martes, 27 de noviembre de 2012

KANPORATUTA GERATZEA EZ DA AUKERA BAT

Osasunaren aurka berdindu ondoren, galdera bera dago realzale gehienen ahoan: Kopa bai? Edo, ez? Badira hura lehiatzean alde agertzen direnak, baina baita ere Espainiako Kopa denbora galtze hutsa dela irizten diotenak. Bi korronte kontrajarri dira, eta biek dituzte pisuzko argudioak beren ideiak defendatzeko. Txuri-urdinek, dena den, irabazi ala galdu, lehenengo bidea hartuko dute. Kopan lehiatzea, alegia. Partida girotzeko kanpaina hasi dute, iragarki bat prestatuta eta #aurreraKopan traola erabilita. Horrez gain, Philippe Montanier argi mintzatu da partida atariko prentsaurrekoan. Kopatik at geratzea “porrota” litzateke; sailkatzea, “balentria”.

Balentria hori lortzeko Ligako azken partida jokatu zuten jokalari berberak deitu ditu entrenatzaileak. Aldaketa bakarra egongo da: De la Bellak atseden hartuko du eta Ros sartu da deialdian. Hamaikakoan, berriz, aldaketak espero dira. Noski, Jose Angelek hartuko du Kataluniarraren lekua, eta Anoetan lehenengoz jokatuko du ezker hegaleko atzelari gisa. Pardo zelai erdira itzuliko da, eta baliteke Ros edo Zurutuza —edo biak— izatea ondoan, Illarramendik min hartuta amaitu baitzuen Osasunaren aurkako partida. Agirretxe Ifranen ordez, Chory ezker hegalean, Ansotegi atzean eta Zubikarai atean izan daitezke gainontzeko aldaketak.

Minutu gutxien jokatu dutenek errebindikatzeko aukera izango dute ziurrenik. Dena den, talde lehiakorra zelairatuko du Montanierrek. Aurreko urteetan ez bezala, ez dago desberdintasun handirik aulkian geratzen direnen eta hasieratik jokatzen dutenen artean. Ez dago alde handirik, eta kalitate handiko jokalariak geratu ohi dira ordezkoen aulkian. Baina jokalariek huts egin dezakete. Hala egin zuten joaneko partidan. Kordoba, Bigarren Mailako taldea, jaun eta jabe izan zen, eta Realak denboraldiko osoko partidarik grisena jokatu zuen.

Aitzakia, baina, ez dago hamaikakoan. Hamaikako zerrenda begiratuta, taldeko jokalari onenetakoek jokatu zuten, baina lotsagarri aritu ziren. Horregatik dago hain aldapa gora Kopa. Zaila izango da kanporaketari buelta ematea, baina txuri-urdinek ez dute amore emateko asmorik. Anoetako partida erabat desberdina izango da. Realak eroso jokatzen du etxean, eta neurria hartu dio zelaiari. Gauzak ondo ateratzen badira, hiru goletik gora sartuko lituzkete txuri-urdinek. Sailkatzeko behar duena. Bolbora du taldeak erasoan, eta bolbora hori eraginkor agertu behar da, Saizar atezaina behin eta berriz tirokatuz.

Erasoan itsutzearen arriskua defendatzeko garaian etorriko da. Kordobak gol bat sartzen badu, akabo. Lau sartu beharko ditu Realak. Zaila. Horregatik, erasoan buru-belarri aritzea garrantzitsua den bezala, defentsa lanak ez ahaztea komeni da. Halako partidetan detaile guztiak zaindu behar dira, eta, badaezpada ere, txuri-urdinek penalti jaurtiketak entrenatu dituzte.

Erronka zaila du aurretik Realak, baina dakien bezala jokatuz gero, lor dezake balentria. Amidelgiaren ertzean dagoen bakoitzean burua altxatzen dakiela erakutsi du. Amildegi hori aurrez aurre du oraingoan. Kordoba ahal duen moduan defendatzera etorriko da. Bi goleko errenta eduki arren, mesfidantzaz eta beldurrez daude. Ez dira fio. Etxean talde sendoa izan arren, etxetik kanpo ahulak dira, eta Anoeta bezalako zelai zabal batean sufritu dezakete. Aurreko jardunaldian argi utzi dute hori. Las Palmasen aurka 3-0 galdu dute. Markagailu horrek sailkapena emango lioke Realari. Beraz, badaude baikor izateko arrazoiak. Dena den, edozein jokalditan gola sartzeko kapazak dira andaluziarrak. Joaneko partidan agerian geratu zen Fede Vico eta enparauen mailan.

Historia aurrez aurre du Realak. Kopan behin baino gehiagotan egin du erredikulua; horietan mingarriena iaz. Nolabaiteko madarikazioa dago, zorte txarra askotan, baina nagikeria eta axolagabekeria gehiagotan. Taldeak hordagoa bota du, Kopa lehiatzeko prest daude. Bidea zaila izango da, Kordobakoa lehen mailako mendate bihurtu da, eta ondoren kategoria espezialekoa dator: Bartzelona; Angliru, Tourmalet eta Mortirollo batera igotzea bezala. Dirua poltsikora eta ilusioa dago hurrengo bihurgunaren ondoren. Baina, tentuz, laprast egiteko aukera baitago.

Deialdiak:

Reala: Bravo, Zubikarai; Carlos Martinez, Estrada, Mikel Gonzalez, Iñigo Martinez, Ansotegi, Jose Angel; Illarramendi, Pardo, Ros, Zurutuza; Griezmann, Xabi Prieto, Vela, Chory Castro, Agirretxe eta Ifran.

Kordoba: Saizar, Cristian García, Kiko Olivas, Gaspar, Fuentes; López Garai; Dubarbier, Caballero, Abel Gómez, López Silva; Patiño.


No hay comentarios:

Related Posts Plugin for WordPress, Blogger...

TODAS LAS NOTICIAS
POR FECHAS