sábado, 10 de noviembre de 2012

ALTXATU BEHARRA

Laprast egitera ohitu da Reala. Azken urtetan behin baino gehiagotan erori da lurrera. Hala dago orain, lurrean, denboraldiko une zailenean, bolada txar batean murgilduta. Etxetik kanpo irabazi jarraitzen du, eta gol eskasia gero eta kezkagarriagoa da. Malaga, gainera, ez dirudi joera aldatzeko talderik aproposena. Sendo dabil Ligan, bosgarren, eta Txapeldunen Ligan final-zortzirenetarako sailkatu da. Baina txuri-urdinek altxatzen dakitela erakutsi dute behin eta berriz. Une zailenei aurre egiteko indarra erakutsi dute. Hori gertatzeko irrikan dago Montanier, galtzeak kargua uztea ekar baitezake. Horregatik, altxatzen dakiela erakutsi behar du Realak berriro, larunbatean (22:00 Gipuzkoa Sport, Radio STU)

Joko boladak eta arerioaren mailak ekarritako zailtasunak gutxi balira, zelai erdiko hainbat jokalarik min hartu dute. Montanierrek hamaika buruhauste izango ditu zelai erdiko hirukotea eratzeko. Markelek, Griezmannek, Elustondok eta Zurutuzak ezin dute jokatu, eta Illarramendi azken unean sartu da deialdian. Txorkatilako arazoekin egon ondoren, jokatzeko moduan dagoela dirudi. Harekin batera Rosek eta Pardok joka dezakete. Espanyolen aurka Prieto aritu zen punta erdi lanetan, eskuin hegalean Estrada jarrita. Ez zuten nahi bezain ondo jokatu, eta gainera, Malagaren aurka, etxetik kanpo, zaila izango da hain talde erasokorra ikustea.

Agirretxe eta Ifran ere arazo fisikoekin egon dira astean zehar. Usurbilgoa guztiz osatu dela dirudi, baina Uruguaikoak ezin izan zuen azken entrenamendua amaitu. Dena den, biak deitu ditu Montanierrek. Badaezpada ere 19 jokalari deitu ditu frantziarrak, Ifran garaiz osatzen ez bada hura baztertzeko. Harrobiko bi jokalari deitu behar izan ditu: Fuchs eta Hervias. Kordobaren aurkako partidan bigarrena deialditik at utzi zuen azkenean, eta aurrelaria osatzen bada, ziurrenik berdina gertatuko da oraingoan ere.

Montanier ez da inoiz zaleen begiko izan. Begirunez begiratu zuten hasieran “Iparraldeko Guardiolari”, baina begirunea aspaldi desagertu zen. Inoiz baino ezbai handiagoan dago bere kargua. Azken partidan bere dimisioa eskatu zuen Anoetako gehiengoak. Aperribaik, baina, karguan mantenduko dutela azaldu du. Baina zurrumurruek eta filtrazioek diotenez, Ligako hurrengo hiru partidetan eta Kopako kanporaketan emaitza txarrak bilduz gero bota egingo lukete. Lau partida horietako hiru etxean jokatuko ditu Realak, eta hori Montanierren alde dago. Dena den, ondo hastea garrantzitsua litzateke.

19ko deialditik kanpoan zein geratuko den esperoan, ez dago argi zeinek osatuko duen hamaikakoa. Ohiko zalantzez gain, sasoiak eta Espanyolen aurkako partidak zalantzak areagotu ditu. Carlos Martinezek denboraldi osoan ostrazismoan egon ondoren, maila bikaina eman zuen azken partidan. Taldeko onena izan zen Velarekin batera. Estrada, berriz, galduta ibili zen metro batzuk aurrerago. Bietako edozeinek joka dezake larunbatean. Erasoan ere berdina gertatzen da. Choryk aspalditik ez du hasieratik jokatzen, baina Xabi Prietok oso partida kaskarrak jokatu ditu azkenaldian. Ez litzateke harritzekoa, beraz, kapitainak atseden izatea.

Reala ez da zailtasunak dituen talde bakarra. Une gozoan dabil Malaga, baina Rayoren aurkako porrotak apur bat ozpindu du Andaluzia aldeko umore ona. Demichelis eta Camacho deialdian sartu ezinik geratu da gainera Pellegrini. Biak ala biak titular dira Al Thani xekearen taldean, eta hutsune hori garesti ordain dezake Malagak. Wellington eta Onyewuk jokatuko dute atzealdearen erdian, eta Duda izango da Toulalanen ezkutaria zelai erdian.

Txapeldunen Ligan izugarriko maila ematen ari da Malaga. Lau partida jokatuta, hiru irabazi eta bat berdindu du. Milan handia aurrean izan duenean ere ez da kikildu. Final-zortzirenetarako bidea egin du, eta amets batean daude zale guztiak. Ligan ere olatuaren aparrean daude. Orain arte Txapeldun Ligara sailkatzeko postuetan egon dira, baina Rayoren aurkakoaren ondoren, bosgarren daude egun. Realaren aurkako partida gora egiteko baliatu nahi dute. Ametstik esnatu gabe.

Isco da ametsa piztuta mantentzen duen harribitxia. Txikitan Malagatik Valentziarako bidaia egin ondoren, sei bat milioiren truke itzuli zen xekea etorri zenean. Ia isilik, Cazorla, Joaquin, Demichelis eta besteen fitxaketen itzalean. Baina segituan atera zen argitara. Teknika du, abiadura, lotsarik ez. Etorkizuneko harribitxia da. Laster baino geroago Espainiako selekzioarekin jokatzen amaituko du. Izan ere, Espainiako jokalari onenetakoa da, eta 21 urte ditu soilik. Europako talde garrantzitsuenak hari begira daude jada. Baina ez da maila ona ematen ari den bakarra. Valentzian gris antzean ibili ondoren, irribarretsu da berriz Joaquin, andaluziarren berezko artearekin; Saviolak beti jakin du golak egiten, eta berdin ari da Malagan; Toulalan, Caballero, Santa Cruz... maila handiko jokalariak ditu Malagan.

Baina guztien artean hura dena funtzionatzen jartzeko gai den arkitektoa behar, Txileko ingeniaria: Pellegrini. Real Madrilen kolpeak jaso ondoren, izar gisa iritsi zen Malagara, eta behar bezain besteko distira egin du. Malaga ondo jokatzen jarri du. Lehen aldiz Malaga Txapeldunen Ligara sailkatzea lortu du, eta hori gutxi balitz, unerik zailenetan aurpegia atera die jokalariei. Xekeak ez du beti ordaintzen, eta horri buruz kexatu da behin baino gehiagotan, jokalari guztien ordezkari gisa. Rayoren aurka galdu eta gero, diru faltak zerikusirik ez zuela esan zuen.

Estatistikak lagun gisa hartuta, Rosaledan ondo aritu ohi da Reala. Iaz lehen zatian jokalari bat gutxiagorekin geratu ondoren, bigarren zatian partida berdintzeko gai izan zen Reala. Prietok bikain jokatu zuen egun hartan. Egun hartako Prietoren beharra du Realak. Egun hartan altxatzeko gai izan zen Reala, Bigarren Mailan bezala, igo eta ondorengo lehenengo urtean gauzak gaizki zeuden unean bezala, iaz Malaga eta Betisen aurkako partidetan bezala... Enegarrenez altxako da Reala, fenixa bezala.

Deialdiak:

Malaga: Kameni, Caballero; Gamez, Wellington, Sergio Sanchez, Onyewu; Joaquin, Toulalan, Iturra, Duda, Eliseu, Bounanotte, Isco; Saviola, Seba, Portillo, Santa Cruz eta Recio.

Reala: Zubikarai, Royo; Estrada, Carlos Martinez, Ansotegi, Mikel Gonzalez, Iñigo Martinez, De la Bella, Jose Angel; Ros, Pardo, Illarra, Fuchs; Prieto, Vela, Ifran, Agirretxe, Chory Castro eta Hervias.



No hay comentarios:

Related Posts Plugin for WordPress, Blogger...

TODAS LAS NOTICIAS
POR FECHAS