lunes, 30 de enero de 2012

(H)ONA BOSTEKOA


Errusiar mendi baten itxura hartu du aurten Realak: gaur gora, bihar behera; eta etzi, itzulipurdika. Zazpi partida galdu gabe, gora; Kopan, behera; Valentzia, gora; Atletico Madril, behera; eta horrela etengabe gurpil zoroan. Lurzorutik arrastaka dagoen Sportingek goiko bidean harrapatu zuen. Bigarren minuturako bi gol aurretik zeuden txuri-urdinak, eta asturiarrek partida estutzea lortu zuen arren, bost gol jaso zituzten azkenean. Poza harmailetan eta zaleak bata besteari bostekoa ematen. Realarekin noizbehinka irribarre ere egiten da.

Ero hasi zen partida. Bazkaria ondo digeritu gabe zelairatu ziren Sportingo atzelariak. Konturatu zirenerako bi aldiz jaso zuten baloia sareetatik. Ondo hasi zuen partida Realak. Bereziki polita izan zen lehenengo gola. Zelai erdian eginiko presioari esker baloia lapurtu, eta lehenengo ukituan bost-sei pase eman zituzten Griezmannen erdiraketa Zurutuzak jo arte. Bigarrena ere ilegorriak sartu zuen, Velak bi aurkariren tartetik emandako pase bikain bat gurutzatu ondoren. Partidako protagonista izateko jaioa zirudien Zurutuzak. Eta hala izan zen, baina ez hirugarren gola sartu zuelako. Bosgarren minutuan kolpe beldurgarri bat jaso zuen. Gregory eta bera baloi zatitu baten bila joan zirenean talka egin zuten. Realeko jokalariak sudur-hezurra hautsi zuen, eta Sportingekoari zazpi puntu eman zizkioten. Biek utzi zuten zelaia. Realean Markel Bergara sartu zen, eta Sportingen, Botia.

Hasierako bost minutuen ondoren, apurka baretzen joan zen partida. Griezmannek Realaren elastikoarekin jokatzen zuen ehungarren partidan protagonista izan nahi zuen, eta min handia egin zuen ezker hegaletik; Damian Suarezek egundoko amesgaiztoak edukiko ditu aste honetan! Arrisku handia zuten bi jaurtiketa egin zituen zutoin motzera, golik lortu gabe. Agirretxek ere aukera garbia izan zuen, korner batean bakar bakarrik buruz errematatu zuenean. Gora joan zitzaion baina. Denbora pasa ahala, Sporting baloiaren jabetza izaten hasi zen, eta Realaren area ingurura hurbiltzen. Nacho Casesek lehen abisua eman zuen, baina kanpora bota zuen. Lasai ziren txuri-urdinak, baina Sporting bizirik utzi zuten lehen zatia amaitu zenerako.

Eta aurkaria bizirik uzten duzunean golekin eskertzen dizu. Lehen zatian Sporting bazen digestioa egin gabe zegoena, bigarren zatiaren hasieran Reala geratu zen kafetxo bat hartzen. Lehenengo minutua bete aurretik De las Cuevasek sareetara bota zuen itxuraz arrisku handia ez zuen erdiraketa bat. Bi gol sartu ditu Ligan hegalekoak, biak Realari. Txistu solteren bat entzun zen harmailetatik. Urduri zeuden zaleak, behin baino gehiagotan ikusitakoa berriz bizitzeko beldurrarekin. Juan Muñiz harrobiko gaztetxoa sartu zuen Preciadok, eta Sportingek nahi bezala kontrolatu zuen zelai erdia. Lehenengo zatiak orekatua amaitu bazuen, kolore zuri-gorria zuen bigarren zatiak. Baina Reala aurretik zihoan, eta asturiarrek arriskatzeko beharra zuten. Aukera bat bestearen atzetik izan zituzten, garbiak ez izan arren, baina oso kamuts ibili ziren. 63. minutuan ia bihotzekoak eman zion bati baino gehiagori. Sportingek enegarren jokaldia egin zuen txuri-urdinen area inguruan. Trejo bakarrik geratu zen Bravoren aurrean, baina txiletarrak egundoko geldiketa egin zuen. Zutoinean jo zuen baloiak, eta aldaratzea Mikel Gonzalezek urrundu zuen gol-marran bertan.

Suarekin jolasean ari zen Reala. Berdinketa gertu ikusten zuen batek baino gehiagok. Jokalari asko buru makur eta nekaturik ikusten ziren. Realaren saiakera bakanak faltaz gelditu zituen Sportingek. Agirretxe kendu eta Ifran sartu zuen Montanierrek freskotasun bila. Baina zerua ilunenen dagoenean azaltzen dira izarrak. Griezmannentzat partida berezia zen, eta protagonista izatea erabaki zuen. Lehen zatian minutu onak egin ondoren, jokoaren pisua berak hartzea erabaki zuen. Buruz baloi bat irabazi zuen, eta itxuraz Galvezek dena alde zuen arren, abiada bizian joan zen baloiaren bila; fede betez. Kornerra behartu zuen. Minutu bat geroago Elustondoren gola ospatzen ari ziren guztiak. Velaren erdiraketa bakar bakarrik errematatu zuen bigarren zutoinean. Hutsegite larria asturiarrena. Elustondok Realarekin sartzen duen seigarren gola izan zen, lehenengoa Lehen Mailan. 3-1ekoarekin lasaitasuna itzuli zen harmailetara eta zelaira. Sportingek behin betiko jaitsi zuen burua, eta partida amaitzeko ordu laurdena ahalik eta azkarren bukatzea zen beraien desioa.

Baina Reala aldarte onean zegoen, gehitzen joan diren zorrak kitatu nahi zituen gol festa batekin. Aukerak bata bestearen atzetik etorri ziren, Griezmann protagonista nagusi zela. Gol gosez zegoen frantziarra, baina Juan Pablorekin egin zuen tope. Laugarren gola kapitainak sartu zuen, Aranburuk, denboraldiko hirugarrena. Ifranek bikain jaurtikitako falta urrun bat atezainak gelditu zuen, baina aldaratzea Azpeitiko erdilariak sartu zuen ate barruan. Beste behin ere Realako jokalari bat bakar bakarrik utzi zuten. Xixonen zuten burua. 4-1eko emaitza sobera ona zen donostiarrentzat, merezitakoa baino askoz gehiago. Dena den, bazen oraindik pozik ez zegoen bat. Griezmann taldeko onena izan zen, lehenengo gola eman eta hirugarrena sortu zuelako; baina golik sartu gabe jarraitzen zuen. Gol bat oparitu nahi zion bere buruari galiarrak. Bila eta bila, aurkitu zuen arte. Partidako azken jokaldian pase on bat jaso, atezainaren aurrean bakarrik geratu, izkina egin eta sareetara bota zuen suziri jaurtitzailea beste behin ere lanean jartzeko.

Realak denboraldi honetan zazpi gol besterik ez zituen sartu Anoetan Ligako partidetan, eta 90 minututan bost sartzeko gai izan ziren. Goran da berriz taldea, olatuaren aparrean, jaitsieratik lau puntura eta 12. postuan, baina olatu erraldoiak datoz atzetik. Hurrengo geltokia Nou Camp izango da. Bartzelona aldetik amorraturik eta asaldaturik daude. Real Madril Kopatik kanporatu dute, baina Liga erdia bota dute Madrigalen, eta zazpi puntu azpitik daude. Hutsak ordaindu ditzake Realak. Lotsagabe eta adorez jokatu beharko dute txuri-urdinek. Inork ez daki zer bide hartuko duen gaur zazpi. Gora? Ala behera?

Hiru onenak

  1. Antoine Griezmann: Sasoiko dabil frantziarra. Bigarren mailan orain ehun partida debuta egin zuen gaztetxo lotsagabe argitsu horren antza du berriro, golak sartu ondoren ospakizunekin txunditzen zigun hura, aurkarien artetik sartzen zena, ausart, oldarkor. Jokalari desberdina da, eta hogei urte izan arren ez du beldurrik ardura bere gain hartzeko. Oso partida borobila egin zuen Sportingen aurka, eta gol batekin ospatu zituen ehun partidak. Lopez Ufarte eta Bakeroren ondoren Realaren elastikoarekin ehun partidetara iristen den jokalari gazteena da.
  2. David Zurutuza: Zaila da bost minututan askoz gehiago egitea. Gola falta zaiola esaten dute bere kritikoek. Atzo bi sartu zituen bi minututan. Bosgarrenean kolpe galanta izan zuen Gregoryrekin. Sudur-hezurra hautsi zuen eta ebakuntza egin zioten. Hilabete egongo da jokatu gabe.
  3. Claudio Bravo: Lan gutxi izan zuen, eta golean baloia ukitu arren ezin izan zuen gehiegi egin. Reala estutuago zegoen momentuan, sekulako geldiketa egin zion Trejori, beste behin ere taldea salbatuta.


No hay comentarios:

Related Posts Plugin for WordPress, Blogger...

TODAS LAS NOTICIAS
POR FECHAS