426 partida jokatuta. 13 urte zituenetik
elastiko txuri-urdina jantzita. Mikel Aranburu Eizagirrek bihar utziko dio
futbolari izateari, agur esango dio bere bihotzeko taldeari, eta hurrengora
arte esango die Anoeta txiki utziko duten zaleei bere 427. partidan. Badoa, eta
estali ezineko hutsunea utziko du kapitain handiak. Valentziaren aurka jokatuko
du azken partida hori, 20:00etan. Bi taldeek ez dute ezer jokoan, bakoitzak
bere helburuak beteta. Hala, kapitaina omentzeko gaua izango da biharkoa.
Kapitainarengatik, kapitainarentzat.
Aranburuk eta hamar gehiagok jokatuko dute
bihar. Philippe Montanierrek aurreratu duenez, hasieratik jokatuko du
kapitainak. Zelaian esan nahi du agur azpeitiarrak. Partida berezia izango da
kapitainarentzat, 1997ko ekainaren 22an Logroñesen aurka jokaturiko hura
bezala, bere debuta, edo bi urte geroago Atletico Madrilen aurka Anoetan
jokatuko hura bezala, Realaren elastikoarekin sarturiko lehen gola ez baita
erraz ahazten. 2002-2003 denboraldian txapeldunorde geratzea, Txapeldunen Liga
jokatzea, Bigarren Mailara jaitsi eta Lehen Mailara itzultzea... Hamaika
bizipen gazi eta, gehien bat, gozo txuri-urdinez jantzita.
Ezer gutxirako balioko du bihar garaipena
lortzeak, denboraldia 47 punturekin itxi, eta iaz baino bi puntu gehiago
lortzeko soilik. Baina, kapitainak garaipen batekin esan behar du agur, ez
berdinketa edo porrot batekin. Asmatzen zaila da zein hamaikako jarriko duen
Montanierrek. Biharkoa ez da Aranbururentzat soilik izango txuri-urdin moduan
jokatuko duen azken partida. Baliteke Velak, Demidovek eta Ifranek ere
azkenekoz jokatzea Realarekin. Mexikarra fitxatzen saiatuko da Realaren
zuzendaritza, baina ez da erraza izango. Aurrelaria ez dago guztiz
konbentzituta, eta maila handiko taldeak daude haren atzetik. Ia ezinezkoa
izango da hura gelditzea.
Atzelariak Norvegiara itzuli nahi du, eta
talderen baten eskaintza jasoz gero, Realak ez du oztopo handirik jarriko.
Cadamurok eta Elustondok atzelari gisa joka dezakete, eta bestela Gaztañaga
gaztea heldu daiteke lehen taldera. Ifranen kasua bereziagoa da. Minutuak nahi
ditu uruguaiarrak, jokatu eta golak sartu. Gosez dago, baina Montanierrek ez du
asetzen. Frantziarrak jarraitzen badu, aurrelaria joan egingo da, ziurrenik,
utzita. Entrenatzaile aldaketarik balego, Realan jarrai dezake. Izan ere, azken
asteko ezustekoa izan da Montanierrenea. Donostian beste urtebete jarraituko
zuela zirudienean, zalantzak hasi dira. Aperribayk hemen nahi du, baina
Frantziako talde batek hiru urteko kontratua eta diru gehiago eskaini dio.
Montanierrek begi onez ikusi du eskaintza, eta zer egin pentsatzen ari da.
Hurrengo astean jakinaraziko du bere erabakia. Frantziarrak jarraitzen ez badu,
ez dago batere argi zein izango den entrenatzailea. Emery Moscura bidean, Luis
Aragones izan daiteke hurrengo entrenatzailea.
Aranburu agurtzeko, Anoeta beteko dute
zaleek. Zuzendaritzak 10 euroko sarrerak jarri ditu, zelaia txiki uzteko.
Harmailen beroak urtu egingo du atletismo pistek sortzen duten hoztasuna,
guztia Mikelengatik. Bien bitartean, astean zehar berriak egon dira. Cadamurok
eta Bravok beren selekzioen deia jaso dute, eta Illarramendik eta Pardok 21
urtez azpiko Espainiakoarena. Elustondo eta Carlos Martinez arazo fisikoekin
ibili dira, eta ziurrenik atsedena izango dute. Realak elastiko berezia
jantziko du irabazitako bigarren liga oroitzeko. Bestetik, zaleei hogei minutu
lehenago sartzeko eskatu dio Realak, Aranburu omentzeko ekitaldiak egongo
direlako. Halaber, partida amaitu ondoren gelditzeko eskatu dute ere.
Valentzia, hirugarrenez, hirugarren
Aurkariari dagokionez, lasai dator
Valentzia, etxeko lanak eginda, eta biharko partidan baino, etorkizunean du
burua. Kirol arlotik kanpoko urak nahasi baitatoz. Unai Emeryk helburua bete
du, eta Valentzia Txapeldunen Ligarako zuzenean sailkatu da hirugarren
geldituta. Europako Ligan eta Espainiako Kopan finalerdietaraino sailkatu dira;
Atletico Madrilek eta Bartzelonak kanporatu dituzte, hurrenez hurren. Halere,
zaleek haserre amaitu dute entrenatzailearekin, eta honek taldea uztea erabaki
du. Gipuzkoarrak Spartak Moscu taldea entrenatuko du datorren denboraldian,
Valery Karpinen taldea.
Haren ordezkoa azkar lotu du zuzendaritzak.
Mauricio Pellegrino jokalari ohia fitxatu du. Liverpoolen Rafa Benitezen
itzalean ibilitakoa da. Horrez gain, Canales gazteak berriz ere min hartu du
eta hilabete luzez zelaietatik kanpo egongo da. Hori gutxi balitz, Bankia
bankuko arazo ekonomikoek taldea erabat zipriztindu dute. Bankia eta
Valentziaren egoera ekonomikoaren osasuna eskutik doaz, eta etorkizunean arazo
handietan sartu daiteke Valentziako taldea. Halere, komunikabideetan bederen,
lasaitasun hitzak izan ditu presidenteak.
Lerro hauek idazterakoan, ez zegoen Emeryren
deialdiaren berririk, baina Valentziako berripaperek aurreratutakoaren arabera,
baliteke hainbat jokalari etxean geratzea, eta entrenatzaileak hainbat gazteri
aukera ematea. Besteak beste, Paco Alcacer gazteak minutuak izan ditzake.
Etorkizunerako aurrelari bikaina izan daiteke Alcacer. Bestela, Realan bezala,
azken partida jokatuko dute hainbat jokalarik. Jokoan gutxi izan arren, erne
ibili beharko da, Valentziak hamar urte daramatza eta Anoetan galdu gabe.
24 ordu eskas geratzen dira Mikel Aranbururi
agur esateko. Talde honen 102 urtetan jokalari gutxik sortu dute azpeitiarrak
bezalako mirespena. Jarraitu beharreko eredua da harrobiko jokalari
guztientzat. Zelaian ez dugu gehiago ikusiko, baina inor ez da ahaztuko
kapitainaren jokaldiez. Anoetan jokalari bat 11 zenbakia soinean ikusiko dugun
guztietan, Mikel Aranburu etorriko zaigu burura. Iritsi zen bezala doa,
diskrezio osoz, naturaltasunez; eta, zaleek naturaltasunez gogoratuko dute.
Agur, Mikel.
No hay comentarios:
Publicar un comentario