domingo, 11 de diciembre de 2011

PUNTU GAZI GOZOA

Futbola bizitza bezalakoa da: aurrera egiteko, sufritzen jakin behar. Reala ondo landutako eta merezitako puntu batekin itzuli da Vila-realeko bidaiatik. Izerdi dezente botata eta gehiago merezi zutela pentsatzen akaso, baina puntu gabe itzuli zitezkeela jakitun. Bigarren zatiko seigarren minutuan aurreratu ziren txuri-urdinak, eta hobeto jokatzen ari ziren momentuan epaileak txartel gorria erakutsi zion Elustondori. Hortik aurrera, hortzak estutu eta Vila-realen bultzadak gelditzeko betebeharra hartu zuten jokalariek.

Joko bolada onari jarraipena emateko partida zuen Realak Madrigalen. Noraezean dabil azkenaldian Vila-real, gaizki jokatzen eta itxura kezkagarria ematen Europan. Hala eta guztiz ere, kalitatez beteriko jokalari ugari ditu, eta txuri-urdinek aldez aurretik zekiten partida zaila izango zela. Min hartuta dauden jokalariak berreskuratuz joan da Garrido azken egunetan eta egoera iraultzeko beharra dute valentziarrek. Hala, denboraldiko joko onena egin zuten Vila-realek lehenengo 30 minutuetan. Presioarekin ito egin zituzten txuri-urdinak, eta baloiaren jabetza garbia eduki zuten. Min asko egin zuten erdialditik, pase motz eta azkarrekin, baloia alde batera eta bestera mugituz. Montanierrek defentsa aurreratua jarri zuen, eta Vila-real atzelarien bizkarra hartzen saiatu ziren uneoro. Canik, Borja Valerok eta Brunok bere maila erakutsi zuten.

Momentu zailak izan ziren Realarentzat. Baloia segituan galtzen zuten, eta ez zuten minik egiten erasoan. Lehenengo ordu erdia pasa ondoren hasi ziren txuri-urdinak partidari neurria hartzen. Pixkanaka baloiaren jabe egin ziren, eta Elustondoren eta Aranbururen artean aginte makila banatu, eta Griezmannekin eta Velarekin jokoa antolatzen hasi ziren. Carlos Martinezek ere meritu askoko pare bat jokaldi egin zituen. Griezmannek gola sartu zuen, baina epaileak balio gabe utzi zuen jokoz kanpo garbian zegoelako. Aurreko jokaldian Marco Rubenen gol bat baliogabetu zuen Bravori falta egin ziolako. Beste jokaldi batean Agirretxe Diego Lopezen aurrean bakar bakarrik geratzekotan zegoela jokoz kanpo adierazi zuen linierrak, asmatu ez zuen arren. Bizirik iritsi zen Reala atsedenaldira, aurkaria askoz gehiago izan zen arren.

Oso desberdina izan zen bigarren zatia. Ero samar hasi zen, eta aukera asko egon ziren bi areatan. Kontraerasoetarako aproposa zegoen partida. Horietako batean, 51. minutuan, Velak hartu zuen baloia, erdirantz mugitu zen, eta aurrelariak jokoz kanpo zeudela ikusita, Aranburu atzetik sartu arte itxaron zuen, eta pase neurtu bat eman ondoren, kapitainak Diego Lopezen atea zulatu zuen. Oso gol ona sartu zuen azpeitiarrak; bi jokalarari iskin egin zien jaurtiketaren aurretik. Min asko egin zion golak Vila-reali, eta baloiaren jabetza galdu zuen. Inoiz baino erosoago zegoen Reala, eta partidua kontrolpean zuela zirudien. Gertuago zegoen bigarren gola, berdinketa baino.

Itxura ona zuen partidak, harik eta Undiano Mallenco agertu zen arte. Gola sartu eta hamar minutura, erasotzen ari zirela gaizki kontrolatu zuen baloia Elustondok, eta baloia galdu ondoren, aurkari bat zangotrabatu zuen Vila-realen area ertzean. Epaileak ez zuen dudarik egin eta bigarren txartel horia atera zion beasaindarrari. Bi falta egin zituen Elustondok, eta bi txartel ikusi zituen. Partida guztian zehar etxeko taldearen alde agertu zen epaile nafarra. 30. minuturako hiru txartel hori ikusi zituen Realak; lau falta bakarrik eginda, gainera. Zorrotz ibili zen Undiano jokalari txuri-urdinekin.

Ordu erdi luze geratzen zen partida amaitzeko, eta Realak bi pauso atzera eman zituen, ahal bezala defenditzeko asmoarekin. Montanierrek aldaketak egitea erabaki zuen defentsa sendotzeko asmoarekin. Agirretxe kendu eta Mariga sartu zuen lehendabizi. Aurrelari peto-peto bat erdilari batengatik. Muskulua nahi zuen entrenatzaileak. Baina apustua gaizki atera zitzaion frantziarrari. Partida Realaren zelaian jokatzen hasi zen. Etengabe erasotu zuen Vila-realek, hegaletatik mina egiten saiatuz. 71. minutuan sartu zuten gola. Ezker hegaletik jokaldi polita egin zuten Camuñasek eta Joseluk, eta honen pasea Marco Rubenek sartu zuen atean. Bravok ezin izan zuen ezer egin.

Hogei minutu geratzen ziren oraindik, eta gauzak oso zail jarri ziren txuri-urdinentzat. Vila-realen eraso festak jarraipena zuela ikusita, Zurutuzaren ordez Cadamuro sartzea erabaki zuen Montanierrek. Ordurako Griezmann eta Vela ere defentsa lanetan buru-belarri zeuden, baloiak areatik behin eta berriz aldentzen. Pare bat jokaldietan penaltya eskatu zuten Vila-realeko jokalariek, baina ez zen deus gertatu. Txartel horirik ikusi, halere. Azken aldaketa 81. minutuan egin zuen Realak, Vela kendu eta Xabi Prieto sartu zuen Montanierrek, baloi jabetzaren bila. Apurka minutuak pasatzen joan ziren. Bravok meritu handiko bi geldiketa egin zituen taldea enegarrenez salbatzeko. Azken aukera Realak izan zuen. Eskuin hegalean egindako jokaldi batean, aldaratzea Griezmanni iritsi zitzaion. Area barrura bakarrik sartu zen, baina haren jaurtiketa kanpora joan zen. Gola sartu izan balu hirugarrenez irabaziko luke taldeak partida bat luzapenean.

Gazi-gozoa izan zen beraz berdinketa txuri-urdinentzat. Sufrituta lortu zuten, baina. Montanier berak prentsa aretoan adierazi zuen hamaika hamaikaren kontra desberdina izan litekeela. Garaipen bolada eten da, baina galdu gabe jarraitzen du taldeak. Azken hamabi puntuetatik zortzi lortu dituzte. Hala eta guztiz ere, gertu daude oraindik jaitsiera postuak, puntu bakarrera. Dena den, gogorra da lehia, eta zortzigarren postutik hemezortzigarrenera puntu alde txikia dago. Partida garrantzitsua jokatuko du hurrengo astean Racingen aurka. Hiru partida jarraian errepikatu du Montanierrek hasierako hamaikakoa, baina hurrengo astean Elustondok ezin izango du jokatu.

Orain kopari begira jartzeko garaia da. Montanierrek gutxien erabili dituen jokalariek aukera probesten saiatuko dira. Llorente, Ifran, Mariga eta enparauen aukera izango da.


Hiru onenak:

3: Bravo: Beste behin ere taldea salbatu zuen. Oso seguru ibili zen bi zatietan, eta bi geldiketa ikusgarri egin zituen.

2: Vela: Mexikarra joko maila ona erakusten ari da azken partidetan. Ez zuen golik sartu, baina pase ikusgarria eman zion Aranbururi. Badu zerbait. Maila honetan jarraitzen badu, poz iturri izango da.

1: Aranburu: Ederki egin zuen iskin bi aldiz gola sartu aurretik, odol hotzarekin. Zelaierdian erruz egin zuen lan, beti bezala.

No hay comentarios:

Related Posts Plugin for WordPress, Blogger...

TODAS LAS NOTICIAS
POR FECHAS