Onena markagailua denean... Realak 2-0 irabazi zuen atzo Anoetan Zaragozaren aurka. Bitik bi etxean, ondo. Partida zeharo kaskarra izan zen, bi taldeen gabezien erakusle kezkagarria. Baina horrelako garaipenek ere hiru puntu balio dute, eta hori da garrantzitsuena. Ofiziozko garaipena, aurkaria baino gehiago izan gabe eta partida ona jokatu gabe irabaztea garrantzitsua da. Horrela egiten da aurrera, eta ez atzera.
Sasoi honetan faltan botatzen ziren bi jokalarik sartu zituzten golak: Iñigo Martinezek eta Velak. Ondarrutarrak aurreko denboraldian min hartu zuenetik, lehen minutu ofizialak jokatu zituen atzo, eta taldeko atzelari onena dela agerian utzi zuen. Mexikarra ez dago sasoiko, baina bigarren zatian erakutsi zuen bere kalitatea. Ongi etorri biei, zuen esperoan zeuden zaleak.
Lehenengo zatia penagarria izan zen, tamalgarria. Lehen Mailako partida bat baino gehiago, eskualde mailako bi taldek jokatzen zutela zirudien. Joko zuzena, baloi errazak galdu, pase motzetan huts egin... Zaleek txistuka agurtu zuten Reala Anoetan, ez da harritzekoa. Realeko zelai erdiko jokalariak Zaragozaren armiarma sarean galdu ziren, erasoko jokalariekin konektatu ezinik. Vela eta Griezmann behin baino gehiagotan jaitsi ziren Realaren zelaira baloia eskatzeko, baina ez zuten aurrera eramaten asmatu. Markel erabat galduta zegoen, eta defentsa lanetan agertu zen bakarrik. Baloi arriskutsu bat baino gehiago lapurtu zuen, baina gero ez zuen asmatu ondo jokatzen. Illarramendi ez zen Espainiako 21 urtez azpiko selekzioko jokalari bera izan eta Zurutuzak minutuak behar ditu erritmoa hartzeko.
Lehenengo 45 minutuetan Realak arriskuko jokaldi bakarra egin zuen. Griezmann zelai erdira jaitsi zen, erdilari batekin jokaldi on bat egin ondoren, De la Bella erasora zihoala ikusi zuen. Kataluniarra area ertzeraino iritsi zen eta Griezmann bakarrik zela ikusi zuen; hark, ordea, gertutik atezaina zegoen lekura jaurtiki zuen, eta Robertok baloia urrundu zuen. Hurrengo jokaldian, Realak beste aukera bat izan zuen, baina inork ez zuen errematatu ezker hegaletik egindako erdiraketa. Realak arrisku gutxi egin zuen, baina Zaragozak are gutxiago. Baloiaren jabetza gehiago eduki arren, ez zuen asmatu Helder Postiga aurkitzerako orduan. Min gehiena ezker hegaletik egin zuten, Estrada sufriaraziz. 45 minutuak pasa eta gero, harmailetan gehien entzun zen esaldia: “Ogitartekoa, partidako onena”. Selekzioen partidak izan ondoren, bazirudien jokalariak oporretan zeudela oraindik.
Celtaren eta Mallorcaren aurka ederki hasi zituen partidak Realak, lehenengo hamabost minutu paregabeak eginda. Bigarren zatietan, berriz, lokartu antzean hasi ziren, bi gol jasota. Lehen zati txarra egin ondoren, bigarren zati hasieran nolako Reala ikusiko zen ikustear zegoen. Aurrekoetan ez bezala, entxufatuta hasi zen etxeko taldea; oldarkor, erasora. Apurka bere area barnean sartu zuten Zaragoza; lehenengo zatiko armiarma sareetan zuloak topatzen hasi ziren txuri-urdinak. Hala, 9. minutuan, Aragoikoen ahulezietako bat baliatuz sartu zuen gola Realak. Velak ateratako korner bat bikain —baina markarik gabe— errematatu zuen Iñigo Martinezek. Jokalari gehienak ondarrutarra besarkatzera joan ziren, baina ez ziren mexikarraz ahaztu. Bost minutu geroago itxi zuen partida Velak berak. Penalti garbia egin zion atzelariak, eta berak bota zuen. Xabi Prieto min hartuta egonda, ez zegoen argi nork botako zuen penaltia, Griezmannek edo Velak; baina mexikarrak hartu zuen erantzukizuna, akaso berari egin ziotelako penaltia.
Hamabost minututan bi gol sartuta, zaleak lehen 45 minutuetako sufrikarioaz ahaztu ziren. Manolo Jimenezek aldaketak egin zituen, mirarian sinetsita. Horrek atzeko lerroan nahasteak eragin zituen, eta Griezmannek eta enparauek hirugarren gola sartzeko aukera paregabea eduki zuten, baina ezin asmatu. Realak ez zuen sufritu, atzean sendo aritu zen, eta aurkariek ez zuten zirrikiturik aurkitu. Partida ia erabakita egon arren, Montanierrek berandu egin zituen aldaketak. Zurutuzari atseden emanda, Rosek hamabost minutu izan zituen, minutu onak jokatuta. Jose Angelek, ezker hegaleko gisa berriro, eta Ifranek minutu gutxiago izan zituzten bere dohainak erakusteko. Harrobiko taldetik deitutako bi jokalariek ez zuten aukerarik izan: Nanizayamok ez zuen beroketa lanik egin, eta Fuchsek bost minutu baino gutxiago eman zituen arineketan.
Partida irabazi arren, festa ez zen guztiz betea izan. Taldearen argi-ilunak erakutsi zituen atzoko norgehiagokak. Zaragoza egiteke dagoen taldea da oraindik, fitxaketa ugari egin baititu udan. Realak, ligan zerbait egin nahi badu bederen, erraz irabazi behar dio Zaragozari, baina atzo ez zen antzeman bi taldeen artean dagoen balizko diferentzia. Egia da hainbat jokalari min hartuta daudela, eta horietako asko hamaikakoan egon ohi direla; baina kezkagarria izan zen zelai erdiko jokalariek emandako itxura.
Dena den, baikortasunerako gauzak ere nabarmendu daitezke. Iñigo Martinez partidako jokalari onena izan zen. Defentsan sendo aritu zen, ondotik pasa zen baloi oro lapurtuta, eta oldarkor izan behar zuenean oldarkor izaten. Hori gutxi balitz, buruz gola sartu zuen. Taldeko atzelari onena da, atzo azaldu zuen zergatik. Zurutuzak ere urteko lehen partida izan zuen, anemiaz guztiz osatu ondoren. Ez zen bere partida onena izan, baina minutuak eta erritmoa hartzea ezinbestekoa izango da beretzat. Vela ere itzuli da, eta De la Bellak zail jarriko dio Jose Angeli hasieratik jokatzea. Lehia bizia egongo da bi jokalarien artean; eta, hori, mesedegarria da Realarentzat. Azkenik, berri bikaina da Anoetan bi partidatik biak irabazi izana. Hurrengo lehiakidea Athletic izango da, hirutik hiru lortzeko bidean. Anoetan puntu asko pilatuko ditu taldeak, gutxik lortuko dute zerbait etxean; eta kanpoan hobetuz gero, etxeko partidak ateratzea izango da gakoa. Denak ez dira partida errazak izango, Zaragozaren aurkakoak ikusi zen bezala, baina irabazten jarraitzea garrantzitsua da. Levanteren aurka erakutsiko du Realak gora begira jarraitzeko prest dagoen.
Jokalari onenak:
3. Iñigo Martinez: Taldeko atzelari onena da, eta hori horrela dela argi utzi zuen atzo. Defentsan sendo eta erasoan gol bat. Bikaina itzulera.
2. Carlos Vela: Lehenengo zatian erabat desagertuta egon zen, baina bigarrengoan bere mailatik gertuago egon zen. Lehen goleko kornerra berak atera zuen, eta berak sartutako penaltia berari egin zioten.
No hay comentarios:
Publicar un comentario