jueves, 14 de marzo de 2013

BEHARRAK

2007-a zen eta Realak agur esan zion Lehen Mailari bertan 40 urte pasa ondoren. Nora ezean zirudien eta hiru urte beltzen ondoren bere lekura bueltatu zela badakigu. Sei urte hauetan taldearen egoera eta helburuak zeharo aldatu dira.

Bartzelonako Espanyol-en aurka galdu ostean helburua ez jaistea izango zela zirudien, taldearen dinamika zela eta. Hasiera irregularra izan bazen, gutxik pentsatuko lukete hobekuntza bat egongo zela. Eta nolakoa, gainera!

Porrota horren ondoren, Real Madrilen aurka galdu du soilik Realak, eta hau dela eta Europako ateetara igo da, aukera ez galtzeko intentzioarekin. Denboraldiko azken txanpan sartzear dago Reala eta orain arte egindako guztia galdu nahi ez badu tinko eutsi beharko du bere borrokan.

Gelditzen diren hamaika partiduetan taldeak azken hamar urteetako emaitzarik onena eskuratzeko aukera ezin hobea du. Baina, helburua lortzeko gai izago al dira jokalariak?

Talde oso gaztea da Reala, kalitatea soberan duena baina horrelako egoera batean bere burua ikusi ez duena. Beti esan izan da hemen presio momentuetan talde txuri-urdinak ez duela ondo erantzuten eta behera egiten duela. Askotan honi heldutasun falta esan izan zaio, eta inolako dudarik gabe Realari arazo hau behin baino gehiagotan azaldu zaio.

Aurten, ordea, gauzak aldatu direla dirudi. Aurreko urteetan irabazten ez ziren partiduak aurrera eramaten ari da taldea. Mestallan, San Mames-en edota Calderón-en lortutako garaipenetan orain arte ikusten ez zen heldutasun hau ikusi ahal izan dugu. Aipatutako azken txanpa honetan taldeak heldutasun hau mantentzen badu, eta horrelako partiduak irabazten baditu, egindako lanak amaiera bikaina edukiko du. Hori baita behar nagusia, orain arte egindako gauza onak mantentzea.

Jokalariak gazteak diren arren, balentria hau lortzeko nahiak helburura iristeko indarra emango dielakoan nago. Hain gazte eta Champions League-a edota Europa League-n ibiltzea baino motibazio handiagorik ez dago.

Hau dela eta baikorra naiz. 2013 honetan orain arte ikusi ez ditudan gauzak erakutsi dizkit taldeak. Jokoaz haratago, gosea ere erakutsi duelako. Azkeneko jardunaldi hauetan hain garrantzia izango den gosea.

Europa eskuetan dute. Eta bide batez historia egiteko aukera. Denbora izango da gauzak bere lekuan jarriko dituena, baina inoiz baino aukera gehiago dauzka Realak bere lekua Europan aurkitzeko.


No hay comentarios:

Related Posts Plugin for WordPress, Blogger...

TODAS LAS NOTICIAS
POR FECHAS