Europarako oposaketen bidean, azterketa partzialekin hasi da Reala. Asko
geratzen da oraindik behin betiko emaitza jakiteko, baina bidea komeni zaio
nota onak biltzen hastea, bidea oztopoz gainezka jarri aurretik. Azterketa
partzial horien hasieran ikasgai zorrotz bat izango du. Hasiera batean
bestelakoa dirudien arren, aurrera ateratzea kostatzen den horietakoa izango da
Levanteren aurkako partida (12:00; C+L, GolT). Aurreko denboraldietan ere
zailtasun franko jarri duen aurkaria izan da. Baina Montanierren mutilak
ikastunak dira, eta oztopo oro gainditzeko gai dira.
Horren erakusle da txuri-urdinen bolada ona. Ez da kasualitatea Real
Madrilen aurkako partidatik galdu gabe egotea, ezta ere azken zazpi partidetan
aurkaria jokalari bat gutxiagorekin geratu izana. Realak ondo jokatzen du,
baloia mugitzen daki eta erasoan min egiten daki. Horregatik dago zazpigarren
postuan, eta horregatik du Europa hain gertu. Levanteren aurka emaitza ona
lortuz gero, Europa Ligako postuetan amai dezake jardunaldia. Hurrengo
azterketa Bilbo dela.
Aste tirabiratsu baten ondoren, Zaragozaren aurka lorturiko garaipen argi
eta sendoak, futbola itzuli du zaleen berriketaldietara. Berri onak bata
bestearen ondotik etorri ohi direnez, asteon jakin da ofizialki Ruben Pardo
gazteak urtebete berritu duela bere kontratua. Ekaitzak barealdia ekarri du,
eta laino beltzen artetik eguzkia indartsu gailendu da, argi printzekin
aldartea berotuz.
Berri txar bakarra Elustondoren eskutik etorri da. Aste osoa arazo
fisikoekin pasa ondoren, deialditik at geratu da. Beasaindarrarekin batera,
Zurutuza, Ros eta Estrada ere kanpoan geratu dira. Lehena osatzeke dago
oraindik, eta beste biak teknikariaren erabakiz ikusiko dute partida
harmailetik. Bestetik, Ifran eta Jose Angel guztiz osatu dira eta zelaian edo
aulkian egongo dira.
Derbia gertu dagoen arren, jokalariek Levanteren aurkako partidan dute
burua soilik, handia bailitzateke 24. jardunaldia 39 punturekin amaitzea. Ez da
hainbeste pasa jaitsiera postuak zeharka begiratzen zirenetik. Orain, hamasei
puntura daude. Lekutan. Europaz ez ezik, Txapeldunen Ligaz ere hizketan hasi da
bat baino gehiago. Erokeria? Garagardo gehiegi edatearen ondorioa? Sailkapenari
begira, behintzat, ez da halakorik.
Zaragozaren aurka gozatu ondoren, sufritzen badakiela erakutsi beharko du
Realak Levanteren aurka. Aragoarrak ez bezala, defentsan sendoak eta gogorrak
dira valentziarrak, galdetu aurretik ostikoa ematen duten horietakoak. Jokalari
beteranoak, zakur zaharrak, hamaika amarru ezagutzen dituzten horietakoak.
Baliteke Ballesterosen, David Navarroren eta enparauen gerriak gau hobeak
ezagutu izana, baina dantza egiten badakite oraindik. Petrolioa atera dute
Velak eta besteek azken partidetan aurkariengandik jasotako ostikoetatik. Haien
abiadura eta teknika izango da berriro txuri-urdinen tresna nagusia. Levanteko
atzelari beteranoak gorriak ikusiko dituzte haiek gelditzeko.
Ostegunean Europa Ligako partida jokatzetik dator Levante, eta nekea zelai
gainean nabari daiteke. Olympiakosen aurka izugarrizko partida jokatu ondoren
—3-0 irabazi zuten—, final-zortzirenetarako sailkapena bideratu dute.
Titularrak zelairatzea erabaki zuen Juan Ignacio Martinezek. Iborra, Barkero,
Martins... guztiak izanen dira Anoetan igande eguerdian. Jokatu ez zuena Munua izan
zen. Atezainak txartel gorria ikusi zuen Ligako azken partidan, eta Keylor
Navas costarricarra egongo da atepean. David Navarro ere deialditik kanpo
geratu da, Dudka eta Juanlurekin batera. Kontrakoan, Ballesteros deialdira
itzuli da eta hasieratik jokatzeko moduan dago.
Iazko denboraldia errepikatzeko edo hobetzeko asmoarekin hasi zuen egungo
sasoia Levantek. Esan eta egin, Txapeldunen Ligako postuetan pasa zituen
lehenengo jardunaldiak, EuroLevante efektua iragana eta zorte kontua ez
zela erakusteko. Ligan eta Europan sendo, zur eta lur utzi zituen zale asko.
Orain bi urte Caicedo ekarri eta saldu eta iaz Konerekin berdina egin ondoren,
berriro asmatu du Levantek Martins nigeriarra merke fitxatuta. Golak eta joko
onak ekarri ditu Newcastleko eta Interreko aurrelari ohiak. Europako Ligako
ligaxka aise gaindituta, Hannover96en atzetik bigarren postuan sailkatu zen,
Espainiako Kopan egin zuen kale soilik.
Dena den, azkenaldian luze egiten ari zaio denboraldia. Ligan beheraka egin
du, eta uneotan Europako postuetatik kanpo dago, Realak baino hiru puntu
gutxiagorekin. Orain dela hiru urte Lehen Mailara igotzeko lehiatzen ziren
taldeak Europara sailkatzeko aurkariak dira orain. Jardunaldi batzuk irabazi
gabe daramatzate valentziarrek, beraz bi boladen talka izango da Anoetakoa.
Neguko merkatuan pare bat fitxaketa egin dituzte, Vyntra erdiko atzelaria eta
Acquafresca aurrelari abila.
Dena den, eta zale txuri-urdinak hazita dauden arren, komeni da
estatistikei errepasoa egitea. Levantaren aurka emaitza kaskarrak lortu ditu
Realak azkenaldian, eta ez da hari irabazteko gai izan. Lehen itzulian garaile
atera zen Levante, eta iaz ere bi partidak ofizio handiarekin irabazi zituen.
Beraz, neurriko aurkaria izango da Realak aurrean. Baina Europarako oposaketak
gainditzea ez dago guztien esku, eta halako oztopoak gainditzea beharrezkoa da
denboraldia irribarretsu amaitzeko. Hasi dira azterketa partzialak.
Deialdiak:
Reala: Bravo, Zubikarai; Carlos Martinez, Mikel Gonzalez, Iñigo Martinez,
Ansotegi, Cadamuro, De la Bella, Jose Angel; Illarramendi, Markel, Pardo; Xabi
Prieto, Griezmann, Chory Castro, Vela, Agirretxe eta Ifran
Levante: Keylor Navas, Garabato; Hector Rodas, Vyntra,
Juanfran, Nikos, Ballesteros, Pedro Lopez, Chris; Barkero, Iborra, Pedro Rios,
Valdo, Michel, Diop; Acquafresca, Ruben eta Martins


No hay comentarios:
Publicar un comentario