Futbolaren historian egon den talderik
onenaren aurka jokatuko du Realak, hemendik 50 urtera tabernetako tertulietan
gogoratuko den talde baten aurka: “Pep Guardiolaren Bartzelona hura”. Erronka
zaila zinez txuri-urdinentzat, Camp Nouetik punturen bat lortzea ia ezinezkoa
delako. Estatistikak eta jokoa, dena dute aurka donostiarrek, baina
itxaropenaren iltze goriari heldu behar diote, epaileak amaiera adierazi arte
11 jokalari 11ren aurka jokatuko baitute (22:00, LaSexta). Zaila, bai; baina ez
ezinezkoa.
Presiorik gabe zelairatuko da Reala. Porrota
aurreikuspen gehienetan sartzen dela jakitun. Dena den, presio eza hori zelaian
era egokian islatzen jakin behar dute. Lehengo urtean bezala jokatuz gero,
Donostiara 5-0 huts galduta itzuliko dira. Iaz, 32. minuturako 2-0 galtzen ari
zen taldea, eta ia ez zuen faltarik egin; bederatzi soilik. Hanka sartzeko
beldurrez 11 jokalariak area barruan zeuden ia-ia, eta Messi eta enparauek
hankapean ibili zituzten. Baloiaren jabetzaren %78a izan zuten kataluniarrek
Horregatik, kosk egitera atera behar du
taldeak aurten, Bartzelonaren zelai erdia ahalik eta gehien itotzera. Asko hitz
egin da aste honetan Ruben Pardo gazteak Nou Campen egin dezakeen ekarpenaz;
baina askoz garrantzitsuagoa izango da Markel Bergarak defentsa lanetan egin
dezakeen lana. Realaren aukera urriak Elgoibarkoak zelai erdiko defentsa
lanetan egin beharreko lanean egongo dira. Cesc eta besteak eroso badaude,
akabo. Erasoko jokalariek aukera gutxi izango dituzte, eta gutxi horietan
Victor Valdesen atea zulatzen asmatu beharko dute. Bi gol bakarrik jaso ditu
Bartzelonak Ligan denboraldi honetan; biak Betisen aurkako partidan — 4-2
irabazi zuten kataluniarrek—. Ez du partidarik galdu Camp Noun.
Neguko merkatuan bi jokalari joan dira:
McDonald Mariga eta Jeffrey Sarpong. Lehen taldean jokalari gutxi daude orain,
eta gaur bezala, lesio bat baino gehiago elkartzen direnean; harrobiko
jokalariak sartu beharko ditu deialdian Philippe Montanierrek. 19 jokalariko
deialdia egin du, eta Ruben Pardo eta Javi Ros deitu ditu; baita min hartuta
egon diren Imanol Agirretxe eta Vadim Demidov. Ziurrenik bi hauetako bat utziko
du kanpoan. Xabi Prietok ere mina izan du txorkatilan baina guztiz sendotu da,
eta jokatzeko moduan dago. Hamaikakoko aldaketa nagusia zelai erdian egongo da.
David Zurutuza eta Gorka Elustondo min hartuta daude; eta, ziurrenik Pardo
gazteak, Aranburuk eta Bergarak jokatuko dute. Aurrelari gisa Diego Ifranek
ditu aukera gehien, hegaletan Antoine Griezmann eta Carlos Vela edo Xabi Prieto
dituela.
Bartzelona ‘krisian’ eta harrobiko hiru
jokalarirekin
Real Madril zazpi puntura du Bartzelonak,
eta Liga irabaztea inoiz baino zailago dauka Guardiolaren taldeak. Horrez gain krisian
omen dago Bartzelona, azken hiru partidak berdindu dituelako. Lehenik eta behin
bina berdindu zuen Real Madrilen aurka, eta aurkari zitalena Kopatik kanporatu
zuen, gero Vila-realen aurka 0-0 berdindu zuen Ligan, eta Kopan berriro 1-1
egin zuen Valentziaren aurka finalerdietako joanekoan. Horri deitzen diote
krisia.
Montanierrek bezala, Guardiolak jokalari
gutxi ditu lehen taldean, eta Villaren, Afellayen, Fontasen, Pedroren eta
Iniestaren lesioak direla eta harrobiko hiru jokalari deitu ditu: Sergi
Roberto, Dos Santos eta Tello. Zelai erdian baloia maisuki mugitzen dute lehen
biek. Bartzelona genea daukate, batez ere Robertok, eta pare bat urte
barru Xavi eta Iniestaren ordezkoak izango dira. Jonathan Dos Santos, Giovanni
Dos Santos Bartzelonako eta Racingeko jokalari ohiaren anaia da. Tello hegaleko
jokalari azkarra eta arriskutsua da. Baloia hanketan duenean hegaleko
atzelariei iskin egin eta erdiraketak jartzen iaioa da.
Hamaika lesio izan arren, egundoko
hamaikakoa egin dezake Guardiolak: Valdes atepean; Alves, Puyol, Pique eta
Abidal atzean; Thiagok, Xavik eta Busquetsek osatutako zelai erdia; eta Messi,
Cesc eta Alexis defentsa txikitzeko. Txiletarra min hartuta ibili da eta ez da
guztiz osatu. Nolanahi ere, hasieratik izango da, Bartzelonak bere beharra
duelako. Asko harritu egin ziren Bartzelonak Alexisengatik 40 milioi euro
ordaindu zituenean; Espainian nahiko jokalari ezezaguna zelako. Halere, 40
milioi balio dituela erakutsi du, eta ekarpen handia egin dio taldeari.
Realak Camp Nouen Ligan jokatutako azken
hamazazpi partidetan galdu du. Hiru aldiz irabazi du soilik; azkena 1991ean —
1-3 —. Horrez gain, azken gola 2002-2003 denboraldian sartu zuten
txuri-urdinek. Bada beste arrazoi bat Realaren aurka egiten duena. Real
Madrilek Getaferen aurka jokatuko du gaur 20:00etan, Camp Noueko partidaren
aurretik. Jose Mourinhoren taldeak irabaziz gero, presioa sartuko dio
Bartzelonari, irabaztera behartuko baititu. Real Madrilek galduz gero, lau
puntura hurbiltzen saiatuko dira kataluniarrak. Bata edo beste gertatu, Realak
ordaindu dezake Vila-realen aurkako berdinketa hura. Baina, tira, estatistikak
hautsi egiten dira noizean behin.
Urtz taldeak Ez gaitu inork geldituko abestian kantatzen zuen
moduan, “Nork esan du ezinezkoa da? Nork onartu hori hala dela? Zaila bada, ez
da ezinezkoa; zaila bada, badago lortzea”.
Deialdia:
Bartzelona: Victor Valdes, Jose Manuel Pinto; Dani Alves,
Carles Puyol, Gerard Pique, Eric Abidal, Adriano Correia; Javier Mascherano,
Xavi Hernandez, Sergio Busquets, Cesc Fabregas, Thiago Alcantara, Sergi
Roberto, Jonathan Dos Santos; Lionel Messi, Alexis Sanchez, Isaac Cuenca eta
Cristian Tello
Reala: Claudio Bravo, Toño Ramirez; Carlos Martinez, Dani Estrada, Iñigo Martinez,
Mikel Gonzalez, Vadim Demidov, Ion Ansotegi, Liassine Cadamuro; Mikel Aranburu,
Markel Bergara, Ruben Pardo, Javi Ros; Xabi Prieto, Carlos Vela, Antoine
Griezmann, Diego Ifran, Imanol Agirretxe eta Joseba Llorente
No hay comentarios:
Publicar un comentario