Malaga mendean hartzeko asmoarekin zelairatu zen Reala. Denboraldian
lehendabiziz hamaikakoa errepikatu zuen Montanierrek. Harrobiko bederatzi
jokalari atera zituen hasieratik. Aurrean Abdullah Al-Thaniren Malaga zuten
txuri-urdinek. Cazorla, Toulalan eta Isco bezalako fitxaketekin, paperean
aurkari zaila eta arriskutsua zirudien. Baina Reala jokalariak ez ziren kikildu
eta zelai erdian nagusitasuna izateko asmoarekin hasi zuten partida. Pase
motzak, jokoa hegaletara ireki... ondo hasi ziren. Bazirudien aurredenboraldian
saldu ziguten jogo bonito-a ikusiko genuela. Elustondo baloia
eskatzera jaisten zen defentsengana, eta Aranbururekin batera egindako lanari
esker Zurutuzak askatasun handiarekin jokatu ahal zuen.
Joko onak etekina izan zuen. Estradak ezker hankarekin erdiraketa bikaina
egin zuen hegaletik, Agirretxek buruz ondo eman zion, eta langari eman osteak
Demichellisek bere atean sartu zuen baloia. Hamargarren minuturako Reala
aurretik zegoen oso partida serioa eginda. Malaga Iscoren bitartez hasi zen
mina egiten. Andaluziarren jokalari nabarmenetarikoa izan zen gaztetxoa.
Pixkanaka Toulalan zelaierdia menderatzen hasi zen, eta arriskua eragiten hasi
zen Malaga. Falta batean etorri zen gola, hogeigarren minutuan. Falta azkar
atera zuten, baloia Iscok hartu zuen area barnean eta bere erdiraketa Rondonek
burukatu zuen Bravoren, Carlos Martinezen eta Agirretxeren artean. Hamar minutu
baino ez zuen iraun txuri-urdinen pozak. Hortik atsedenaldira intentsitatez
beteriko partida ikusi zen. Malagak Toulalanen, Iscoren eta Cazorlaren artean
min handia egin zuen. Realak ere bere aukerak izan zituen. Agirretxek ezin izan
zuen sarretara bidali Carlos Martinezen erdiraketa. Vela eta Griezmann
hegaletatik min egiten saiatu ziren, baina beren saiakerak kamutsak izan ziren.
Aldageletara joan aurretik Zurutuzak izan zuen aukera onena, baina Caballerok
bere jaurtiketa lehorra kornerrera urrundu zuen.
Bigarren zatian bi pauso atzera eman zituen Realak. Malaga bultzaka hasi
zen Iscoren eta Toulalanen bidez beste behin ere. Lorenek orain dela aste
batzuk esan zuen jokalarien huts puntual batzuk zigortu dutela Reala. Eta
atzokoan hori gertatuko zela zirudien. Arrisku handirik ez zuen jokaldi batean
Mikel Gonzalezek ez zuen urruntzen asmatu, eta Sebas Fernandezek Bravoren
hankapetik sartu zuen gola. Huts handia egin zuen arrasatearrak. Malagaren
aurrelaria zetorrela ikusi zuen, baina baloia urrundu beharrean jokatzea
erabaki zuen. Jokalariak burumakur geratu ziren. Ukabilkada gogorra izan zen
gola. Hortik aurrera Toulalanek zelaierdiko nagusitasuna hartu zen. Elustondo
alde batetik bestera ibili zen defentsa lanetan biderkatuta eta erasoak hasten
zaiatzen. Baina partida Malagak nahi zuen tokian zegoen, eta baloiaren
jabetzarekin denbora pasatzen utzi zuen.
Harmailetan urduritasuna nagusitu zen, usai txarra zuen partidak eta zaleak
palkora eta aulkira begira jarri ziren. Hamabost minutu besterik ez ziren falta
partida amaitzeko, baina Montanierrek ez zuen aldaketarik egiten. Baina epikara
kondenatua dago talde hau. Bost minututan Ifran aurrena eta Llorente geroago atera
zituen. Karta guztiak mahai gainean jarri eta metxa pizten saiatu zen
frantziarra. Pase motzak eta abar ahaztu zituen, eta antzinako futbola
berreskuratuta baloiak area barrura sartzen hasi zen Reala. Lan horretan Pardo
gaztetxoa jarri zuen Montanierrek. 85. minutuan partida erabat hautsia zegoen.
Pardo ia defentsa laneta, eta Iñigo Martinez, Griezmann, Vela, Agirretxe, Ifran
eta Llorente golak sartzen saiatzen. Halako batean, erdiraketa horietako baten
eraginez, jokaldi nahasi bat hasi, Mikel Gonzalezek Malagako jokalari bat
oztopatu zuen, Velak buruarekin baloia kokatu eta txilena ikaragarri batekin
baloia sareetara bidali zuen. Caballerok eskuak burura eraman zituen, ezin
sinetsita. Eromena nagusitu zen harmailetan, denak saltoka eta buiaka.
Mexikarrak metxa piztu zuen, baina eztanda falta zen oraindik. Harmaila
bultzaka hasi zen, zaleentzat berdinketa ez zen nahikoa eta jokalariek ere
gehiago nahi zuten. Beste erdiraketa batean Agirretxeri iritsi zitzaion baloia
area kanpoaldean. Baloia erdiratu eta Ifranek hartu zuen; iskin egin, keinua
egin eta goxo-goxo sartu zuen gola. Azkenean, eztanda. Luzapenean zegoen
partida, eta Realak markagailua irauli zuen. Montanierren burua Ifranek salbatu
zuen, entrenatzailearekin liskar gehien izan dituen jokalariak. Hiru minutu
falta ziren, baina hiru ordu zirela iruditu zitzaien zaleei. Malagak azken
aukera bat izan zuen, baina Bravo oso seguru ibili zen. Hamahirugarren dago
orain Reala, jaitsiera postuetatik hiru puntura. Bigarren partida jarraian
irabazi dute txuri-urdinek, itxura ona ematen. Montanier ere lasaiago dago,
azkenik egindako aldagelekin asmatu egin baitu. Hordagoa bota eta irabazi.
No hay comentarios:
Publicar un comentario