Europa. Ez da beste hitzik egon Realaren
inguruan aste osoan. Hitz eta pitz Europako postuen gertutasunaz eta balizko
sailkatzeaz. Berriketa luzeak eta bi mezu nagusi: hurrengo urtean Europan
jokatzeko maila dauka egungo multzoak, baina pixkanaka joan behar da,
gehiegizko euforia baztertuta. Bi ideia kontrajarri horiek talka egin dute.
Desira, batetik; zuhurtzia, bestetik. Bidea egiteke dago, eta gaurko partidak
zehaztuko du zenbateraino hitz egin daiteke Europaz. Txuri-urdinek Getafe hartuko
dute Anoetan (16:00; C+L, GolT), bi puntu gainetik dagoen taldea. Europako atea
Anoetan ireki behar du Realak.
Azkenaldian, aurrera pausoa emateko aukera izan duen bakoitzean tupust egin
dute txuri-urdinek. Eta, alderantziz; itolarrian ziren unetan arnasa hartu eta
burua altxa. Azken egoera horretatik etorri dira azken bi garaipenak: Malagaren
aurka inoiz baino kolokago zegoen Montanier; Valentziaren aurka, Kopako
estropezua ahaztu behar zen. Bi plaza zail hasiera batean. Emaitza? Maila
handiko bi garaipen; azkenekoa, batez ere, valentziarrei bost gol sartu
ondoren. Bolada onean murgildu da Reala, azken hamabi puntutik hamar lortuta.
Eta ez emaitzei dagokionean soilik, jokoz ere une gozoan daude txuri-urdinak.
Montanierrek Pardo eta Illarramendi batera jartzea erabaki zuenetik, asko hazi
da taldearen jokoa. Horrez gain, erasoko jokalariak golak sartzen hasi dira
azkenean. Sailkapeneko lau lehenek soilik sartu dute Realak baina gol gehiago.
Aspaldiko partez zelai erdia menderatzen dute gipuzkoarrek ia partida
guztiak. Baloiaren jabetzarekin eroso sentitzen dira jokalariak, eta erasoan
ongi ukitzen dute; azkar, hutsuneak bilatu eta baliatuz. Hainbat jokalari min
hartuta ibili dira, eta horrek aldaketak egitera behartu du entrenatzailea.
Hala eta guztiz ere, ez da sumatu jokalari gehienen falta. Aurreko jardunaldira
arte partida guztiak hasieratik jokatu zituen Illarramendik. Osasunaren aurka
bosgarren txartel horia ikusita, atseden hartu zuen Valentzian. Zurutuzak metro
batzuk atzerago jokatu zuen, eta ederto moldatu zen.
Mutrikuarra hamaikakora itzuliko da gaur, eta Zurutuzak ohi duen lekuan
jokatuko du, punta erdi lanetako hiruko lerroan. Horrek Prieto eskuin hegalera
mugituko du, Velaren lekua hartuz. Mexikarrak Valentzian ikusi zuen bosgarren
txartel horia. Taldearen motorra izan da azken partidetan, baina beste jokalari
batek hartu beharko du erantzukizuna Getaferen aurka. Ezker hegalean
Griezmannek jokatuko du hasieratik ziurrenik, baina baliteke Chory Castrok
ordezkatzea. Inoiz baino hobeto hasi zuen denboraldia frantziarrak, taldekideek
baino puntu bat gorago. Baina min hartu zuenetik ez dabil guztiz fin.
Uruguaiarra, berriz, aukera gehiago eskatzen ari da. Jokatzen duen bakoitzean
oso maila ona ematen ari da. Batek ala besteak jokatu, maila handiko jokalari
bat ariko da ezker hegaletik.
Aste osoan min hartuta ibili den arren, seguruenik Ifran ariko da aurrelari
gisa. Montanierrek zalantza bat baino gehiago izan du uruguaiarrarekin Realera
iritsi zenetik. Lehenik hegalean jarri nahi zuen, eta aurrelaria ez zuen
gustuko han jokatzea. Eztabaida bat baino gehiago eduki zuen eta ostrazismora
kondenatu zuen entrenatzaileak. Bide berea hartu zuen aurten eta neguan
talderen batera utzita joango zela zirudien. Baina, minutuak eskaini eta ongi
baino hobeto baliatu ditu Ifranek. Gogor aritu da presioan, bizi desmarkeetan,
eta ez da batere berekoia izan. Aurreko jardunaldian, gainera, lehenengo gola
sartzea lortu zuen. Aurre hartu dio Agirretxeri, nahiz eta usurbildarrak ere
gola sartu Valentzian.
Baina Europarekin amets egiten jarraitzeko, Getaferi irabazi behar diote
txuri-urdinek lehenik. Seigarren daude madrildarrak, Luis Garciaren
gidaritzapean Lehen Mailan inoiz egin duten hasiera onena egin ondoren. Zazpi
partida irabazi dituzte eta bakarra berdindu: 22 puntu. Realak bezala, zelai
erditik gora kalitate handiko jokalariak dituzte. Iaz nahiko denboraldi grisa
eduki ondoren, Pedro Leon bere mailara itzuli da. Ezker hegalean Lafitak edo
Gavilanek joka dezakete —Diego Castrok ezin du jokatu, zigortuta baitago—, eta
punta erdi lanetan Barrada egongo da. Marokoar jatorriko frantziarra Getaferen
jokalari onenetakoa da. 22 urte besterik ez ditu, eta iaz aritu zen lehen aldiz
nagusiekin, baina segituan hartu zuen lekua hamaikakoan. Jokalari abila,
kalitate handikoa eta jaurtiketa bortitzekoa da. Talde garrantzitsuen agendan
dago jada.
Miku saldu eta Guizarekin pazientzia galdu ostean, erasoan hutsune handia
zuen denboraldi hasieran Getafek. Alvaro Vazquez eta Paco Alcacer fitxatuta,
hutsune hori ederki bete du. Guizak alde egin du eta Malaysian jokatzen ari da
gaur egun.
Realarekin erasoan dituen antzekotasunak zelai erdian desagertzen dira. Bi
taldeen euskarriak oso bestelakoak dira. Pardo eta Illarramendi baloia oinetan
dutenean nabarmentzen diren bitartean, lan iluna egiten maisuak dira Lacen eta
Xavi Torres. Alavasen jokalari ohia ez da makala baloia jokatuta ateratzen.
Atzealde sendoa du Getafek. Lopo eta Alexis maila handiko atzelariak dira, eta
arrisku handia dute korner eta faltetan, buruz abilak baitira. Kontuz ibili
beharko dute txuri-urdinek halako jokaldietan. Bestetik, ez dira oso azkarrak,
eta hori baliatu beharko dute Ifranek, Griezmannek eta Choryk. Hegaletan izen
handiegirik izan ez arren maila txukuna ematen duten bi jokalari daude: Valera
eta Mane. Atzealde sendoa izan arren, ez dabil guztiz ondo eta gehiegi sumatzen
ari da Cata Diaz kapitainaren falta. Azkenik, Moya atezaina onena eta txarrena
egiteko gai da.
Getafek beste aurkarien distira ez duen arren, arerio gogorra izango da,
zaila. Madrildarrentzat berdinketa ez da emaitza txarra, baina
txuri-urdinentzat bai. Behin baino gehiagotan errepikatu den esaldia izan
arren, ez du indarrik galdu: aurrera pausoa emateko ordua du Realak; Europara
sailkatzeko lehian benetan egon nahi badu, bere hautagaitza aurkeztu behar du.
Donostiak ez du 2016ra itxaron nahi europar hiriburua izateko.
Deialdiak:
Reala: Bravo, Zubikarai; Carlos Martinez, Estrada, Mikel Gonzalez, Iñigo Martinez,
Ansotegi, De la Bella, Jose Angel; Illarramendi, Zurutuza, Pardo, Ros; Xabi
Prieto, Chory Castro, Griezmann, Ifran eta Agirretxe
No hay comentarios:
Publicar un comentario