Unerik zailenean hartu du arnasa Realak, eta bide batez Philippe Montanierrek. Gutxien espero zen partidan etorri da garaipena. Hamar hilabetez etxetik kanpo irabazi gabe egon ondoren, Txapeldunen Liga jokatzen ari den Malagaren aurka irabazi dute txuri-urdinek. Erortzen denean altxatzen dakiela erakutsi dute gipuzkoarrek, aurretik behin baino gehiagotan egin duten legez. Nahi bezain bestetan erakusten ez badu ere, nortasuna du taldeak, eta nortasunezko garaipena lortu zuten larunbatean 1-2 irabazita. Orain etxean hiru partida jarraian —bi Ligan eta bat Kopan— jokatuko ditu Realak, sailkapenean aurrerapausoa handia emateko aukera aparta.
Zale gehienek amesten zuen hamaikakoa jarri zuen entrenatzaileak azkenean. Illarramendi eta Pardo biak batera zelai erdian, eta bolbora erasoan: Prieto, Chory, Vela eta Ifran. Malagaren oldarraldiak eutsi eta kontraerasoan ateratzeko taldea. Kontraerasoan jokatze asmoz ateratzen zarenean, egokiena gola ahalik eta lasterren sartzea izan ohi da, aurkaria ernegatu eta atzean hutsuneak utz ditzan. Bada lehen minutua bete aurretik aurreratu zen Reala. Choryk ezker hegalean baloia lapurtu zuen, Ifrani zabaldu, eta uruguaitarren erdiraketa Velak ate barrura bota zuen. Hasi bezain pronto, Reala aurretik zihoan. Amestutako hasiera.
Hamaika konpentsatu gabea izan zitekeenaren susmoa zabaldu zen partida hasieran. Lau jokalari eraso egiteko eta sei defenditzeko. Zelai erdiko jokalariak ito zitezkeela pentsa zitekeen. Malaga, baina, jota geratu zen golarekin. Saiatu, saiatu zen erasoan, baina ez zen min egiteko gai. Astean zehar Milanen aurka jokatutako partida garesti ordaintzen ari zen. Gogotsu, baina ideia argirik gabe.Bien bitartean, Realeko zelai erdia nahiko eroso zebilen, eta erasoko jokalariak min egiten mugikortasun handiarekin. Chory eta Velak nahi zuten guztia egiten zuten, eta Ifran gogotsu zebilen Montanierrek emandako aukera baliatu nahian.
Baina korner batean partida berdindu zuen Malagak. Txuri-urdinek asko sufritzen dute halako jokaldietan, eta oso gaizki defenditu zuten 37. minutukoa. Carlos Martinezek ez zuen baloia urruntzen asmatu, eta Saviolak area guztia gurutzatu ondoren sareetara bidali zuen. Lehen zatia bukatu artean, atzera pauso bat eman zuten txuri-urdinek. Isco etxeko taldea aurretik jartzear egon zen, baina Zubikaraik geldiketa ona egin zuen. Lehenz atia amaitu aurretik kontraeraso batean gola sartzeko aukera izan zuen Ifranek, baina azkar ibili zen Caballero atezaina.
Nor baino nor ibili ziren Reala eta Malaga lehenengo zatian, eta indartsu hasi ziren biak bigarrengoan. Rayoren aurka etxean galdu ondoren, berdinketa emaitza txarra zen etxeko taldearentzat, sailkapenean behera egiteko arriskua baitzuen. Realarentzat ona zen Malagak gora egitea, kontraerasoan min egiteko aukerak izango zituelako. Defentsa lanetan bikain aritu ziren bi atzelariak, eta batez ere Illarramendi. Mutrikuarrak baloi ugari lapurtu zituen, eta kontraeraso gehienak berak hasi zituen. Pardo ondoan zuela, bikain moldatu ziren bi gaztetxoak.
Kontraerasoak itxaroten ari zen Reala, bere arean ahal zuen erosoan defendatzen, eta 60. minutuan iritsi zen kontraerasoa. Xabi Prietok defentsa lanetan baloi bat lapurtu zuen, Illarramendik baloia zabaldu zuen eta Ifran, Vela eta Choryren artean jokaldi bat antolatzen saiatu ziren. Azken bat-bikoa baina, Onyewuk urrundu zuen. Dena den, Herbehereetako atzelariaren baloia Xabi Prietoren hanketara iritsi zen, atezainari iskin egin eta bigarren gola sartu zuen. Hotz kapitaina. Azken jardunaldietan oso eskas aritu ondoren, partida ona jokatu zuen Rosaledan. Iaz ere gola sartu zuen.
Ordu erdi luze geratzen zen, eta partida luze egin zitekeen. Baina Malaga nahi eta ezinean zegoen. Hitz batean: itzalita. Saviola, Isco eta enparauk min egin ezinik zeuden. Eta deskuidatzen zirenean, Realak kontraeraso onak egiten zituen. 70. minutuan —nola ez— egin zuen lehen aldaketa Montanierrek. Chory Castro, Jose Angelgatik. Akituta amaitu zuen uruguaiarrak, lan eskerga egin ondoren. Asturiarrak hegaleko gisa jokatu zuen beste behin ere. Asko lagundu zion De la Bellari, eta erasoan ere arriskua egin zuen.
Reala eroso zegoen arren, Zubikaraik salbatu zuen taldea. 73. minutuan Iscok aukera ezin hobea eduki zuen, baina atezainak hankekin gelditu zuen jaurtiketa. Malagako harribitxiarentzat amesgaizto bihurtu zen ondarrutarra. Realak ez zuen askoz gehiago sufritu. Bikain defendatu zuten jokalari guztiek. Jose Angelek eta Velak hegaleko atzelariak lagundu zituzten, eta Prietok bi euskarriak. Defenditzeko pare bat pauso atzera eman, 4-2-3-1 itxura hartu, eta ahal zutenean kontraerasoan azkar atera 4-3-3 edo 4-2-1-3 itxura hartuta. 84. minutuan partida erabakitzeko zorian egon zen Jose Angel, baina haren baloiak langa jo zuen. Bi jarraian daramatza, hala jarraituz gero, laster gola sartuko du asturiarrak.
1-2 irabazita jaitsiera postuetatik kanpo dira txuri-urdinak. Arnasa hartuta. Orain bolada onean dabilen Rayo eta azken postuan dagoen Osasuna hartuko ditu. Balizko sei puntu horiek arnasa sakona emango liokete, sailkapenean gora egiteko aukera. Denboraldi hasieran taldea gorago egongo zela espero zen, baina ez da hala. Babesle duen garagardoaren leloa hartuta nortasuna falta izan zaio. Nortasunezko garaipena erdietsi ondoren, ea bide okerretik zuzen egin beharrean, bide ona hartzen duen, bidegurutzeetan galdu gabe. Posible baita, taldeak gehiago lehiatzeko ahalmena baitauka.
Jokalari onenak:
3.- Asier Illarramendi: Erakustaldia eman zuen euskarriak. 4 gisa jokatu zuen eta jaun eta jabe izan zen zelai erdian. Erasoko jokaldiak hasi zituen, eta emaitza defenditu behar zenean, baloi ugari ostu zituen. Nekaezina.
2.- Carlos Vela: Mexikarraren faltan da Reala, eta apurka ari da agertzen. Denboraldian sartzea kostatzen zaio, baina agertzen denean puntako jokalaria da. Gol ona sartu, eta arriskua sortu zuen. Atzelariak erotu zituen.
1.- Chory Castro: Taldeko izarra zen Mallorcan. Hamaikakoan jokatzen zuen beti, hori ez zen zalantzan jartzen. Realan, baina, lehia du Griezmann, Vela, Prieto eta aurrelariekin. Horregatik aulkian uste baino minutu gehiago eman ditu. Jokatzen duenean, bere maila erakusten du, dena den.


No hay comentarios:
Publicar un comentario