domingo, 9 de diciembre de 2012

HEGALDIA ATZERATU DA

Zenbat zale aterako ziren atzo burumakur Anoetatik partida Lafitak 86. minutuan gola sartu ondoren. Haserre baino, triste. Europaz hainbeste hitz egin ondoren, taldea ez zelako gai izan beharrezko aurrerapausoa emateko. Kolpe latza izan zen Getaferen gola. Etxera bidean hausnarketa beltzetan murgilduta zirenean entzungo zuten jarraitzaile horiek lehenengo suziria, eta jarraian bigarrena. Izan ere Carlos Martinezek gol bikaina sartu zuen partida orekatzeko.

Azken minutuan sartua izanik, arnasa eman zion golak Realari; partida atarian txarra zena ona bihurtuz. Entrenatzaileak berak onartu zuen norgehiagoka ez zela ona izan, baina partida irabazterik ez denean, komeni dela porrota saihestea. Nola ez, pozik agertu zen berdinketaren golarekin. Luis Garcia Getafeko teknikariak, berriz, aitortu zuen “irabazitzat” jo zuela partida, baina ez zegoela triste, Reala “oso talde ona” baita.

Getaferen aurka berdinduta, Europarako hegaldia atzeratu egin da. Hegan egin aurretik, oinez ondo ikasi behar dute txuri-urdinek, bideari ondo ekiteko. Ikasi behar horretan beste pauso bat eman zuten atzo. Koskortzeko balioko du larunbatekoak, halako partidak aurrera nola atera ikasteko. Joko irekia eta alaia egiten duten taldeen aurka ondo moldatzen dira txuri-urdinak, baina kosta egiten zaie beste joko eskaintza dutenei irabaztea.

Valentziako partidarekin alderatuta, oso desberdina izan zen larunbateko partida. Bana amaitu arren, golik gabe buka zatekeen lasai asko. Izan ere, bi taldetako atzelariak izan ziren jokalari nabarmenenak. Getafe talde gogorra da, sendoa eta serioa. Ez du joko alaia egiten, baina asko gogortzen ditu partidak. Pareta baten aurka egin zuten talka momentu askotan txuri-urdinek. Eta ez zuten zirrikiturik bilatzen asmatu.

Kaskarra izan zen partida, grisa, iluna. Lehenengo zatia izan zen bereziki aspergarri. Jokalariak ez ziren jokoa ondo eraikitzeko gai. Baloia mugitzen saiatu ziren, baina baloi gehiegi galdu zituzten. Oinetan erre egiten ziela zirudien. Zelai erdiko nahaspila ikusita, trantsizio azkarrak egiten saiatu zen Reala, hegalak bilatuz. Baina ez zen Griezmannen eta Castroren arratsaldea. Prieto ere Malagaren eta Valentziaren aurka baino tristeago ibili zen. Erabat galduta ibili ziren hirurak. Asko sumatu zen Velaren falta, mexikarrak eskuin hegaletik abiatuta egiten dituen diagonalak. Aukera garbi bana izan zuten bi taldeek. Choryk buruz eta Barradak zartako lehor batekin bilatu zuten gola, baina bi atezainek ondo erantzun zuten jaurtiketa kornerrera urrunduta.

Atsedenaldian itxura aldatuta zelairatu zen Reala. Egurrean ekin zion bigarren zatiari. Hiru minututan lau abagune garbi eduki zituzten, baina ez zuten asmatu, ez Choryk, ez Ifranek, ezta Griezmannek ere. Valentzian sartutako gol zakukada bidean galdu zen, eta aurrelariek ez zuten eraginkortasunik izan. Ifranek eduki zuen aukera barruan ikusi zuen batek baino gehiagok. Pardoren pasea jaso eta izkin egin ondoren kanpora bidali zuen. Atzelariak apur bat behartu zuen jaurtiketa aurretik.

Minutuak pasatu ahala, itzali egin zen etxekoen suhartasuna. Partida trabatu egin zuen Getafek, falta mordoa eginda. Horren adierazle epaileak adierazi zien sei txartel horiak. Falten bidez txuri-urdinen jokoaren iturria. Apurka nagusitzen hasi zen Getafe, eta korner bidez min egiten saiatu. Geldikako jokaldietan arrisku handia dute madrildarrek. Halako jokaldi batean izan zuten gertu gola. Lopok oinarekin langaraino bidali zuen baloia.

Apurtuta zegoen partida. Bultzaka ari ziren bi taldeak. Buruarekin baino, bihotzarekin, anarkiaz. Baloia ez zen Illarramendi eta Pardoren oinetatik pasatzen, eta hor agertu zen jokalarien kasta. Realak pare bat aukera izan zituen. Baina Zurutuzak ere ez zuen bere eguna izan. Ezkerrez kanpora bota zuen baloia, eta hurrengoan, boleakada batekin Anoetatik ateratzear egon zen.

Getafek ez zuen barkatu, ordea. Aukera gutxi eduki arren, baliatu zuen berea. Jose Angeli baloia kendu eta kontraeraso azkarra egin zuten. Lauzpabost pasetan eskuinetik ezkerrera mugitu zuten baloia. Gavilani erdiraketa egiteko denbora dezente utzi zioten atzelariek, eta Lafitak atzetik sartuta buruz sareetara bidali zuen baloia. Beste urte batean galdutzat emango zen norgehiagoka. Lau minutuan berdintzea ezinezkotzat joko zen. Luzapenean Realari sartzen zizkioten golak, ez txuri-urdinek. Baina norabidea aldatu egin da. Txuri-urdinek ez zuten amore eman eta berdinketaren bila atera ziren. 91. minutuan Carlos Martinezek sinetsi egin zuen, eta De la Bellaren erdiraketa baten bila joan zen indar osoz. Aurkarien gainetik salto egin zuen banakoa sartzeko. Norgehiagokako onena izan zen Lodosakoa, gola sartu aurretik ere. Gola, sari bikaina izan zen harentzat.

Dirudiena baino gehiago balio du berdinketak. Behin betiko saltoa ematea falta bada ere, bolada ona mantentzeko balio du. Europako lehian jarraitzen dute txuri-urdinek, garaipen bakarrera. Granadaren aurka jokatuko dute hurrengo jardunaldia. Andaluziarrak sailkapenaren zuloan daude, eta Anquelak hanka eta erdi du kanpoan. Realak, gainera, bi partida irabazi ditu jarraian etxetik kanpo, eta ez du galdu Anoetatik urrun jokatutako azken hiru partidetan.

Jokalari onenak:

3.- Carlos Martinez: Erakustaldia Lodosako jokalariarena. Urrea balio duen gola sartu zuen luzapenean, baina aurretik erruz lan egin zuen. Erasora begira jokatu zuen uneoro, baina defentsan sendo ibili zen. Erasorako baliabide garrantzitsuena izan zen Martinez.

2.- Mikel Gonzalez: Sendo eta baloi arriskutsuak mozten. Alvaro Vazquez aurrelari treba da, baina guztiz itzali zuen arrasatearrak.

1.- Iñigo Martinez:
Mikel Gonzalez bezala, sendo ibili zen. Baloia jokatuta ateratzen saiatu zen, zorte gehiegirik gabe.


No hay comentarios:

Related Posts Plugin for WordPress, Blogger...

TODAS LAS NOTICIAS
POR FECHAS