miércoles, 21 de diciembre de 2011

ETXEKO LANAK BUKATZERA


Errenta garbia du Realak gaur Granadaren aurkako Kopan aurrera jarraitzeko, (21:00, C+Liga2). Etxeko lanak ederki egin zituen Anoetan. 4-1 irabazita final-zortzirenetan hanka eta erdi dute txuri-urdinek. Baina ezin dute lokartu. Are gehiago gure zorigaiztoko Kopan. Lortuko al dugu behingoz mamua uxatu eta kanporaketa bat pasatzea?

Zaila eduki arren Granadak ez du amore emango. Ahal duen hamaikakorik hoberena jarriko du Fabrik, Ligan gehien jokatu duten jokalariekin osatua. Mezu argia eman zuen atzo andaluziarren entrenatzaileak: “Ez dugu etsiko, irabazi dezakegu eta lortuko dugu”. Julio Cesar, Mainz, Martins, Yebda eta Uche ez dira izango, min hartuta daudelako, baina beste guztiak Los Carmenesen egongo dira. Hortzak izerditan aterako dira hasieratik, kosk egitera. Auspoa eman ei dien gol baten bila joango dira lehen minutuetan, ametsa gauzatzea posible dela sinisteko.

Grina hori Realarentzat baliagarria izan daiteke. Ziurrenik defentsa oso aurreratua jarriko du Granadak, eta Realak aurrealdean duen abiadura baliatu beharko du kontraerasoetan ahalik eta min handiena egiteko. Joaneko partidan ikusi zen min handia egiten zutela txuri-urdinek andaluziarren atzelarien bizkarra hartzen zutenean. Griezmannek eta Llorentek aukera andana izan zituzten.

Aldaketa gutxi egingo ditu Montanierrek. Anoetako partidan bezala, ez du harrobiko jokalaririk deitu, Ruben Pardo bakarrik, baina errioxarra jada lehen taldeko jokalari gisa hartu daiteke. Griezmannek, Bravok eta Velak besteek baino oporraldi luzeagoak izango dituzte. Frantziarraren eta txiletarraren kasuan, beren herrialdeetara bidaiatu ahal izateko, eta eman duten errendimenduaren sari gisa. Mexikarrak, berriz, min hartu du azken entrenamenduan.

Gauzak hala, ez dago argi Montanierrek zein hamaikako erabiliko duen. Ziurrenik Zubikaraik jarraituko du atepean, eta defentsan Iñigo Martinezek jokatu dezake, Ligako hurrengo partidan ezin izango baitu jokatu. Marigak eta Pardok minutuak behar dituzte, eta litekeena da bitako bat, edo akaso biak hasieratik egotea. Aurrean Xabi Prietok ditu aukera gehien eskuin hegalean jokatzeko. Ikusteko dago Ifranek ezker hegaletik hasiko duen partida, edo Sarpongek lehen minutuak jokatuko dituen Kopan. Agirretxe deialdian dago, baina ohikoena 9aren postuan Llorentek jokatzea izango litzateke. Baina, joaneko partidan gertatu bezala, batek edo besteak jokatu hamaikakoa lehiakorra izango da.

Realak gertu du behingoz kanporaketan aurrera egitea, baina ezin du lokartu. Hiru goleko errentak nahikoa izan beharko luke, baina Granadaren grina berdinarekin atera behar dute zelaira txuri-urdinek. Ohikoa ez diren jokalariek zalantzak sortu behar dituzte Montanierren buruan, bere lekua dutela erakutsi; beren gaitasunak aldarrikatu. Estatistikak apurtu egin behar dira, 1988ko gau gogoangarri hura (Real Madrili 0-4 irabazitako hura, bai) urrunegi dago, eta bada ordua Lehen Mailako talde bat berriz kanporatzeko. Amets egin nahi dute zaleek, final-zortzirenetako zozketa on batekin final-laurdenak hurbil gera daitezke. Talde apalagoek balentria handiagoak egin izan dituzte. Baina, ohera amets egitera joan aurretik etxeko lanak amaitu egin behar dira.

No hay comentarios:

Related Posts Plugin for WordPress, Blogger...

TODAS LAS NOTICIAS
POR FECHAS