Bi goleko errenta du babesteko Realak. Hondamendi ezean final-laurdenetarako sailkatu beharko lukete gaur txuri-urdinek behin Mallorcaren aurkako kanporaketa bideratuta (20:00 PPV). Hazita eta joko bolada onean daude gainera donostiarrak. Baina erne ibili beharko dute lokartzearekin, Granadak abisu garbia eman zuen, eta hurrengoa, abisua, baino, zigorra izan daiteke tentuz ez badabiltzate. Puntuei dagokionez Ligan ondoegi ez egon arren, Kopa begiz jo dute behingoz txuri-urdinek. Ilusio bete hegazkin bidaiatu dute Mallorcara. Hurrengo kanporaketa jokatzeko agian ez da hegazkinik beharko.
Granadaren aurka itzuliko partidan eginiko lardaskeriak aski behar luke Mallorcaren aurkako partida seriotasun handiagoarekin hartzeko. Presiorik gabe ez doa inora taldea, grinarik gabe, etxera. Beste behin ere barregarri geratuta, final-zortzirenetaraino iritsi ondoren. Txip aldaketarik gabe, azken partidetan emandako itxurari eutsi behar dio Realak. Horretarako ia jokalari titular guztiak deitu ditu Philippe Montanierrek. Claudio Bravo, Mikel Gonzalez, Joseba Llorente eta Ruben Pardo geratu dira deialditik kanpo. Toño Ramirez, Iñigo Martinez eta Markel Bergara itzuli dira.
Hilabete batzuk min hartuta egon ondoren guztiz osatu da elgoibartarra. Dena den, ez dirudi hasieratik jokatuko duenik. McDonald Marigak aspaldiko partez minutuak izan ditzazke. Mikel Aranburu, Gorka Elustondo eta David Zurutuzak osatzen duten hirukotetik, batek hasiko du partida ordezkoen aulkitik. Urrezko aukera izango du kenyarrak. Ematen ari den itxura kaskarra aldatzeko izango duen azkenetakoa. Ez du etxean jasotzen duen txistuen presiorik izango. Ruben Pardo gazteak esperientzia gehiago hartzeko aukera ederra zen, baina errioxarrak ez du minuturik izan azken aldian.
Bestelakoan, Eñaut Zubikarai izango da atepean, eta atzean Liassine Cadamurok eskuin hegala har dezake Dani Estradak atseden har dezan. Xabi Prietok jasotako kritikak joko onarekin isildu beharko ditu. Diego Ifranek minutu gosea ase dezake, edo Imanol Agirretxek zaleak txunditzen jarraitu beharko du.
Ez da berdina izango
Hamaikakoa bat edo beste izan, jarraitu beharreko bidea ezaguna du Realak. Golik ez jasotzea bezain garrantzitsu izan daiteke golen bat sartzea. Txuri-urdinek argi izan beharko dute joanekoa eta itzulikoa ez direla berdina izango. Joaquin Caparrosek oso haserre amaitu zuen bere mutikoek Anoetan emandako itxurarekin, eta kargu hartu zien. Oraingoan talde sendoagoa osatuko du Athleticen entrenatzaile ohiak. 2-0koarekin kanporaketa erabat zaildu zaien arren, ez dute amore eman nahi oraindik. Lehen gola hasierako minutuetan sartuz gero Iberostarreko zaleek hauspotuta Reala estutzen saiatuko dira. Marvin Ogunjimi gazteak bere lehen minutuak izan ditzazke. Mallorcak abuztuan fitxatu zuen arren, arazo burokratikoak eta lesioak tarteko ezin izan du aurretik debuta egin.
Kanporaketan aurrera eginez gero urtarrilaren 17/18/19an -San Mamesen edo Carlos Belmonten- eta hilaren 24/25/26an -Anoetan- jokatu dira final-laurdenak. Hor bai egongo dela ilusio tona, finalerdiak hain gertu ikusita; derbya jokatzen bada bereziki.
Deialdiak:
Reala: Eñaut Zubikarai, Toño Ramirez; Dani Estrada, Vadim Demidov, Ion Ansotegi, Iñigo Martinez, Liassine Cadamuro, Alberto de la Bella; Gorka Elustondo, Markel Bergara, McDonald Mariga, Mikel Aranburu, David Zurutuza; Xabi Prieto, Imanol Agirretxe, Diego Ifran, Carlos Vela, Antoine Griezmann
Mallorca: Dudu Aouate, Juan Calatayud; Gianni Zuiverloon, Biel Company, Pablo Mari, Marti Crespi, Jose Nunes, Pedro Bigas; Tomas Pina, Pep Lluis Marti, Sergio Tejera, Gonzalo Castro, Emilio Nsue, Alejandro Alfaro; Tomer Hemed, Marvin Ogunjimi, Alvaro Jimenez, Abdon Prats
No hay comentarios:
Publicar un comentario