Amaitu da Ligako lehen itzulia, eta Realaren
ibilbidea ez doa uste bezain ondo. Orain bi aste zale batzuk Europa postuetara
so bazeuden, Atletico Madrilen aurkako porrotak oinak lurrean jarri dizkie.
Jaitsiera postuak hurbil daude. Gertuegi. Zerbaitek huts egin du Anoetan bi
partida bakarrik irabazi badira. Gotorleku izan ohi zen Anoeta Realarentzat,
baina gazteluaren hormak erraztasun handiegiarekin eraitsi dituzte arerioek
aurtengo denboraldian. Anoeta gotorleku bihurtzeko lehen pausoa eman behar dute
jokalariek Sportingen aurka (16:00, C+L2, PPV). Aurkari zuzena dira
asturiarrak, hiru puntu gutxiago dituzte eta azkenaurreko postuan daude.
Noraezean ibili da Reala momentu askotan, norabide egokia jarraitu ezinik;
partida onak txarrekin maizegi tartekatuta. Zazpi partida jarraian galdu gabe,
bai; baina, berdinketa askorekin eta Mallorcaren eta Atletico Madrilen aurkako
hondamendiekin nahastuta. Bigunegiak izan dira txuri-urdinak momentu askotan,
eta garestiegi ordaindu du taldeak. Amorratuta daude jokalariak, haserre
Atletico Madrilen aurka emandako itxuragatik, eta minduta ulergarri izan ziren
txistuekin. Hala, garaipen gosez atera beharko lukete zelaira. Aste osoko mezua
garbia izan da: “Sportingi irabazi behar diogu”. Anoetan hirugarren garaipena
lortu nahi du Realak. Sportingek 18 urte daramatza Donostian irabazi gabe,
beraz aurkari egokia izan daiteke.
Horretarako, ia jokalari guztiak ditu prest Montanierrek. Illarramendi
sendotze bidean da. De la Bella eta Demidov deialditik kanpo geratu dira kolpe
desberdinak dituztelako. Marigaren lekua Pardo gaztetxoak hartu du. Errioxarra
minutu gosez da. Goran, Ifran eta Llorente, biak sartu ditu deialdian
Montanierrek, Agirretxe era Velarekin. Hala eta guztiz ere, 19 jokalariko
deialdia egin du, eta ziurrenik hiru jokalari horietako batek harmailetatik
ikusiko du partida. Ez da ezusteko handirik espero Montanierren hamaikakoan.
Iñigo Martinezek Demidoven lekua hartuko du; eta baliteke Estrada ezker
hegalera itzultzea, Carlos Martinez guztiz osaturik dagoelako. Zelai erdian
azken hilabeteko hirukoteak jarraituko du: Aranburu-Elustondo-Zurutuza. Erasoan
Velak, Agirretxek eta Griezmannek ukiezinak dirudite, baina Prietok ere
hasieratik joka dezake
Sporting, jaitsiera postuetan
Sporting Reala baino egoera txarragoan iritsiko da Anoetara.
Sailkapenagatik ia itota dago Xixongo taldea, eta oso joko kaskarra egiten ari
da. Donostiako taldeak baino hiru puntu gutxiago ditu, eta bi partida daramatza
irabazi gabe, Zaragozaren aurka berdindu eta Vila-realen aurka galdu ostean.
Barral aurrelariak ez du Donostiara bidaiatu, zigortuta baitago bost txartel
hori ikusi ondoren. Bere tokia Bilicek hartuko du ziurrenik. Zorigaiztoko
aurrelaria da kroaziarra Realeko zaleen oroitzapenean. Bigarren mailako lehen
urtean hark jokoz kanpo sartutako gol batek garaipena eman zion Sportingi
Molinonen.
Joanekoan 1-2 irabazi ondoren, beste garaipen bat nahi du Montanierrek.
Sportingo zaleak oso haserre daude taldearen jokoarekin, baina, halere, nahiko
zale egongo dira bihar Anoetako harmailetan. Juan Muñiz gaztea 23 jokalariko
deialdian sartu du Preciado entrenatzaileak. Mareoko harrobiko azken
harribitxia omen da Muñiz, eta gertutik jarraitu beharko du Realaren zelai
erdiak. Casesekin eta De las Cuevasekin batera kalitatea daukate. Aurreko
denboraldian ez bezala, arazo ugari izaten ari da aurten Sporting atzealdean.
Botia, eta, batez ere Lora, oso maila baxuan ari dira. Zaragozarekin batera gol
gehien jaso duen taldea dira: 33.
Zirt edo zart egiteko ordua iritsi da.
Deialdiak:
Reala: Bravo, Toño; Carlos Martinez,
Estrada, Ansotegi, Mikel Gonzalez, Iñigo Martinez, Cadamuro; Prieto, Markel,
Elustondo, Zurutuza, Pardo, Aranburu Griezmann; Vela, Agirretxe, Ifran eta
Llorente
Sporting: Juan Pablo, Dennis; Botia, Lora, Gregory, Ivan
Hernández, Canella, Sergio Alvarez, Damián, Galvez; Andre Castro, Rivera,
Carmelo, Ayoze, Eguren, De las Cuevas, Nacho Cases, Ricardo Leon, Juan Muñiz;
Bilic, Nacho Novo, Sangoy eta Trejo
No hay comentarios:
Publicar un comentario