domingo, 16 de diciembre de 2012

URRATS TXIKIA, BAINA URRATSA


“Puntu bat ona da, baina gehiago espero nuen nire taldearengandik”. Esaldi horrekin laburbildu zuen Philippe Montanierrek Granadaren aurkako partida. Golik gabe berdindu zuten bi taldeek, partida txar eta aspergarri batean. Realak. Lehenengo hamar sailkatuen artean amaituko dute txuri-urdinek, eta sei jardunaldi lotu dituzte partidarik galdu gabe. Etxetik kanpo ere, besteetan ez bezala, bolada ona du. Anoetatik urrun jokatutako azken lau partidetatik, bi irabazi eta bi berdindu ditu —8 puntu 12 posibletik—.

Baina kezkatzeko arrazoien bat ere ematen du Realak. Jauzia eman behar duen bakoitzean ez du jauzirik ematen. Norgehiagoka osoan Granada baino gehiago izan zen arren, ez zen nagusitasun hori markagailuan islatzeko gai izan. Ez zuen inprobisaziorako gaitasunik erakutsi, eta ez zuen golik sartzeko abagune garbirik eduki. Granadak bidea itxi zionean, erdiraketa antzuak egitearekin itsutu zen. Ifran, Griezmann eta enparauekin hori egitea ideia okerra zen, eta Granadako atzelariak eroso aritu ziren horrelako jokaldietan.

Zelai erdian Illarramendi eta Zurutuza jaun eta jabe izan ziren, eta Realeko atzelariek, oro har, ez zuten sufritu. Baina baloia aurkariaren area inguruan edukitzea ez da aski, gola bilatu behar da. Hor egin zuten huts donostiarrek. Ez da sasoi honetan halako zerbait gertatzen den lehen aldia. Jokatzen uzten dioten taldeen aurka eroso daude txuri-urdinak. Horren erakusle Malaga, Valentzia edo Rayoren aurka egindako erakustaldiak. Baina aurkaria itxi egiten denean, sufritu egiten du Realak. Ez du bidea irekitzen asmatzen, eta horma beraren kontra jotzen da behin eta berriz. Hala gertatu zen Getafe eta Osasunaren aurka; eta berdin-berdina Granadaren aurka.

Dena den, ontzat eman behar da puntua; gazi-gozoa izan arren. Gorakako bilakaera hartu du taldeak, eta urrats txikiak egiten bada ere, ari da urratsak egiten. Orain dela ez asko etxetik kanpo jokatutako partida guztiak galtzen zituen. Granada, etxeko taldea, kinka larrian iritsi zen partidara. Maila kaskarra ematen ari da, eta sufritu beharko du denboraldi amaieran jaitsiera postuetatik kanpo egoteko. Anquela entrenatzailearen dimisioa eskatzen ari dira zale gehienak, norabide aldaketa baten bila. Egoera horretaz jakitun, grinatsu hasi ziren andaluziarrak, garaipenaren bila. Ezustean harrapatu zuen hasiera horrek Reala. Ezker hegaletik mina egiten hasi ziren Siqueira eta Dani Benitez, baina Bravo erne ibili zen. Lehen hamar minutuetako oldarraldia eutsita, bere kalitatea erakusten hasi zen Reala.

Hamabigarren minutuan izan zuen lehen aukera, Xabi Prietoren oinetan. Apurka, Illarramendi eta Zurutuza zelai erdian nagusitzen hasi zirenean, sufritzen hasi zen Granada. Aurreko jardunaldian jokatu gabe egon ondoren, protagonismoa nahi zuen Velak. Berak egin zituen jokaldi arriskutsuenak, eta Siquieraren bizkarra bilatu zuen behin eta berriz. 20. minutuan Mainzekin bultzaka ibili ondoren area barnean erori zen mexikarra. Bultzakada txikia izan zen eta epaileak ez zuen ezer adierazi. Penaltia adierazi izan balu ez zen ezer gertatuko. Minutuak pasa ahala, partida astuntzen joan zen. 22:00etan jokatu izan balitz, batek baino gehiagok lo hartuko zukeen. Beste bi aukera izan zituzten txuri-urdinek, baina Roberto ondo ibili zen. 35. minutuan, Velaren erdiraketa buruz errematatu zuen Ifranek, baina atezainaren eskuetara joan zen. Hamar bat minutu geroago, uruguaiarrak eman zion pasea mexikarrari, baina indarrik gabe jaurtiki zuen.

Bigarren zatia ez zen lehenengoa baino hobeago izan. Antzekoa izan zen. Realak baloi jabetza zuen, baina ez zion minik egiten. Montanierrek normalean baino azkarrago mugitu zuen aulkia, baina etekinik egin gabe. Espero zitekeen aldaketak egin zituen, gehienek egingo zituztenak. Azkenaldian oso gris dabilen Griezmannen ordez Chory Castro sartu zuen. Frantziarren maila txarraren adierazle garbia da bigarren zatian izandako aukera batean egin zuena. Bakar-bakarrik joan zen ezker hegaletik, baina erdiraketa penagarria egin zuen gero, aukera galduta. Castrok, dena den, ez zuen ezer egin jokatutako ordu erdian.

Zurutuza kendu eta Pardo sartu zuen ere. Taldeko erdilari onenetakoa den arren, atsedena eman zion errioxarrari. Egiari zor, ez zen bere falta gehiegi sumatu, Illarramendi eta Zurutuza oso ondo ibili baitziren. Dena den, Pardoren joko ikusmena eta pase luzeak nahi zituen Montanierrek. Bere kalitatea erakutsi zuen Ifrani egindako erdiraketa bikain batean. Epaileak jokoz kanpo adierazi zuen, baina errepikapenean huts egin zuela ikusi zen. Uruguaiarrak gola sartu zuen jokaldi horretan, baina Robertok ez zen jaurtiketa gelditzen saiatu.

Baina, aspaldiko gaitzak guztiz galdu gabe ditu Realak. Partida berdinketa aspergarri baino lasai batekin amaituko zela zirudienean, sufritu egin zuten txuri-urdinek. Eskerrak aurrean Granada zegoen! Zerbaitengatik dira andaluziarrak gol gutxien sartu duten taldea —11 gol hamasei partidatan—. Norgehiagoka amaitu aurretik, Bravoren aurrean bakarrik geratu zen El-Arabi, baina atezainaren gorputzera bidali zuen. Azkeneko jokaldian, falta eskatu zuten area ertzean, Illarramendik eskuarekin eman ziolako baloiari, baina epaileak ez zuen ezer adierazi.

Hala, partida hasi bezala amaitu zen, golik gabe. Urrats txikia, baina ostegunean Sevillaren aurka irabaziz gero, ona. Txarto dabiltza andaluziarrak, Realak baino hiru puntu gutxiagorekin, Europatik urrun. Michelen jokalariak ez daude horrelakoetara ohituta. Atzo ere belarrondoko galanta jaso zuten, derbian Malagaren aurka 0-2 galduta. Gainera, Fazio, Rakitic eta Perotti ez dira Anoetan izango. Lehenak txartel gorria ikusi zuen penaltia egin ondoren, eta beste biek min hartu zuten. Hala, entrenatzailea kinka larrian dago, eta Realaren aurka galduz gero, kargua utz dezake. 



No hay comentarios:

Related Posts Plugin for WordPress, Blogger...

TODAS LAS NOTICIAS
POR FECHAS