sábado, 1 de diciembre de 2012

LIGA, SENDABIDE

Egoera ezagun baten aurrean da Reala, ispiluaren aurrean balitz bezala. Aurretik bizi izan duen zerbait du parez pare. Espainiako Kopatik kanporatuta geratu ondoren, zaleen kritikak jasotzen ari den unean, Mestallan jokatu behar du, larunbatez (C+ Liga, GolT;18:00). Iaz egoera berean iritsi zen Valentziaren aurkako partidara. Inork gutxik zuen irabazteko edo berdintzeko itxaropenik, baina txuri-urdinek 0-1 irabazi zuten Griezmannen gol bati esker. Ez litzateke gaizki egongo emaitza bera.

Estatistikaren eta zenbakien lagunek badute baikor egoteko arrazoirik. Ligako azken partidetan Rayoren aurka 4-0 eta Osasunaren aurka 0-0 egin zuen Anoetako partidetan, aurtengoan bezala. Joerak berdin jarraitzen badu, garaipena eskura dute txuri-urdinek. Ziur apustuzale bat baino gehiagok diru dezente jokatu duela 0-1 emaitzaren alde.

Zailak izan dira azken egunak Zubieta inguruan. Ligako emaitzei esker sortutako baikortasun guztia amen batean desagertu da. Espainiako Kopan enegarren kanporatze lotsagarriaren ostean, zaleak sutan dira, eta edozer adierazpenek piztu dezake sugarra. Jendea nekatu egin da eta jada ez du sinisten jokalariek eta teknikariek hamaika aldiz errepikatutako esan limurgarriak. Ez dute eraginik. Zaleen bihotza limurtzeko era bakarra partidak irabazten jarraitzea da. Valentziaren aurka hiru puntuak eskuratu eta Europako Ligako postuetan sartzea edo hurbiltzea litzateke sendabide hoberena.

Ez da erraza izango. Baja garrantzitsuak ditu Realak. Aspaldiko partez zelai erdian Illarramendi ez da zelai erdian egongo. Txuri-urdinen lemazain nagusi bihurtu da, baina bost txartel hori ikusi dituenez, ezin du jardunaldi honetan jokatu. Horri Markelen eta Elustondoren lesioak gehitu behar zaizkio. Hori hala, Ros da euskarri atzeratuen gisa joka dezakeen bakarra. Beste aukera Pardo hor jartzea litzateke, Zurutuza eta Prieto edo Griezmann apur bat aurrerago edukita. Jose Angel ere deialditik kanpo geratu da. Asturiarrak golpea hartu zuen Kopako partidan, eta ez da garaiz osatu. Hori dela eta, zelai erdian geratu den hutsunea betetzeko Fuchs deitu du Montanierrek.

Valentzia ez dago Reala baino egoera hobeagoan. Txuri-urdinek baino puntu bat gehiago dute sailkapenean, aurreko urteetan egon diren postuetatik urrun. Turia aldean ez daude horretara batera ohituta, eta giroa nahasi dago. Egiari zor, beti dago nahasi giroa han, baina Pellegrinoren aurkako presioa areagotu egin da. Etxea ondo ezagutzen zuen entrenatzailea aukeratu zuen zuzendaritzak, bere eskarmentu faltari garrantzia kenduta. Baina oraingoz argentinarrak ez du behar bezalako maila eman.

Hori gutxi balitz, Gagok eta Feghoulik izandako sesioaz jardun dira hedabideak, ez Realaren aurkako partidaz. Pellegrinok beran prentsaurrekoan onartu du bi jokalarien arteko harreman txarra. Giro txarrari beste hiru aldagai gehitu behar zaizkio. Batetik, Malagaren aurkako egindako partida eskasa. Desitxuratuta aritu ziren valentziarrak, eta izugarrizko jipoia jaso zuten andaluziarren etxean 4-0 galduta. Ligan, behintzat, Llagostera Bigarren B mailako taldea kanporatu dute. Bigarren, Mathieu eta Canales min hartuta daude. Azkenik, Ramik eta Tino Costak ere ezingo dute jokatu, egotzita baitaude. Kontrako aldean, Joao Pereira eskuin hegaleko atzelaria deialdian sartu da zuntz hausturatik osatuta.

Hala, arrantzuan egiteko aukera paregabea du Realak. Kopako penak ahaztu eta sailkapenaren goiko aldean finkatzeko abagunea. Valentziak hegaleko atzelari oso erasokorrak ditu, eta Realak min egin dezake hegaletatik. Horrez gain, defentsan dituen hutsuneak ere probetxugarriak izan daitezke. Bestetik, Valentziaren erasoarekin kontuz ibili beharko da. Feghouli sasoiko dago, eta Soldado, Valdez, Jonas eta enparauak aski ezagunak dira. Laguntzarik gabe partida desorekatzeko gai dira.

Deialdia:

Reala: Bravo, Zubikarai; Carlos Martinez, Estrada, Mikel Gonzalez, Ansotegi, Iñigo Martinez, De la Bella; Ros, Pardo, Zurutuza, Fuchs; Prieto, Vela, Agirretxe, Ifran, Chory eta Griezmann

Valencia: Guaita, Diego Alves; Barragan, Joao Pereira, Ricardo Costa, Victor Ruiz, Cissokho; Albelda, Gago, Banega, Parejo, Guardado, Piatti, Bernat, Feghouli, Viera; Jonas, Valdez eta Soldado.


No hay comentarios:

Related Posts Plugin for WordPress, Blogger...

TODAS LAS NOTICIAS
POR FECHAS