miércoles, 21 de marzo de 2012

BOSGARRENAREN BILA

Sinesgarritasuna berreskuratu behar du Realak Levanteren aurka (20:00, C+L2 / PPV). Getaferen kontra 1-0 galdu ondoren, oinak lurrean dituzte jokalariek, eta gaur egun Europarekin amestea utopia hutsa dela konturatu dira. Anoetatik kanpo irabazteko gai ez diren bitartean, jai dute. Azken pauso hori falta zaio taldeari. Etxean, berriz, bai, sendo ari dira txuri-urdinak. Lehen itzuliko gabezietako bat izan zen etxean zenbait puntu galdu izana, baina, bigarren itzulian lau partida jarraian irabazi dituzte, eta bosgarrena bilatuko dute. Baina, tentuz, Levante Ligako ezustekoa delako.

Getaferen hamaikakoarekin alderatuta, hiru bat aldaketa espero dira. Markel eta Griezmann deialditik kanpo geratu dira, min hartuta eta bosgarren txartela ikusteagatik, hurrenez hurren. Lehenaren hutsunea Pardok bete du deialdian, baina sorpresa litzateke gaztetxoa hasieratik ikustea. Elustondo edo Aranburu ariko dira hasieratik, eta Pardok bigarren zatira arte itxaron beharko du. Maçonekoaren lekua Agirretxek hartuko du. Etxetik kanpo ez bezala, Anoetan erasoan erreferente batekin jokatzen du Montanierrek. Hala, postua usurbildarrarena da. Anoetako azken bi partidetan hiru gol sartu ditu: Bat Mallorcari eta bi Zaragozari. Mikel Gonzalez ere deialdira itzuli da, txartel horien zikloa pasa ondoren, eta, Demidovek Getaferen aurka partida txukuna egin zuen arren, norvegiarra ordezkatuko du. Dena den, kontuan eduki behar da zazpi egunen buruan taldeak hiru partida jokatuko dituela, beraz, Montanierrek errotazioak egiteko erabil dezake Levanteren aurkako partida.

Joko bolada onari eutsi nahi dio Realak. Aurrelariak konfiantzarekin jokatzen ari dira, eta atzelariak sendo daude. Partidak jokatu ahala gainera, zelai erdia gero eta irmoagoa da, eta partidak kontrolatzeko joera dute. Hobeto defenditzen da baloiarekin baloirik gabe baino. Dena den taldearen eta zaleen arteko batasuna ez da erabatekoa. Zaleak beti egongo dira Realaren alde, eta hala daude orain. Halere, bada nolabaiteko sentipen bat jarraitzaileen artean. Taldeak gehiago egin dezakeela uste dute, eta entrenatzailearen planteamendua eta erabakiak gaitzesten dituzte. Maizegi azaldu da Lasarte hitza zaleen ahoan, eta Montanier bota behar dela pentsatzen duen bat baino gehiago daude. Baina, hala eta guztiz ere, Anoeta aurkarientzako zelai zaila bihurtu dute, bai jokalariek, baita ere entrenatzaileak. Benetan garrantzitsua, bigarren itzulian Realaren antzeko puntuak dituzten talde ugari datozelako; eta, salbazioa, edo dena delakoa hor oinarrituko delako.

Kanpoko partidei begiratuz gero, estatistikak etsigarriak dira beste behin ere. Bigarren itzulian etxetik kanpo lortutako azken garaipena Cadizen aurkakoa izan zen. Bigarren Mailan. Carlos Buenok sartu zituen garaipenaren 3 golak arratsalde horretan. Ia bi urte bete dira ordutik. Larunbatean, gainera, Santiago Bernabeun jokatzen dute txuri-urdinek. Komeni da beraz, etxean puntuak pilatzen jarraitzea.

Levante, umilaren fedea

Baina Anoetako bolada ederrarekin jarraitzea ez da lan samurra izango. Levanteri irabaztea ez da batere erraza. Denboraldi hasieran Levante sailkapeneko buruan ikusten zuten askok, laster eroriko zela aurreratu zuten, eta sekulako zartakoa jasoko zuela Valentziako taldeak. Levantekoek ez zioten inori erantzun, isil-isilik zelaian erantzutea erabaki zuten. Umiltasunez, ilusioa piztu dute zaleengan, eta Liga amaitzeko 11 jardunaldi falta direla Txapeldunen Ligako postuetan daude.

Laugarren postuan badaude, ez da zorte kontua, lan onaren erakusle baizik. Ez dira Ligako jokalari onenak, eta gabezia ugari dituzte. Baina, beraien hutsak indar-guneekin estaltzen dituzte. Jokalari beteranoek osatzen dute taldearen bizkarrezura. Eskarmentuz beteriko jokalariak dira Ballesteros, Barkero, Juanfran, Del Horno, Farinos eta enparauak. Hamaika ikusi dute, eta badakite zer den lehen mailan lehiatzea. Horregatik ari dira hain ondo. Horregatik, eta egiten dutenean sinisten dutelako. Fededunak dira. Itsu-itsuan sinisten dute beren gaitasunetan, eta, hala, arerioen gaindi jokatzen dute. Partiduro %150 ematen dute, eta zaila da horrekin lehiatzea.

41 punturekin salbazioa lortuta, behingoz Europari amesteari ekin diote. Bigarren itzuli apalagoa egiten ari dira, ia miraria zatekeelako hasieran emandako itxura. Dena den, Realak erne ibili beharko du, talde sendo eta gogorra izaten jarraitzen dutelako. Atzelari gehienak 30 urtetik gorakoak dira. Del Horno, David Navarro, Juanfran eta Ballesteros –taldeko izar eta ikur bihurtua- jokalari zakarrak dira, faltak egiten iaioak eta buruz abilak. Velaren abiadurak min handia egingo die mexikarrak bere eguna badu oso motelak direlako. Zelai erdian ere esperientziaz beteriko gizonak ditu Juan Ignacio Martinezek. Barkero Realeko jokalari ohia eta Farinosek daramate aginte makila. Erasoan berriz, defentsan ez bezala, abiadura handiko jokalariak dituzte. Jada ez dago Caicedo, baina Konek maila ona eman du, baita El Zharrek azkenaldian. Zortez, Valdo ez da Anoetan izango, bosgarren txartel horia ikusi zuelako azkeneko partidan.

Bestetik, txuri-urdinek kontuz ibili beharko dute geldikako jokaldietan. Levantekoak iaioak dira halako jokaldietan eta  makina bat gol sartu dituzte. Ballesterosek edo Del Hornok –bi bakarrik aipatzearren- arrisku handia eragiten dute buruzko erremateetan. Barkerok nahi duen tokian jartzen du baloia. Ez berak bakarrik, aipatzekoa da Ruben Suarezen lana. Ordezkoa da, eta bigarren zatian izaten ditu minutuak soilik, baina dagoeneko 8 gol sartu ditu, bi faltaz. Biak azken minutuan sartuak gainera, Realari joaneko partidan bat. Jokalariek erne ibili beharko dute faltak areatik gertu egiterakoan, eta Bravok berak tentuz ibili beharko du, gol bat baino gehiago jaso duelako falta baten bidez.

Deialdiak:

Reala: Bravo, Ramirez;  Estrada, Demidov, Mikel Gonzalez, Iñigo Martinez, Cadamuro, De la Bella; Xabi Prieto, Pardo, Aranburu, Zurutuza, Elustondo, Illarramendi; Agirretxe, Vela, Ifran eta Llorente

Levante: Munua, Navas; Pedro Lopez, Venta, Ballesteros, Cabral, Navarro, Del Horno, Juanfran; Barkero, El Zhar, Xavi Torres, Iborra, Botelho, Farinos; Ghezzal, Ruben Suarez eta Konen

No hay comentarios:

Related Posts Plugin for WordPress, Blogger...

TODAS LAS NOTICIAS
POR FECHAS