lunes, 6 de mayo de 2013

AURRERA SEGI

Valentziaren aurkako garaipen bikainaren ajea alde batera utzi, eta aurrera egiteko beharra du Realak. Euforia goiztiarra kaltegarria izan ez dadin, komeni da helburua aldez aurretik bete dela ez pentsatzea. Partidaz partida, aurrera Getafe (22:00, Gipuzkoa Sport), gero Granada. Bost jardunaldi falta dira, eta Reala Txapeldunen Ligako atarikorako sailkatzear da, baina aurrera egiten jarraitu behar du. Azkeneko pausorik gabe ezin da bidea amaitu.

Astelehenarekin jokatzeak baditu bere abantailak, aurkari guztien emaitzak dakizkiela jokatuko baitu Realak Getaferen etxean. Valentzia bi puntura gerturatu da, eta Malagak huts egin du berriro. Hala, txuri-urdinek badakite beharrezkoa dela garaipena, Valverderen taldeak presio gehiegi sar ez dezan. Irabazita, bi garaipeneko tartea mantenduko dute donostiarrek; beharrezko aldea. Aurrean, Europako Ligara sailkatzeko azken aukerei helduta dagoen Getafe egongo da. Bolada txar batean murgildu eta gero, beste porrot batek Europari agur esatea ekarriko lieke madrildarrei, beraz, ez da harritzekoa Luis Garciak “final” gisa hartzea Realaren aurkakoa.

Illarramendi eta Xabi Prieto ez dira Coliseumeko zelai gainean egongo. Arazo fisikoekin biak, Granadaren aurkakorako osatzea dute helburu biek. Bi baja garrantzitsu dira, hamaikakoaren jokalari trebeenetako bi. Baina kezka gutxi ageri da txuri-urdinen artean. Jokalari guztiek dituzte hanka arinak, denak iristen dira aurkaria baino lehenago baloira, golak sartu eta aukerak sortzen dituzte uneotan. Griezmann kanpoan dela? Choryk gol bat sartu eta beste pase bat emango du, aurrekoan bezala.

Getafekoari begira, bi aukera ditu Montanierrek. Zurutuzak punta erdi lanak egin ditzake, kapitaina ordezkatuz, eta Pardok har dezake Mutrikuko euskarriaren lekua. Hori da lehenengo aukera. Bigarrengoa, Zurutuza Illarramendiren lekuan jarri eta Griezmann hegaletik erdira pasatzea litzateke, Chory Castro hamaikakoan mantenduta. Uruguaiarrak Valentziaren aurka egindako partida onaren ondoren, hamaikakoan jarraitu dezake. Mallorcako jokalari ohiak ez du uste bezain beste jokatu denboraldi honetan, baina zelai gainean egon den bakoitzean bere maila nolakoa den argi geratu da.

Bataren edo bestearen alde eginda ere, hamaikako lehiakorra zelairatuko du teknikariak, edozein aurkariri etxetik kanpo irabazteko kapaza, Rayoren, Athleticen edo Atleticoren aurka gertatu bezala. Txuri-urdinak baloiaren jabetza izaten eta kontraerasoan azkar ateratzen saiatuko dira. Getafek, baina, ez du lan hori erraztuko. Zelai erdian baloia patxadarekin mugitzen du talde madrildarrak. Euskarri sendoak ditu (Laccen, Juan Rodriguez eta Xavi Torres), defentsa lanetan laguntzeko beti prest. Erasora begira, hegaletatik min handia egin dezake Pedro Leon, Lafita, Diego Castro eta Barrada bezalako jokalariekin. Bi aurrelariak (Alvaro Vazquez eta Paco Alcacer) azkarrak, gazteak eta trebeak dira.

Carlos Martinezek eta De la Bellak kontuz ibili beharko dute euren sorbaldekin. Getafe kontraerasoan arin ateratzen saiatuko da, etxean jokatu arren. Geldikako jokaldiak ere tentuz aztertu beharko dira, jaurtilari onak eta buruz abilak diren jokalariak baititu etxeko taldeak.Partida bat baino gehiago irabazi dute aurten halako jokaldiei esker.

Sailkapenaren erdialdean dago Getafe, azken lau partidetan bat bera ere irabazteko gai ez izan ondoren. Europako lehian buru-belarri zen taldeak agur esan diezaioke aukera guztiei txuri-urdinen aurka galduz gero. Hori dela eta, garrantzi handia eman diote bolada ezin hobean dagoen talde bati irabazteari. Futbola bolada kontua baita sarri. Realean gertatu ez den bezala, Getaferen kasuan jokalari bat baino gehiago osatu dira eta deialdian sartu dira. Horien artan Moya atezaina. Denboraldi txukuna egin du Mallorca eta Valentziako jokalari onak, baina Codinak ere bikain ordezkatu du, beraz, ez da erraza bitako zein atean egongo den asmatzea. Moya ez ezik, Borja Fernandez erdilaria eta Federico Fernandez atzelaria ere deialdian dira. Alexis, Escudero, Miguel Torres eta Colunga kanpoan geratu dira.

Coliseum ez da oso zelai ona Realarentzat historikoki. Getaferen aurka jokaturiko azken lau partidetan, ez du garaipen lortu. Iaz, 1-0 galdu zuen Realak han jokaturiko partida, Anoetan golik gabe berdindu eta gero. Orain bi urte bi taldeak salbatu egin ziren bana berdinduta, eta norgehiagoka gogoangarri batean 0-4 irabazi zuen Realak Coliseumen. Aurten, abenduan jokaturiko partidan, bana berdindu zuten bi taldeek, Carlos Martinezek azken minutuan sartutako golari esker. Gorantz begira zegoen Reala, Europara begira jarriko zion hegaldia hasteko prest. Itzuli bat geroago, hegan doaz jada, atsedenik gabe.

19 jokalari deitu ditu Montanierrek. Horietako bat deialditik kanpo geratuko da. Jose Angel, Cadamuro edo Ros izan daiteke partida harmailatik ikusiko duena. Hura ez ezik, harmailetan Realaren hainbat jarraitzaile izango dira. Norgehiagoka astelehenean, 22:00etan, izatea ez da aitzakia erraietan odol txuri-urdina duten horientzat.

Deialdiak:

Reala: Bravo, Zubikarai; Carlos Martinez, Estrada, Iñigo Martinez, Ansotegi, Mikel Gonzalez, Cadamuro, De la Bella, Jose Angel; Markel, Pardo, Zurutuza, Ros; Agirretxe, Vela, Ifran, Chory Castro eta Griezmann

Getafe: Moya, Codina; Mane, Lopo, Garcia, Fede Fernandez, Rafa, Valera; Lacen, Sarabia, Pedro Leon, Diego Castro, Lafita, Barrada, Rodriguez, Borja, Torres; Alvaro Vazquez eta Paco Alcacer


No hay comentarios:

Related Posts Plugin for WordPress, Blogger...

TODAS LAS NOTICIAS
POR FECHAS