domingo, 26 de agosto de 2012

Reala 2-1 Celta
MEREZITAKO HIRU PUNTU

Aurpegia arimaren ispilua omen da. Nahikoa da partida amaierako irudi bat atzo Anoetan ikusi zena laburtzeko. Griezmannek txikituta amaitu zuen partida, karranpekin, azkeneko jokaldiko esfortzuagatik. Bi taldekidek lagundu zioten aldageletara bidean, baina irribarrez zeuden hirurak. Sufritu, bai; baina gozatu. Anoetako estreinaldian, sasoiko lehenengo partida irabazi zuen Realak, Celtaren aurka. Partida ona jokatu zuten txuri-urdinek, batez ere erasoan, baina markagailua irauli behar izan zuten, lehenengo gola aurkariek sartu eta gero.

Badago itxaropenerako tartea. Taldeak baloia oinetan duenean gozatu egin daiteke. Kalitate handiko jokalariak ditu Realak zelai erditik aurrera, eta bere eguna dutenean aurkariak erotzeko gai dira. Griezmann izan zen horren erakusle garbiena. Aurre denboraldian egin bezala, euskarrian jokatu zuen, hegaletik urrun, eta sekulako erakustaldia eman zuen: abiadura, paseak erabakigarriak emateko gaitasuna, erremate onak... Bere oinetan hasi zen berdinketaren gola; baina ez jokaldi hura soilik, beste asko ere Maçonekoak sortu zituen, lotsagabe, beterano baten moduan. Eta, pentsa, frantziar gaztxetxoari Vela, Xabi Prieto, Agirretxe, Pardo eta Chory Castro bezalako jokalariak ondoan jartzen badizkiogu, palomitak hartu eta txalo egiteko ordua da. Gozatzeko une asko izango dituzte zaleek urte honetan.

Baina guztia ez da ederra. Bartzelonaren zelaian ikusi zen bezala, taldea oso ahula da defentsan. Atzo, Celtak ez zituen aukera asko izan, baina hurbiltzen ziren bakoitzean, arriskua zegoen.Gola defentsaren oparia izan zen, Iago Aspas eta Enrique De Lucas gelditzen ez zutelako asmatu. Baina aurretik beste aukera garbi bat izan zuten galiziarrek. Eskerrak Bravo erne zegoen baloia hankarekin ateratzeko. Lehen zatian
Ansotegik txartel horia ikusi zuen Iago Aspas abiada bizian Bravorengana zihoanean, eta De la Bellak beste arriskuko jokaldi bat gelditu zuen baloia kornerrera bidaliz. Estrategia jokaldietan, behinik behin, ez zuten sufritu txuri-urdinek. Erasoaren eta defentsaren arteko oreka falta zaio taldeari. Oreka hori lortzen badu, sailkapenean gora begiratu dezake.

Bartzelonaren kontrako astinduaren ondoren, ondo ekin zion partidari talde txuri-urdinak, serio. Lehenengo minutuetatik baloiaren jabetzaren jabe egin ziren, eta hegaletatik min egiten hasi ziren. Hugo Mallok eta Roberto Lagok dezente sufritu zuten, azkenak, batez ere. Estrada erasoan behin eta berriz azaldu zen, eta Xabi Prietorekin batera zuten nagusitasunaz baliatu ziren erdiraketak bata bestearen atzetik jartzeko.
Celtako atzelariek ahal zuten moduan urruntzen zuten baloia, baina baloiaren jabetza txuri-urdinena zen berriro. Hala, horrelako jokaldi baten ondoren, zutoinera bidali zuten baloia Agirretxek, aldaratzea Ansotegiri iritsi zitzaion eta zutoinera bidali zuen ere Berriatukoak. Baloi hori aurrelari batek hartu izan balu... Realak joko erauntsiarekin jarraitu zuen lehenengo zatian. Griezmann nahieran zebilen zelai erdian, gustura, eta Velak eta Prietok oso irekita jokatu zuten, marratik gertu. Prietoren erdiraketa bat sareetara bidali zuen Agirretxek, baina marrazainak baliogabe utzi zuen jokoz kanpo zegoelakoan; ez zegoen. Lehenengo 45 minutuak amaitu aurretik, Griezmannek ere zutoinera bidali zuen Velak jokaldi eder bat egin ondoren jarritako erdiraketa. Ez zegoen modurik. Gehiegi barkatzen ari zen Reala. Celtak Iago Aspasen eskutik izan
zuen aukeraren bat, baina ezer gutxi egin zuen.

Bigarren zatia desberdin hasi zen. Paco Herreraren mutilak etxekoak baino esnatuago zelairatu ziren, iaz behin baino gehiagotan pasa zen bezala. Illarramendiri eta Markeli nekaturik antzematen zitzaien, eta mutrikuarrak gainera txartel horia zeukan. Ordurako Kron-Delhi Estrada erotzen hasi zen, zarauztarra defentsa lanetan behartuz. Iago Aspasek aukera ezinhobea izan zuen defentsako hutsegite larri baten ondoren, baina Bravok hankarekin urrundu zuen. Bigarrengoan ezin izan zuen ezer egin, baina. Aspasen beste jokaldi on bat eskuadratik errematatu zuen De Lucasek. Realak lehenengo zatian izandako aukera guztien ondoren, Celta zegoen aurretik. Harrigarria. Bost minutu iraun zuen ispilatzeak, Griezmannek, nork bestela, baloia zelai erdian hartu zuen, eskuin hegaletik gertu. Korrikaldia hasi zuen eta ez zuen Celtako inork gelditu, erdialdera egin zuen eta pase bikaina eman zion Agirretxeri. Usurbildarrak ezker oinarekin sartu zuen gola, baliozkoa oraingoan. 53. minutuan 1-1 zen partida.

Txuri-urdinentzat ez zen aski, baina. Montanierrek aldaketak egitea erabaki zuen. Illarramendik partida kaskarra jokatu zuen, eta Pardo jarri zuen bere ordez. Errioxarra oso bestelako aritu zen, baloia zuen bakoitzean ondo jokatuta, erasoan agertuz, eta defenditzeko ordua zenean baloiak lapurtuz. 60. minutuan etorri zen garaipenaren gola. Eskuin hegaletik enegarren erdiraketa jarri zuen Estradak. Lurrera botata baloia
berreskuratu zuen Velak, bi jokalariri izkina egin zien, eta ahal zuen moduan erdiratu zuen. Celtako defentsak oso motel aritu ziren, eta Agirretxe azkarragoa izan zen. Hanka bi jokalariren artean sartu, eta bere bigarren gola sartu zuen. Oso ondo hasten ditu denboraldiak Agirretxek —iaz bi gol sartu zituen Molinonen lehenengo jardunaldian—, eta aurten ere horrela ekin dio, 82 minututan bi gol sartuta. Dinamita.

Azken ordu erdia ez zen erraza izan, Realaren gabezia eta indarguneen isla. Celtak arriskatu beharra zeukan, eta Montanierrek Elustondo zelairatu zuen zelai erdia indartzeko —aurretik Chory sartu zen zelaira. Baloia etxekoen areatik hurbil zegoenean, sufritu egiten zuten zaleek, baina berreskuratu eta kontraerasoak egitean gola gertu zegoen. Agirretxek —ordezkatua izan aurretik— hirugarrena hurbil izan zuen, baina Javi Varasek ondo gelditu zuen, eta Prietok, Castrok eta Griezmannek ere gola sartu eta partida erabakita uzteko aukerak izan zituzten.

Mallorcara lasaiago bidaiatuko du Realak. Celtaren aurka irabazi ondoren, ez dago puntuak pilatzeko premiarik. Celtaren aurka jokatzeak oroitzapen politak zekartzan gogora, baina Mallorcakoak ez ditu hain oroitzapen ederrak ekartzen. Kopako kanporaketa oso mingarria izan zen. Castrok bost urtez jokatu zuen han, eta ongi baino hobeto ezagutzen ditu orain gutxi arte bere taldekideak izandakoak. Gogotsu egongo
da. Erasoko dinamita busti gabe jarraitu beharko du Realak Mallorcatik punturen batekin itzultzeko. Goiko jokalariak sasoiko badaude, gertu izango du, behintzat. Baina, atzelariek ere sendo ibili beharko dute horretarako. Hor dago, oraingoz, Realaren erronka, erasoaren eta defentsaren artean dagoen distantzia hori laburtzea.

Jokalari onenak:

3 puntu. Antoine Griezmann: Lehen aldiz jokatu zuen euskarri gisa partida ofizial batean, eta bikain aritu zen. Bere dohainak hegalean baino gehiago erakutsi zituen.osizio horretan partida bat baino gehiago jokatuko du.

2 puntu. Imanol Agirretxe: Bi gol, baliogabetutako beste gol bat eta zutoinera bidalitako jaurtiketa bat. Ezin zaio gehiago eskatu “9” bati. Oso ondo hasten ditu denboraldiak.

Puntu 1. Carlos Vela: Oraindik ez dago sasoi betean, baina izugarrizko kalitatea du. Bigarren gola bere grinari esker lortu zen, eta hegaletik jokaldi politak egin zituen.



No hay comentarios:

Related Posts Plugin for WordPress, Blogger...

TODAS LAS NOTICIAS
POR FECHAS