domingo, 2 de diciembre de 2012

NORTASUNA ATERATZEN DUTENEAN...

Ligako zelai zailenetako batean jokatzen, hirugarren minuturako gol bat atzetik, Kopako kanporaketa gogoan... Unerik zailenetan, gutxien espero denean, altxatzen da Reala. Philippe Montanierrek aurreko denboraldian kargua hartu zuenetik, behin baino gehiagotan egon dira txuri-urdinak halako egoera batean. Eta beti altxa dira. Behar gorriena duenean nortasuna ateratzen dutela dirudi. Eta nola gainera. Aspaldiko partida onena jokatuta, 2-5 jipoitu zuen Valentzia. Beste kontua nortasuna astebururo erakustean datza.

Iazkoaren estatistikaren gainetik, ezkortasuna zen nagusi Valentziaren aurkako partidaren aurretik. Illarramendi egotzita egoteak, ezinegona sortu zuen, kezkak zeudelako zeilaratu zatekeen zelai erdiarekin. Kezka hori areagotu egin zen hirugarren minutuan, eta zaleen kopeta ilundu zuen Soldadoren gol goiztiarrak. Gagok izugarrizko pasea eman zion Bernat gazteari, Soldadok mugimendu bikaina egin zuen lehendabizi jokoz kanpoko posiziotik atera eta gero lehenengo zutoinera desmarkatuz. Gola.

Lehenengo minutuek zelai erdiaren inguruan zeuden zalantzak berresteko balio izan zuten. Gago eta Banega eskarmentu handiko erdilariak dira eta Feghoulli eta Soldadok edozein jokalditatik sor dezakete gola. Pardo eta Zurutuza ez daude elkarrekin jokatzera ohituak, ez posizio horretan. Pardok Illarramendiren lana egin behar zuen, eta Zurutuzak errioxarrarena. Baina trebetasun desberdinak dituzten jokalariak dira. Prieto ere bere tokia bilatu ezinik zebilen. Halako egoeran, Valentziako erdilariek hankapean ibili zuten Reala lehenengo minutuetan.

Baina ezinegona eta urduritasuna gainetik astintzen hasi zen Reala berehala. Pellegrinoren Valentziak ez du Benitezen, Cuperren edo Emeryren Valentziak bezain beste beldur sartzen. Zurutuza bere lekua aurkitzen hasi zen, Prietok min handia egin zuen lineen artean, eta Pardo 19 urte izan arren ez da inon kikilduko. Hiru engranajeak martxan, motorra abiada hartzen hasi zen. Segituan hasi zen Reala jokaldi onak egiten, bata bestearen atzetik. Baloi jabetza Realarena zen nabarmen. Griezmannek zutoinera bidali zuen baloia eta Ifranek gola barkatu zuen Alvesen aurrean bakar bakarrik geratu zenean huts eginda. Prietok ere bere aukera izan zuen.

40. minuturako isilik zen Mestalla. Beldurturik. Baina irabazten jarraitzen zuen Valentziak. Alves zen une horretan partidako jokalari onena, taldeko heroia. Realaren jaurtiketa guztiak gelditu zituen. Baina minutu horretan iritsi zen inflexio puntua. Aldeko sake batean, Jonasek ukondokada bortitza eman zion Zurutuzari. Epaileak ondo ikusi zuen eta txartel gorria erakutsi zion zuzenean. Eskerrak ez zion sudurrean eman. Markagailuan atzetik joan arren, aldapa behera jarri zen partida, baina garrantzitsua zen lehen zatia amaitu aurretik berdintzea.

Esan eta egin, eta nork eta De la Bellak. Griezmannen pase bikain bat baliatuta, gol bikaina sartu zuen Kataluniarrak. Aurrelari finenaren pareko ibili zen atezainaren aurrean. Goi mailako driblin batekin eseri zuen Alves, eta atera musukatu zuen baloia. Epaileak aldagelarako bidea adierazi zuenerako ados zeuden bi taldeak, eta ezinegona txuri-urdinen aulkitik valentziarrenera pasa zen.

Bigarren zatiak lehenengoaren sentsazioak berretsi zituen. Reala eroso ari zen, eta Feghouli eta Soldadoren kemenak soilik beldurtu arazi zitzakeen txuri-urdinak. Gago ea Banega erabat desagertuta zeuden eta Pardo handi egin zen, erraldoi, pase onak bata bestearen atzetik bidalita. Hamar bat minutu igaro zirenean, jokaldi on bat kornerrean amaitu zen. Lehen zutoinera atera zuten, Prietok bigarrenera orraztu zuen eta Mikel Gonzalezek, bere 200. partidan, sareetara bidali zuen. 1-2, eta Valentzia estu. Estu baino estuago minutu batzuetara, Ifranek, 1-3koa sartu zuenean. Uruguaiarra maila onean dabil azken partidetan, eta merezi zuen bere lehen gola sartzea. Amorru biziz eta zoriontasunez ospatu zuen.

Dena den, 90 minutu irauten dute partidek, eta ezin da aldez aurretik garaipenik ospatu. Badaezpada ere, Soldadok gogorarazi zuen hori. 2-3koa sartuta, itxaropena piztu zuen etxekoen artean. Baina isla txiki bat besterik ez zen izan. Ifranek gola sartu bazuen, Agirretxek ere berea nahi zuen, Montanierri bi aurrelari bikain dituela erakusteko. Kordobaren aurka berekoi samar aritu ondoren, bazuen zer erakutsi beharra. Uruguaiarrak min hartuta utzi zuen zelaia, eta usurbildarrak hartu zuen bere lekua. Jokaldi nahasi batean bere oinetara iritsi zen baloia, atezainari iskin egin eta laugarrena sartu zuen. Zoramena txuri-urdinen artean, gol horrek lasaitasuna ematen baitzuen.

Lau gol Mestallan, hura pagotxa. Lau goletatik hirutan atezaina lurrean utzi zuten txuri-urdinek, beren trebetasunen irudi. Baina txuri-urdinek ez zuten aski, gehiago nahi zuten. Bosgarrena sartu nahi zuten, eskukada bat gol. Luzapenaren aurretik penaltia egin zion Feghoulik Velari. Inozoa baino garbia. Mexikarra taldean dagoenetik berak errematatzen ditu penaltiak eta bosgarrena sartu zuen Alves zeharo engainatuta. Eskua irekitako zartakoa Valentziari, baina batez ere Pellegrinori. Kopan aurrera egin eta, batez ere, taldea Txapeldunen Ligako final zortzirenetara sailkatu arren, bere kargutik bota dutelako. Ordezkoa Luis Aragones edo Valverde izan daitekeela dirudi. Ikusiko da.

Larunbateko garaipenarekin, Ligako bolada ona mantendu dute txuri-urdinek. Azken hamabi puntuetatik hamar lortu dituzte, hiru irabazi eta bat berdinduta. Europako postuak oso hurbil daude, bi puntura besterik ez. Hurrengo larunbatean Realak Getafe izango du aurkari, Anoetan. Madrildarrak aurretik doaz sailkapenean, beraz partida zirraragarria espero da, ikuskizunaren mesedetan. Irabazita, Europako lehian buru-belarri sar daiteke Reala 15. jardunaldian. Ea.


No hay comentarios:

Related Posts Plugin for WordPress, Blogger...

TODAS LAS NOTICIAS
POR FECHAS