Zauria ez da itxi. Mallorcaren aurka
irrigarri geratu ondoren, Gipuzkoa osoak bizi duen haserrea ez da baretu.
Zorretan dago taldea zale guztiekin. Ametsetatik sei muturreko bortitzekin
esnatu zuten jarraitzaile oro. Eta, orain, Ligaren errealitate gordinean esnatu
dira. Jaitsiera postuak bi puntura daude, eta aurrean Valentzia dago,
hirugarren sailkatua, Real Madril eta Bartzelonatik gertuen dagoen arerioa.
Gaur galtzea aurreikuspenen barruan sar daiteke, baina ze itxura eman, horrek
asko esango du. Kapitainek, jokalariek, Kirol zuzendariak eta presidenteak hitz
egin dute, haserrea, etsipena eta egoera aldatzeko gogoaz jarduteko. Baina,
hobe dute zelaian hitz egitea. Dituzten zorrak kitatzeko momentua Mestallan da
(22,00, LaSexta).
Lan horretan taldeak ez du Alberto de la
Bella eta Joseba Llorenteren laguntza edukiko. Kataluniarrak atseden hartuko
du, Mallorcan partida kaskarra egin ondoren. Hondarribiarra, berriz,
hirugarrenez jarraian geratu da deialditik kanpo. Dagoeneko zaleak ez dira harritzen
Llorente kanpoan ikusita. Ez dago bere onenean, eta Montanierrek ez du guztiz
laket. Diego Ifranek aurre hartu dio. Jeffrey Sarpong, Asier Illarramendi eta
Iñigo Martinez ere kanpoan geratu dira; entrenatzaileak hala erabakita,
lesioagatik eta txartel gorriagatik hurrenez hurren.
Hemeretzi jokalari deitu ditu Philippe
Montanierrek, Gorka Elustondo kili-kolo baitabil. Hala, Carlos Martinez eskuin
hegalera itzuli daiteke, Dani Estrada ezker hegalera mugiarazita. Dena den,
Liassine Cadamurok ez zuen itxura txarra eman ezkerrean Osasunaren aurka, eta
bere aukera izan dezake. Beasaingo euskarriaren osasun egoerak baldintzatuko du
zeinek jokatuko du erdian. Guztiz osatzen ez bada, Markel Bergarak edo McDonald
Marigak har dezakete aginte makila. Utopia dirudi Ruben Pardo gaztetxoaren
eskuetan uztea ardura Mestalla bezalako zelai zail batean.
Atzera begiratu behar du taldeak, Kopako
partidatik haratago. Hain urrun dirudien Osasunaren aurkako derbyra begiratzea
beharrezkoa da. Puntu kamutsa lortu zuen Realak, gorritxoak 90 minutuz
hankapean ibili ondoren. Aspaldi ikusi gabeko itxura ona eman zuten jokalariek,
eta atzetik egindako lan ona ikus zitekeen. Zazpi egun pasa ondoren, urrutiko
oroitzapena dirudi horrek. Baina, hor dago, jokalarien barruan. Jokalari horiek
hartu behar dute gurdia eskuekin, eta bultzaka hasi. Ez da irabaztearen edo
galtzearen kontua, haratago doa; elastiko txuri-urdina ganoraz, umiltasunez eta
duintasunez defendatzea da kontua. Benetako taldeak ez du inoiz garaipenik
eskatuko, horretarako daude Bartzelona eta Real Madril. Giltza errespetua da.
Valentzia, Soldado gabe
Zaleen babesa berreskuratzeko talde polita du aurrean Realak. Munduko bi
talde onenen estela jarraitzen saiatzen diren horien artean lehena. Txapeldunen
Ligarako behin eta berriz sailkatua. Bartzelonak eta Real Madrilek benetan
beste liga bat jokatuko balute, Valentziak irabaziko luke azken urteetan. Unai
Emery gipuzkoarraren gidaritzapean itxura ona eta emaitza onak jaso ditu,
urterik urtera izarrik gabe geratzen den arren: David Villa, David Silva, Juan
Mata eta enparauak.
Baina zailtasunei urtetik urtera aurre egitea ez da aski zaleentzat.
Gehiago nahi dute. Baliabide urrirekin Bartzelonaren eta Real Madrilen parera
iritsi nahi dute. Horregatik, Emeryren postua koloka etengabean dago.
Hirugarren doa Valentzia, 34 punturekin, hamar garaipen, lau berdinketa eta
hiru porrot; Betis, Real Madril eta Sevillaren aurka. Azken horren aurka,
gainera, Kopan lehiatu da aste honetan, eta garaile atera da. Ligako zorrak
kitatuta.
Hutsune handi bat izango du gaur Valentziak: Roberto Soldado. Real
Madrileko eta Osasunako aurrelari ohia taldeko pitxitxia da eta Espainiako
selekzioan ate joka dabil aspaldi bere joko bolada ona dela eta. Dena den, bost
txartel hori ikusi ditu, eta harmailetatik ikusi beharko du partida.
Urduritasun handirik ez dago Valentzian, Aritz Adurizek ordezkatuko baitu.
Aurrelari donostiarrak, aspalditik Realaren –eta Athleticen- agendan, beti
ematen du eman beharreko maila, aurten Soldadoren itzalpean egon arren.
Deialdia:
Reala: Claudio Bravo, Eñaut Zubikarai; Carlos Martinez, Dani Estrada, Vadim
Demidov, Mikel Gonzalez, Ion Ansotegi, Liassine Cadamuro; David Zurutuza, Gorka
Elustondo, Mikel Aranburu, Markel Bergara, McDonald Mariga, Ruben Pardo; Carlos
Vela, Xabi Prieto, Antoine Griezmann, Imanol Agirretxe, Diego Ifran
Valentzia: Diego Alves, Vicente Guaita; Bruno Saltor, Antonio
Barragan, Adil Rami, Angel Dealbert, Jeremy Mathieu, Ricardo Costa, Mehmet
Topal, Ever Banega, Tino Costa, Dani Parejo; Pablo Hernandez, Jonas Gonçalves,
Pablo Piatti, Sofiane Feghouli, Aritz Aduriz, Paco Alcacer
No hay comentarios:
Publicar un comentario