Sasoiko azken
partida jokatuko du Realak etxetik kanpo, Osasunaren zelaian (21:00; C+L2).
Racingen aurka irabazi ondoren, txuri-urdinak salbatuta daude, eta presiorik
gabe iritsiko dira Europa Ligako lehian murgilduta dauden gorritxoen aurka.
Nafarrak Europako postuetatik bi puntura daude, eta Realaren aurka emaitza
positiborik lortzen ez badute, agur esango diote amets europarrari.
Presiorik gabe
eta ustezko helburua beteta lasai atera daiteke taldea. Horrek lehiakortasun
falta ekar dezake, aurkariaren gosearen aurrean, porrota esan nahi dezakelarik.
Baina badaude larunbatean irabazteko arrazoi ugari. Lehenik eta behin, derbiak
beti dira derbi, eta inork ez du gogoko lehiakortasunez beteriko partida bat
galtzea. Sailkapeneko diferentziak apurtu egiten dira, eta salbatuaren ustezko
gose faltatik hortzak izerditan edukitzera pasatzen da. Horrez gain, askok
oraindik ez dute ahantzi orain bost urte, jaitsieraren denboraldian Sadarren
jazotakoa. Salbazioa eskura zuen Osasunak, baina, hala eta guztiz ere, amorru
biziz zelairatu ziren gorritxoak eta egundoko jipoia eman zioten Realari.
Osasunako zaleek txistu egin zioten bere taldeari, eta, gerora, Reala Bigarren
Mailara jaitsi zen sasoi horretan. Osasuna Europa Ligatik at uztea mendeku gozoa
litzateke txuri-urdinentzat.
Baina, horiek
ez dira partida irabazteko arrazoi bakarrak. Real Madril txapeldunaren aurka
galdu zuenetik, taldeak zazpi jardunaldi daramatza galdu gabe. Hori bai, bi
garaipen lortu ditu bakarrik. Liga amaierara arte galdu gabe iristea ona
litzateke, eta akuilua izan liteke zaleek Montanierri laudorioren bat emateko.
Gainera, bigarren itzuli guztian Realak ez du partida bat bera ere irabazi.
Marka litzateke horrela geratzea. Iruñekoak, beraz, estatistikak gizentzeko eta
apurtzeko balio dezake aldi berean.
Baina beste
arrazoi bat dago guzti horien gainetik: Mikel Aranburu, kapitaina. Aste honetan
aditzera eman duenez, futbolari izateari utziko dio denboraldi amaieran. Beraz,
Osasunaren aurkako norgehiagokoa etxetik kanpo jokatuko duen azkenekoa izango
da, Azpeitiarraren azken derbia. Txuri-urdinek garaipena zor diote orain dela
hogei urte elastiko txuri-urdina lehen aldiz jantzi zuen mutiko horri.
Taldea
salbatuta dago, bai, baina hiru puntu baino gehiago daude jokoan, eta ezin da
mesedeak egiten hasi. Ohorea, mendekua eta omenaldia. Badaude irabazteko
arrazoiak.
Entrenatzaileak
eta jokalariek ere ezagutzen dute partidaren garrantzia. Jokatzeko moduan
zeuden jokalari gehienak deitu ditu Montanierrek. Carlos Martinez, Zubikarai eta
Pardo geratu dira soilik deialditik kanpo. Ordezko atezaina txertatu zale da
entrenatzailea, eta hegaleko atzelari bat ere deialditik kanpo utzi ohi du, bi
aulkian izatea gehiegitxo delako. Harrobiko taldeak, berriz, Realak baino
gehiago behar du Pardo uneotan. Hirugarren Mailara ez jaisteko lehian dago
Sanse, eta Pardok asko lagundu dezake. Normalena Aranburuk hasieratik jokatzea
izango litzateke. Beste jokalariekin asmatzea zailagoa da, azken partidak
izanik, minutu gutxien jokatu duten jokalariei aukerak eman baitizkie
Montanierrek. Batak edo besteak jokatu, talde lehiakorra zelairatu dezake
frantziarrak.
Osasuna,
Europarekin ametsean
Iruñea aldean
sentimendu kontrajarriak daude. Taldeak denboraldi ona jokatu du, talde
handienen aurreko hondamendiak salbu. Horregatik dago Europako Ligatik hain
gertu. Dena den, azken emaitza txarrek ametsa apur bat aldendu dute. Orain dela
bi jardunaldi gertuago zirudienak, oso zail dirudi orain. Bi puntu azpitik
daude gorritxoak, baina talde ugari sartu dira lehian. Osasunaren aukera
guztiak Realari irabaztetik igarotzen dira. Galduz gero, agur esango diote
ametsari.
Balentria
lortzeko, Mendilibarrek ezingo du ez Roversio, ez Damia, ezta Lekic deitu.
Lehen biek bosgarren txartel horia ikusi zuten, eta aurrelariak txartel gorria
ikusi zuen jokaldi inozo batean. Gauzka hala, harrobiko hiru jokalari deitu
ditu entrenatzaile bizkaitarrak.
Joanekoan,
Realak urteko partida onenetakoa jokatu zuen, baina 0-0 amaitu zuen, Andres
Fernandezen partida paregabeagatik. Partida hartan, Osasunaren defentsak
gorriak ikusi zituen Vela, Griezmann eta enparauak gelditzeko. Erotuta amaitu
zuten. Osasunaren zelaierdiak ere dezente sufritu zuen. Aurrekari horiek
Realaren alde dauden arren, oso bestelako partida espero da Sadarren; itxia eta
itsusia, Osasunaren gogokoa. Horrela, Realak erne ibili beharko du Raul
Garciaren mugikortasun eta iritsierekin eta Ninoren oportunismoarekin.
Larunbata
izanik, giro bikaina espero da, eta jokoan asko ez dagoen arren, zale
txuri-urdin ugari egongo dira Iruñean Realaren garaipenarekin gozatzeko prest.
Deialdiak:
Osasuna: Andres Fernández, Riesgo; Lolo, Marc
Bertrán, Miguel Flaño, Raitala, Ruben, Sastrustegui; Cejudo, Lamah, Nekounam,
Puñal, Loue, Raul Garcia, Timor; Ibrahima, Manu, Nino
Reala: Bravo, Ramirez; Estrada, Demidov,
Ansotegi, Mikel Gonzalez, Cadamuro, De la Bella; Xabi Prieto, Elustondo,
Illarramendi, Aranburu, Zurutuza, Griezmann; Vela, Ifran, Agirretxe eta
Llorente
No hay comentarios:
Publicar un comentario