miércoles, 11 de enero de 2012

BUFOIAK BAINO IRRIGARRIAGO


Hitzak neurtzea zaila da Iberostar estadioko berdegunean ikusitakoa eta gero. Hiztegia hartu eta aurkitutako hitzak ez dira aski: lotsa, pena, haserrea, amorrua, higuina, nazka, goragalea... Larunbatean Bilbon egin zen manifestazioa kolosala izan ei zen, ez dakit nik Realaren zentzugabekeria bezain kolosala izan zen. Kanporaketa guztiz bideratua zegoenean, joanekoan 2-0 irabazi ondoren, eta 15. minutuan 0-1 irabazten jarri eta gero 6-1 galtzea ulertezina da. Gidoilari batek Hollywoodera partidaren gidoia igorriko balu, ez luke eroslerik topatuko, surrealismoa aspaldi amaitu zela esango liokete.

Irrigarri geratu zen Reala Espainia osoaren aurrean. Kostatuko zaio Realari tonto aurpegia kentzea. Eta min handia egin dezake horrek. Hondoratuta dago momentu honetan, eta Ligan jaitsiera postuak hurbil izateak larritasunik ematen ez zuen arren, orain beldurra ematen du amildegia hain gertu ikusteak. Baikorrena ere ezkor da Mallorcaren aurkakoaren ondoren. Benetako zaleak ez du inoiz lotsari izango Realekoa dela aitortzeko, baina min ematen dio jokalariek emandako itxura negargarria. Orain gutxi arte bolada ona zena, konfiantza falta bihurtu daiteke. Egia da agian 90 minutu txar besterik izan ez direla, baina Valentzia eta Atletico Madril bezalako taldeei aurre egiteko aurrekari txarra da 6-1 galtzea.

Ilusioz bete zegoen jendea, gutxienez final-laurdenetarako iristeko. Eta gerta zitekeen Mallorcak kanporaketa irauli eta sailkatzea, noski. Baina galtzeko moduak eta moduak daude. Zazpi minututan lau gol jasotzea ez da horietako bat. Mallorca irabazteko gosez atera zen, hasieratik, jokalariak estutu eta gol aukerak eginez. Futbolean sarri esaten da lehenengo hamabost minutuak ahal den moduan eutsiz gero ia guztia egina dagoela. Egia zirudien esaldi horrek Diego Ifranek Alberto de la Bellaren erdiraketa on bat bikain burukatu zuenean. Poza beste sentimendurik ez zegoen orduan. Mallorcak hamabost minutu noraezean eman zituen orduan. Dena den zen ederra, dena xarmanta. Mariga baloiak area ertzean lapurtu eta beste arearaino estropezurik gabe eramaten, Xabi Prieto jokalariak eserita utziz...

Harik eta De la Bellak area ertzean falta bat egin zuen arte. Castrok bikain jaurtiki zuen eta Zubikaraik ezin izan zuen ezer egin. 1-1, arazorik ez; hiru gol gehiago behar zituen Mallorcak. Baina hurrengo jokaldian bi eta batekoa sartu zuen Hemedek. Jaurtiketa lehorra erdi erditik sartu zen. Bat baino gehiago larritzen hasi zen. Lasaitasuna Xabi Prietoren eskutik etortzeko zorian egon zen, atezainaren aurrean bakar bakarrik zegoenean era ulergaitz batean huts egin zuen. Arnasari buelta eman aurretik hirugarren gola, korner batean Nunesek sartuta. Kanporaketa zailtzen ari zen, baina beno, oraindik Reala sailkatua zegoen. Ia ezinezkoa zen atsedenaldiaren aurretik gol bat jasotzea. Baina esan eta egin, Zubikaraik urteetan gogoratuko den huts egite larria egin zuen. Oraindik Castro atzean zuenean baloia lurrera bota, eta uruguaiarra azkarragoa izan zen. Tamudok Toniri Kopako finalean egindakoa etorri zen askoren gogora.

Philippe Montanierrek egurra jasoko du hedabideetan, erruz. Baina ziurrenik, atzo Mallorcan egon zirenen artean erru gutxien izan zen. Hamaikako ona jarri zuen, batek baino gehiagok jarriko zutena, teorian titularrak diren jokalari askorekin. Asmoa Granadaren aurka egin ez bezala, eraso egitea zen. Baina entrenatzaile onenak ere ezin du ezer egin jokalariek zazpi minututan lau jasotzen uzten badute. Gehiago egin zezakeen? Jakina. Aldaketaren bat atsedenaldian akaso; baina bera ez da jokalarien itxuraren erantzule nagusia. Burumakur, negargarri eta tentsiorik gabe ibili ziren hirugarren gola jaso zutenetik. Estatistikek ez dute gezurrik esaten: 10 falta eta txartel horirik ez.

Bigarren zatiaz ez dago asko luzatzerik. Alfarok segituan sartu zuen gola, eta Hemedek sei minutu geroago betirako hondoratu zuen txuri-urdinen ilusioa. Hortik aurrera minutuak pasatzen ikusi eta lotsagarriago ez geratzea zen kontua. Antoine Griezmann zelairatzean aldatu zen soilik itxura apur bat, baina jokalari batek bakarrik ezin du ezer ere egin. Eta betirako ez da partida amaieraraino bakarrik. Zaleengan ireki zen zauria osatzeko denbora asko beharko da. Sare sozialetan sua piztu zen, eta kostako da hura itzaltzea. @StrummerClash –ek zioen bezala, Valentziaren aurka ez luke gaurko hasierako hamaikako inork jokatu behar, zigor gisa. Koparen madarikazioa hautsita zegoenean, aspaldiko kolperik latzena jaso zuen Realak. Bigarren B mailako talde baten aurka galtzea baino, okerragoa da Mallorcaren aurkako itxura.

Gaur ez dago “hiru jokalari onenak” atalik. Ez du merezi.

No hay comentarios:

Related Posts Plugin for WordPress, Blogger...

TODAS LAS NOTICIAS
POR FECHAS