Errenta garbia du Realak gaur Granadaren
aurkako Kopan aurrera jarraitzeko, (21:00, C+Liga2). Etxeko lanak ederki egin
zituen Anoetan. 4-1 irabazita final-zortzirenetan hanka eta erdi dute
txuri-urdinek. Baina ezin dute lokartu. Are gehiago gure zorigaiztoko Kopan.
Lortuko al dugu behingoz mamua uxatu eta kanporaketa bat pasatzea?
Zaila eduki arren Granadak ez du amore emango. Ahal duen hamaikakorik
hoberena jarriko du Fabrik, Ligan gehien jokatu duten jokalariekin osatua. Mezu
argia eman zuen atzo andaluziarren entrenatzaileak: “Ez dugu etsiko, irabazi
dezakegu eta lortuko dugu”. Julio Cesar, Mainz, Martins, Yebda eta Uche ez dira
izango, min hartuta daudelako, baina beste guztiak Los Carmenesen egongo dira.
Hortzak izerditan aterako dira hasieratik, kosk egitera. Auspoa eman ei dien
gol baten bila joango dira lehen minutuetan, ametsa gauzatzea posible dela
sinisteko.
Grina hori Realarentzat baliagarria izan daiteke. Ziurrenik defentsa oso
aurreratua jarriko du Granadak, eta Realak aurrealdean duen abiadura baliatu
beharko du kontraerasoetan ahalik eta min handiena egiteko. Joaneko partidan
ikusi zen min handia egiten zutela txuri-urdinek andaluziarren atzelarien
bizkarra hartzen zutenean. Griezmannek eta Llorentek aukera andana izan
zituzten.
Aldaketa gutxi egingo ditu Montanierrek. Anoetako partidan bezala, ez du
harrobiko jokalaririk deitu, Ruben Pardo bakarrik, baina errioxarra jada lehen
taldeko jokalari gisa hartu daiteke. Griezmannek, Bravok eta Velak besteek
baino oporraldi luzeagoak izango dituzte. Frantziarraren eta txiletarraren
kasuan, beren herrialdeetara bidaiatu ahal izateko, eta eman duten
errendimenduaren sari gisa. Mexikarrak, berriz, min hartu du azken
entrenamenduan.
Gauzak hala, ez dago argi Montanierrek zein hamaikako erabiliko duen.
Ziurrenik Zubikaraik jarraituko du atepean, eta defentsan Iñigo Martinezek
jokatu dezake, Ligako hurrengo partidan ezin izango baitu jokatu. Marigak eta
Pardok minutuak behar dituzte, eta litekeena da bitako bat, edo akaso biak hasieratik
egotea. Aurrean Xabi Prietok ditu aukera gehien eskuin hegalean jokatzeko.
Ikusteko dago Ifranek ezker hegaletik hasiko duen partida, edo Sarpongek lehen
minutuak jokatuko dituen Kopan. Agirretxe deialdian dago, baina ohikoena 9aren
postuan Llorentek jokatzea izango litzateke. Baina, joaneko partidan gertatu
bezala, batek edo besteak jokatu hamaikakoa lehiakorra izango da.
Realak gertu du behingoz kanporaketan aurrera egitea, baina ezin du
lokartu. Hiru goleko errentak nahikoa izan beharko luke, baina Granadaren grina
berdinarekin atera behar dute zelaira txuri-urdinek. Ohikoa ez diren jokalariek
zalantzak sortu behar dituzte Montanierren buruan, bere lekua dutela erakutsi;
beren gaitasunak aldarrikatu. Estatistikak apurtu egin behar dira, 1988ko gau
gogoangarri hura (Real Madrili 0-4 irabazitako hura, bai) urrunegi dago, eta
bada ordua Lehen Mailako talde bat berriz kanporatzeko. Amets egin nahi dute
zaleek, final-zortzirenetako zozketa on batekin final-laurdenak hurbil gera
daitezke. Talde apalagoek balentria handiagoak egin izan dituzte. Baina, ohera
amets egitera joan aurretik etxeko lanak amaitu egin behar dira.
No hay comentarios:
Publicar un comentario