lunes, 2 de abril de 2012

EKAITZA, BEREALDIA ETA TSUNAMIA


Ekaitzarekin hasi zen Rayoren aurkako partida. Aste osoko trumoi hotsek eragindako zeru beltzarekin. Giro nahasia nabari zen, eta deserosotasuna zegoen Anoetako harmailetan. Seigarren minuturako hasi zen, halere, zerua oskarbitzen eta atsedenaldirako txuri-urdinek giroa baretu zuten. Bigarren zatian, berriz, tsunamia etorri zen,  eta Realak Rayori 4-0 irabazi zion. Ekaitzetik, barealdira. Jaitsiera  postuak zortzi puntura daude orain, eta Lehen Mailan mantentzea errazagoa dirudi. Espanyolen aurkako partida ez  da hil edo bizikoa izango, gutxienez.

Madrilgo diskoteka batean hainbat jokalarik egindako irtenaldiak giroa nahastu zuen, eta zaleek hautsak harrotu zituzten beren haserrea adieraziz. Futbolaz gutxi hitz egin zen aste  osoan. Partida ordutegia ere ezohikoa zen, igande bateko 21:30ak, beranduegi  aukeran. Partida  hasi baino ordu erdi lehenago normalean baino mugimendu gutxiago zegoen Anoetako kanpoaldean, eta harmailak erdi hutsik geratzeko arriskua zegoen. Osagai guzti horiek nahastuta edozer atera zitekeen nahasketatik, zerbait ona edo zerbait txarra.

Azkenean, aste zalapartatsuenak partida lasaiena izan zuen. Ordu erdi iraun zuen partidak, eta azken 30 minutuak soberan egon ziren. Agirretxek 6. minutuan sartu zuen gola, Estradaren erdiraketa on bati esker. Zorte apur bat izan zuen usurbildarrak  Arribas atzelaria irristatu egin zelako. 30. minutuan Zurutuzak buruz bigarren gola sartu zuenean akabatu zen Rayoren itxaropena. Ekaitza eta barealdia. Burua makurtu zuten eta bigarren zatirako gorde  zituzten indarrak. Baina indartsuen Reala atera zen bigarren 45 minutuetan. Barealdiaren ondoren, tsunamia iritsi zen, eta bi minututan bi gol sartu zituzten txuri-urdinek; Griezmannek lehenbizi eta Velak segidan. Eta, tsunamiarekin, olatua, zaleak olatuarena egiten hasi zirelako, pozarren. Hor behin-betiko hil zen partida.

Egiari zor, 4-0 irabazi arren,  Reala ez zen Rayo baino  askoz gehiago izan. Rayok ausart ekin zion partidari, eta  hiru puntuen bila  joan zen uneoro. %61eko baloi  jabetza aurkariaren asmoen erakusle  garbia da. Movilla jaun eta  jabe izan zen zelai erdian eta Michuk eta Diego Costak beldurra sartu zuten harmailetan hainbat aukerekin. Lehen hiru minututan bi aukera garbi izan zituzten, baina ez zuten asmatu.  Erasoan huts egindakoa, atzealdeko hutsekin ordaindu zuten. Defentsa ahul baten gatibu izan ziren. Sandovalek Diakate jarri zuen hasieratik, eta hark ez zuen behar bezalako maila erakutsi.

Partida berezi eta garrantzitsua izan zen Realarentzat. Asko zuten erakusteko aurreko asteko jipoiaren ondoren. Bravok estreinekoz jokatu zuen kapitain bezala, eta  Juan Gomez handiaren ondoren, Realeko kapitain gisa jokatzen duen  bigarren atzerritarra da. Partida eta bigarren zatia hasi aurretik, zelai erdian jokalari guztiak elkartu zituen harengatzeko. Montanierrek epelak entzun ditu, eta ia zale guztiek bere dimisioa eskatu dute, nekatuta baitaude entrenatzailearen hainbat erabakiekin. Jokalariak, baina, Montanierren alde daude, eta hainbat detaile izan zituzten haren laguntza eskertzeko. Griezmannek eta Velak gola sartu zutenean korrika bizian joan ziren entrenatzailearengana hari besarkada bero bat emateko. Detaile polita.

Sandoval, Rayoko entrenatzaileak ere xehetasun politak izan zituen. 4-0ekoarekin Labaka Realeko jokalari ohia jarri zuen beroketak egiten, Azpeitikoak harmailetako beroa jaso zezan.  Ordurako Tamudo ere beroketa lanak egiten ari ziren. Dena den, Rayok dagoeneko bi aldaketa egin zituen, eta bietako batek joka zezakeen bakarrik. Labakak jokatu ez arren, gutxienez, zaleen eskerra jaso zuen. Tamudo txalo artean zelairatu zen gero.

Partida amaitua zegoela ikusita, Montanierrek minutuak eman zizkien Pardori eta Llorenteri.  Ordu laurdena  izan zuten  bi jokalariek. Ez zen aski izan, eta agian, lehenago egin behar zituen aldaketak.  Dena den ez zen gehiegi jokatu azken hogeita hamar minutuetan. Hasieran, Rayok defentsa aurreratuarekin  berdinketa bilatu zuen, baina laugarren golaren ondoren, metro batzuk atzerago defendatzen hasi zen.  Tsunamiarekin sarraskia egon zitekeen, eta  gol festa handiagoa etorri, baina sarraskia  lesio moduan iritsi zen. Iñigo Martinez min hartuta atera zen zelaitik, eta azterketa  medikuek adierazi beharko dute zenbaterainoko lesioa duen. Dena den, kezkagarria izan daiteke. Hurrengo astean Demidovek eta Ansotegik jokatu beharko dute hasieratik. Minutu gutxi  izan dituzten bi jokalarik.

Ikuskizuna zelaian ez zegoenez, harmailetara pasa zen festa. Gonbidatu bereziekin eta guzti. Rayoko zale ugari  etorri ziren Anoetara, eta taldea hauspotzen ibili ziren 90 minutuak. Lau golez atzetik egon arren, “Badago lortzea” eta antzekoak abestu zituzten. Aitor Zabaleta gogoan izan zuten eta behin baino gehiagotan jaso zuten zaleen arreta eta txaloak. Bikain aritu ziren, errespetu guztiz. Hamarrekoa haientzat. Nire aldetik, chapeau. Beste f ondoa hutsik egon zen. Mujika taldeak protesta egin zuen Getafeko partidako gertaerak salatzeko. Isun gogorra jarri diote Mujikako 39 jarraitzaileri, eta  bi  urtez  ezingo dute futbol zelai batean sartu.

Atzoko garaipenarekin 36 puntu ditu taldeak. Jaitsiera postuak 8 puntura  daude, Zaragozak markatzen du muga, eta hurrengo astean Bartzelona hartuko dute, beraz, 8 puntuko langak hor jarraituko du bi  astez bederen. Realak Bartzelonara bidaiatuko du, Espanyolen etxean, Cornellan, jokatzeko. Ez da partida erraza  izango, baina  atzoko itxura emanez gero, aukerak izango dituzte Donostiako txuri-urdinek. Nahi dutenean, badakite futbolean jokatzen.

Partidako onenak:

3.- Imanol Agirretxe: Golak eta asistentziak. Partida borobila egin zuen Usurbilgoak. Buruz  ia baloi guztiak eraman zituen, eta uneoro zirikatu zituen atzelariak.  Bikain.

2.- Asier Illarramendi: Movilla eta  Michu bezalako  jokalariak aurrean izan arren, ez zen koldartu. Defentsan fin, eta erasoan pase  garrantzitsuak ematen. Harribitxia  da Mutrikuko gaztea.

1.-  Dani  Estrada: Jokalari askori eman diezazkioket puntuak gaurkoan, horregatik ematen diot  puntu  hau Estradari. Partida kaskarra egin zuen Levanteren aurka, eta bosgarren txartel horia ikusi zuen. Madrilen ez zen egon, beraz, eta atzokoa zen bere itzulera. Maila ona eman zuen,  eta lehenengo goleko pasea. Ondo.

No hay comentarios:

Related Posts Plugin for WordPress, Blogger...

TODAS LAS NOTICIAS
POR FECHAS