. Gutxitan jokatu du uruguaiarrak hasieratik Anoetan. Txuri-urdinek bi partida jarraian galdu dituzte etxean, eta bolada irauli gogoz egongo dira. Malagaren aurkako grina berbera erakutsiz gero, asko sufrituko du Madrilgo taldeak. Montanierrek ideia hori nabarmendu du prentsaurrekoetan, bolada onari ekiteko “jarrera bera” eta “irmotasuna” eskatu ditu.

Realak baino hiru puntu gehiago ditu Rayok. Etxetik kanpo bi partida irabazi ditu, horietako bat Rosaledan, Realak baino jardunaldi bat lehenago. Vallecasetik urrun jokatu dituen bost partidetan hamar gol sartu ditu, bi partidako. Baina, hamabost jaso ditu, hiru partidako. Talde ausarta eta oldarkorra da Paco Jemezena. Kolpeak ematera ateratzen da, kolpeak jasotzeko beldurrik gabe. Leo Baptistao 19 urteko gaztetxoa Ligako ezuste handiena izan da. Lotsagabea, azkarra, gola begiz jota du, dagoeneko bost gol sartu ditu bere estreinako urtean. Piti edukitzen du bere ondoan. Kataluniarra oso maila onean dago, golak sartu eta goleko pase sorta bikainak ematen. Jokalari arriskutsuak eta abiadura bizikoak dira. Beraiez gain, Jose Carlos eta Lassek ere hegaletatik min egin dezakete. Realak ondo ezagutzen duen aurrelari bat, Andrija Delibasic, aulkian egongo da, bigarren zatian sartzeko asmoz. Leo Baptistaoren ezaugarri nagusietako bat abiadura den bitartean, Delibasic lege zaharreko aurrelaria da, handia, mugimendu urrikoa, baina buruz abila.

Aurrelariek duten abiadura hori atzeko laukotean falta da. Tito eta Casado hegaleko atzelari onak dira, erasoan jokatzea gogoko duten horietakoak, Titok bereziki. Realak hegaletatik min egin dezake. Baina min egiteko beste modua erdiko bi atzelarien bizkarra bilatzean datza. Realean urte mordoa emandako Labaka eta Amatek jokatuko dute. Atzeko lerroa aurrera botata arriskatzen du Jemezen taldeak, baloia ostu eta kontraerasoan jokatzeko prest. Pardok eta Illarramendik zelai erditik eman ditzaketen pase luzeak eta Realeko aurrelarien azkartasunak min handia egin dezake. Hortik jotzen asmatuz gero, aukera ugari izango ditu Realak. Etxeko azken partidetan kamuts ibili dira aurrelariak, baina Malagaren aurkakoan golak berriro sartzen dakitela erakutsi dute.

Malagaren aurkako garaipenaren ondoren, guztiek begiz jota dituzte Realak etxean jarraian jokatuko dituen hiru partidak. Liga oso parekatua dago, Europa Liga eta jaitsiera postuen arteko tartea txikia da, eta bi partida irabazita edo bi partida galduta gora edo behera egin daiteke. Bolada on bati ekiteko aukera ona da etxean Ligako bi partida jokatzea. Kopan Cordobaren aurkako kanporaketa iraultzea ere ezuste ederra izan daiteke. Iaz ere Montanierri kosta egin zitzaion ondo hastea, eta etxetik kanpo irabazi ondoren hasi zen hobeto jokatzen. Azaroa eta abendua hilabete garrantzitsuak izango dira.


Deialdiak:

Reala: Bravo, Zubikarai; Carlos Martinez, Estrada, Iñigo Martinez, Mikel Gonzalez, Ansotegi, De la Bella; Markel, Illarramendi, Pardo, Zurutuza; Griezmann; Chory Castro, Prieto, Vela, Ifran eta Agirretxe.

Rayo: Cobeño, Labaka, Galvez, Tito, Casado, Franco Vazquez, Amat; Trashorras, Javi Fuego, Piti, Adrian, Lass, Jose Carlos, Ruben, Arana; Delibasic, Chori Dominguez eta Leo, 


No hay comentarios:

Related Posts Plugin for WordPress, Blogger...

TODAS LAS NOTICIAS
POR FECHAS