domingo, 21 de abril de 2013

LAGUN HURKO URKATUA

Hasi da atzera kontua. Kalkulagailuak sutan jarri eta kalkuluak egiteko garaia hasi da, estatistikak begiratu eta falta diren puntuak non pilatu pentsatzeko unea. Eta, tartean, logika guztiak apurtzen dituen norgehiagoka horietako bat agertu da, Osasuna eta Realaren artekoa. Gorritxoak hamabosgarren postuan daudela, ez jaisteko lehian, eta Reala, laugarren, Txapeldunen Ligarekin amesten. Baina, gutxi inporta du horrek gaur (19:00, C+L-GolT) bi taldeak Reyno de Navarrako zelai gainean agertzen direnean. Derbya izanik, bi taldeak parean egongo dira, tarteak leundu eta berdindu egingo dira, eta gogo gehien jartzen duena, eta hobeto aritzen denak irabaziko du.

Laugarren postura zuzenean eraman dion bolada bikainari jarraipena emateko asmoarekin doa Reala, ligako une erabakigarrienean huts egitea bekatua dela jakitun. Espanyolen aurkako puntu garrantzitsua, Malagaren aurkako garaipen bikaina eta Rayo mendean hartu ondoren, Osasuna da hurrengo koska. Jendea harritzeari aspaldi utzi zion talde txuri-urdinak, jada ez da ezustea laugarren postuan egotea. Joko onak ekarri ditu emaitza hobeak; defentsa lan sendoa erasoko eraginkortasunarekin uztartzeak. 20 partidatan bakarra galtzeak ezin du kasualitatea izan. Hain partida gutxi falta diren unean, hainbeste igeri egin ondoren, azken arraunkadak falta dira bakarrik. Zailenak diren horiek.

Azken asteetako legez, erizaindegira begira pasa dute astea Zubietan. De la Bella izan da oraingoan senda agiria jaso ala ez aritu den jokalaria. Azkenean, kataluniarra ez da garaiz iritsi eta deialditik at geratu da. Ansotegi ere duda mudan ibili da astean zehar, baina azkenean aulkian egoteko moduan dago. Zurutuzak hobera egin du, baina pare bat aste falta dira hura zelairatzeko. Estrada eta Jose Angel itzuli dira, baina Montanierrek 19 jokalariko deialdia egin duenez, zarauztarra kanpoan gera liteke.

Aurreko norgehiagoketan Montanierrek espero zen hamaikakoa atera bazuen, batzuek “galazkoa”, memoriaz esan daitekeen hori, deitu diotena, ezingo du berbera egin Iruñean. Bi zalantza nagusi daude, nork ordezkatuko duen De la Bella, eta nork Illarramendi. Hegaleko atzelariaren kasuan, Jose Angelek ditu aukera gehien. Baina derbiko jokoa nola izan daitekeen kontuan izanda, baliteke Cadamurok ordezkatzea kataluniarra. Izan ere, Romak lagatako jokalaria algeriarra baino erasokorragoa da, eta defentsan gehiago sufri dezake. Osasunak joko zuzenagoa, bertikalagoa egingo du, baloi luze ugarirekin. Horretarako, Cadamuroren fisikoa eta altura hobea izan daiteke. Halere, asturiarrak jokatuko duela dirudi.

Mutrikuarraren kasuan, antzeko zalantza dago: Elustondo ala Pardo. Antzekoa gertatzen da. Errioxarrak izan ditu minutu gehien orain arte, min hartuta ibili da norgehiagoka batzuk, baina jokatzeko moduan dago. Bere joko alaia, erasora begiratzeko erraztasuna eta pase luzeak primeran etor daitezke gorritxoen atzealdean zuloak bilatzeko garaian. Baina, azken norgehiagoketan hutsegite larri bat edo beste egin du defentsan, eta Sadarren, justu, erabakigarria da defentsako lan ona. Horregatik, ez litzateke harritzekoa izango Beasaingo euskarriak jokatzea Markelen ondoan. Bigarren Mailan hainbeste minutu izan zituen bikotea itzuliko litzateke hala, zaleen kritika gehien jaso dituena. Elustondok, baina, min hartuta eman du ia denboraldi osoa, zer nolako erritmoa duen jakitea ezinezkoa da. Erasoan, berriz, aspaldiko partez jokalari guztiak prest ditu Montanierrek, baina harritzekoa litzateke ondo dabilena aldatzea. Hala, Velak eskuinetik, Prietok erditik, Griezmannek ezkerretik eta Agirretxek aurrelari bezala jokatuko dute.

Osasuna eta Realaren arteko derbiek, atzera begiratzea eragiten dute beti, batez ere Ligako amaiera aldera jokatzen direnean. Nork ez ditu gogoratzen anaien arteko tira-bira ezagunak; anai hurkoak Anoetan, urkatua Sadarren. Zaleen arteko harreman ona guztiz garraztu barik dagoen arren, ezer ez da berdin jada. Oraingoan, ez da zalantzarik edo aurreiritzirik egongo, bi taldeek dena baitute jokoan. Joanekoan, husna berdindu zuten bi taldeek, eta azken urteetan Osasunari irabazi ezinik jarraitzen dute txuri-urdinek.

Mendilibarren tranpan erori zen Reala Anoetan. Teknikari bizkaitarrak nahi zuen erara jokatu zen. Teknikoki askoz jokalari apalagoak izanda, norgehiagoka fisikoa izan zen, gelditua. Errugbian bezala metroak irabazi eta galdu pasa zuten egun osoa bi taldeek. Gorritxoek falta ugari egin zituzten, eta gogor aritu ziren. Hori Anoetan pasa bazen, etxean oraindik gehiago egingo dute. Hor sufritzen du gainera Realak. Sufritu baino gehiago, agian, ez du gozatzen, ezin baitu erasoko joko alaia eta eraginkorra bilatu. Aurkaria baino gehiago izan arren, kosta egiten zaio hura gainditzea. Sadar bezalako zelai txiki batean, biderkatu egin daiteke sentsazio hori. Ez da kasualitatea Iruñean jokatutako azken norgehiagoketan emaitza txarra atera izana. Partida jokatzeko modu horretatik joanez gero, kosta egingo zaio irabaztea.

Norgehiagoka azkarra izatea komeni zaie txuri-urdinei, erasoko ahal guztia erakusteko. Zelai erdiko lana gakoa izango da, eta hor Illarramendiren falta suma daiteke. Rayoren aurka bosgarren txartel horia ikusi zuen, eta Valentziaren aurkako partida erabakigarrian itzuliko da, astebeteko atsedena hartu ondoren. Zelai erdian baloiak lapurtzea, Osasunaren erasoak gelditzea, eta kontraerasoan azkar ateratzea da Realak har dezakeen erabaki egokiena. Goitik, Iñigo Martinezek eta Mikel Gonzalezek erne ibili beharko dute Kike Solarekin. Hegaleko atzelariek ere lan dezente izango dute, eta euskarriek ezingo dute atsedenik hartu.

Osasuna ez da Rayo, ezta ere Malaga edo Betis. Andaluziarren aurkako partida gogoangarriaren ondoren, defentsa lana “kaka bat” izan zela adierazi zuen Mendilibarrek prentsaurrekoan. Gorritxoak erabat desberdinak dira. Jaitsiera postuetatik gertu egon arren, gol gutxien jasotzen duen taldeetakoa da —Realak baino hiru gol gutxiago jaso ditu— Hori bai, zulotik hain gertu egonagatik, gol gutxien sartzen duten taldeetakoa da. Haien partidak gertuago daude 0-0etik, 3-2 edo 5-0 batetik baino. Realak lan eskerga egin beharko du zelai erdian eta erasoan zirrikituren bat bilatzeko. Ruben eta Marc Bertran gorritxoen deialditik kanpo geratu dira. Lehenak arazo muskularrak ditu, eta bigarrena egotzita dago. Bi baja garrantzitsu dira. Horiez gain, Llorente ere kanpoan geratu da, kontratuan debekatuta baitu Realaren aurka aritzea.

Deialdiak:

Osasuna: Andres Fernandez, Riesgo; Arribas, Oier, Nano, Miguel Flaño, Damia; Lolo, De las Cuevas, Masoud, Armenteros, Puñal, Cejudo, Silva, Loe; Kike Sola, Onwu eta Nino.

Reala: Bravo, Zubikarai; Carlos Martinez, Estrada, Mikel Gonzalez, Ansotegi, Iñigo Martinez, Cadamuro, Jose Angel; Pardo, Markel, Ros, Elustondo; Xabi Prieto, Agirretxe, Vela, Ifran, Chory Castro eta Griezmann.


No hay comentarios:

Related Posts Plugin for WordPress, Blogger...

TODAS LAS NOTICIAS
POR FECHAS