domingo, 26 de febrero de 2012

GARRANTZI BIZIKO HIRU PUNTU


1-0 irabazi zuen Realak Mallorcaren aurka Agirretxek bigarren zatian ezker hankarekin sartutako gol bati esker. Partida txarra eta itsusia jokatu zuten bi taldeek, baina garrantzi handiko hiru puntu eskuratu zituen etxeko taldeak. 30 puntu ditu Realak orain, eta Europatik eta jaitsiera postuetatik erdibidean geratu da. Horrelako partidek ematen dute lasaitasuna Liga amaieran, gaizki jokatuta aurkari zuzenei irabazitakoek. Gainera, Kopako arantza kentzeko baliagarri izan zen.

Irabazi arren zaleak ez ziren oso pozik atera Anoetatik. Normala da, ikuskizun kaskarra eman zutelako bi taldeek. Larritzeko moduko ahultasunak erakutsi zituzten txuri-urdinek, eta ez zen bizigarririk egon. Bizipoza garesti zegoen Anoetan. Kopako hondamendiaren ondoren, jokalariak mendeku gosez ateratzea espero zen, baina ez zen hala izan. Hori partida aukera garbi batekin hasi zuten arren. Vela area barnean sartu zen, kontrolak ihes egin zion eta Aouate atera hanketara atera zitzaion. Baina israeldarrak hutsegite larria egin zuen eta Agirretxeren oinetan utzi zuen baloia. Usurbildarrak atea hutsik izan arren kale egin zuen eta harmailetara bidali zuen baloia. Minutu gutxira Aranburuk beste aukera bat izan zuen.

Bazirudien Realak bere gain hartuko zuela partidaren zama, eta Mallorcak atzean eutsiko ziola kontraerasoan ateratzeko. Baina irudikeria soila izan zen. Bi taldeetako inork ez zuen asmatu aginte makila eramaten. Baloi andana galdu zituzten eta opariak bata bestearen atzetik pilatu ziren, Gabonak baliran. Apurka Mallorca Bravoren area ingurua hurbiltzen hasi zen, eta pare bat aukera izan zituen, batez ere atezainaren huts egite baten ondoren. Ez zuten arrisku gehiegi eragin, baina lehen abisua eman zuten. Ordura arte arriskua falta bidez edo kontraerasotan bilatu zuten, denbora galdu eta berdinketa lortzeko lotsarik gabe.

Bigarren zatiak aldaketak eskatzen zituen, partidaren bila joatea. Baina Montanierrek ez zuen irakurketa hori egin, eta berdin jarraitu zuen Xabi Prieto, Ifran eta Pardo beroketa lanak egiteaz aspertzen ari ziren bitartean. Caparrosek bestelako irakurketa bat egin zuen, eta lotsagabe falta eta kornerren bila joan zen. Lehenengoan Cadamuro bere atean gola sartzekotan egon zen. Bestela ez zuten arriskurik sortu balearrek, eta defentsa oso sendo mantendu zen partida osoan zehar. 70 minutuan Pardo sartu zuen Montanierrek, Aranbururen ordez, eta txuri-urdinen jokoa zertxobait aldatu zen. Errioxarrak ez zuen gauza handirik egin, baina jokalariek bera bilatu zuten jokoa antolatzeko, eta mugimendu gehiago sumatu zen erasoan.

Halako partidek kalitatezko jokalariak agertzea eskatzen dute, eta Anoetan Griezmann-Vela konexioak ekarri zuen gola. Jokaldi ona egin zuten biek, eta mexikarraren pasea gol bilakatu zuen Agirretxek. Mugimendu ona egin zuen 9 zenbakiak, eta nahiz eta baloia ondo ez kolpatu sareetara bidali zuen. Hamar minutu gelditzen ziren amaitzeko, eta orduan hasi zen lehenengoz Mallorca golaren bila. Horrek tarte ugari sortu zituen zelai erdian, baina txuri-urdinek ez zituzten baliatu. Griezmannek, Agirretxek eta Llorentek aukera argi bana izan zuten, baina hirurek kanpora bidali zuten baloia. Hala eta guztiz ere, eta Mallorca —nola ez— korner bidez partida berdintzen saiatu zen arren, urrezko hiru puntu geratu ziren Anoetan.

Igandekoarekin 30 puntu ditu orain Realak. 13. postuan dago, eta sei puntura ditu jaitsiera postuak. Bi partida. Europara begiratuz gero, Txapeldunen Liga bost puntura dago, eta Europa Liga, laura. Hain hurbil, eta hain urrun. Bigarren itzuliaren hasieran Anoeta gotorleku bihurtzearen beharraz mintzatu ziren jokalariak. Oraingoz hiru partida jokatu dituzte —Sporting, Sevilla eta Mallorca—, eta hiruak irabazi dituzte zortzi gol sartu eta bakarra jasota. Hamabost bat puntu gehiago behar dira salbatzeko. Etxean bost partida irabaztea alegia. Hasitako bidea jarraituz gero, txuri-urdinek ez dute zailtasunik izango. Baina komeni da etxetik kanpo partidaren bat irabaztea, eta hurrengo aukera Bilbon izango da. Ba al dago derby bat irabaztea baina zerbait hobeagorik?

PD: Anoetan Lehen Mailan jokaturiko 300. partida izan zen Mallorcaren aurkakoa. 143 irabazi ditu Realak, ez da erdira iristen.

Partidako onenak:

3.- Iñigo Martinez: Ez zen partida lasaia, Mallorcako jokalariak nahiko zirikatzaileak direlako. Baina gutxi sufritu zuen eta sendo ibili zen jokaldi guztietan. Zelai erdia trabaturik ikusita jokoa antolatzen saiatu zen hainbat pase luzeekin.
2.- Carlos Vela: Taldeak asko eskertzen du mexikarraren presentzia. Hamaikakora itzuli zen eta pare bat jokaldi dotore egin zituen. Bigarren zatian penalty argi bat egin zioten. Agirretxeri golaren pasea eman zion, aurtengo seigarren asistentzia.
1.- Imanol Agirretxe: Ez zuen partida biribila egin, baina garaipenaren gola sartu zuen. Azken finean, garrantzitsuena. Hiru hilabete zeramatzan golik sartu gabe, eta askatuago jokatuko du orain.

No hay comentarios:

Related Posts Plugin for WordPress, Blogger...

TODAS LAS NOTICIAS
POR FECHAS