domingo, 28 de abril de 2013

HIRU PUNTU BAINO ASKOZ GEHIAGO


Azterketa. Denboraldi guztiko lana 90 minututan aztertuta. Kale edo bale. Gora edo behera. Philippe Montanierrek argi adierazi du: “Sasoiko partida garrantzitsuena da”. Hainbat jokalarik ere argi utzi dute, “golpe latza” litzateke Txapeldunen Ligatik at geratzea. Valentzia aldean ere ulertu dute igande gauekoaren garrantzia (21:00; C+) eta gerra dialektikoa hasi dute. Ez da behin betikoa izango, norgehiagoka amaitu eta gero, 15 puntu egongo dira jokoan, baina Anoetako zelai gainean hiru puntu baino askoz gehiago egongo dira jokoan.

Realak irabaztea lortuz gero, zuloa irekiko du Valentziarekiko; bost puntukoa, seikoa gol tartea kontuan hartuz gero. Ia-ia guztiz erabakigarria. Galduta, valentziarren atzetik bost jardunaldiren faltan, eta berdinduta, lehia estuarekin jarraitzea. Gutxik espero zuten denboraldi hasieran taldea halako egoera batean aurkitzea. Bazegoen itxaropena, eta baikorrenek Europara sailkatzeko lantaldea zegoela ziurtatzen zuten, Europako postu horiengatik lehiatzeak zilegi zirudien, baina Txapeldunen Ligarako lehian sartzea posible zela esaten zutenak zorotzat hartu ziren. Joko eta emaitza bolada bikainak, baina, taldea aukera horretan jarri du. Badira jardunaldi batzuk txuri-urdinak laugarren postuan daudela.

Emaitzek sortutako itxaropen eta umore ona, baina, apur bat baretu da pasa den asteko norgehiagokaren ondoren. Realak golik gabe berdindu zuen Iruñean jokaturiko derbia, eta horrek zale batzuen mamu zaharrak azaleratu ditu berriro. Jokalarien grina faltari egotzi zioten errua batzuek, entrenatzailearen lanari Montanier gaitzesteko esperoan zeudenei. Illarramendiren eta De la Bellaren hutsuneak erabakigarriak izan ziren Sadarren, eta taldeak ez zuen espero zen maila eman. Biak ala biak hasierako hamaikakoan egongo dira Valentziaren aurka. Euskarria eta hegaleko atzelaria taldeko jokalari onenetakoak izan dira sasoi honetan, beraz, berri ona izango da haiek hamaikakoan ikustea. Haiez gain, Zurutuza ere osatu da, eta jokatzeko moduan dago erdilaria. Erritmo falta izan dezake debatarrak, eta baliteke aulkitik hastea.

Kontrakoan, Griezmann, Elustondo, Ros eta Jose Angel kanpoan geratu dira, azken biak teknikarien erabakiz. Frantziarrak bosgarren txartel horia ikusi zuen Osasunaren aurkako derbian, eta Chory Castrok ordezkatuko du. Espero zena baino gutxiago jokatu du uruguaiarrak, baina zelai gainean dagoen bakoitzean bere maila erakusten du, eta ezker hegaletik min egiten saiatuko da etengabe. Gola du, abiadura eta eskarmentua. Vela, Prieto eta Agirretxerekin batera min egiteko prest egongo da. Elustondoren hutsunea betetzeko hainbat aukera ditu teknikariak.

Valentziaren aurkakoak, ezinbestean joaneko partida dakar gogora. Illarramendik ez zuen jokatu egun hartan, eta Pardo eta Zurutuza izan ziren bi euskarriak. Malagari irabazi eta Osasunaren aurka berdindu arren, ezkortasuna zen nagusi sailkapen behealdean zegoen talde horren gainean. Pellegrinoren mutilak hankapean ibili eta 2-5 irabazi zuen Realak. Gerora, teknikari argentinarra kargutik kendu zuten, eta Valverde fitxatu. Hondoa jo zuen Valentziak garai horretan, Europatik oso urrun, zalantzak nagusitu ziren.

Dezente aldatu dira gauzak ordutik. Bi taldeek gora egin dute, eta Ligako bi erraldoiak alde batera utzita, bolada onenean dauden biak dira. Azken hemezortzi jardunaldietan 35 puntu lortu ditu Valverdek, jarritako helburua betetzear da. Txapeldunen

Inork gutxik esperoko zuen markagailu horrek etorkizunean izan zezakeen garrantzia. Hiru goleko tarte hori erabakigarria izan daiteke nor Txapeldunen Ligara eta nor Europa Ligara joango den ebazteko. Valentziak lau goleko tartearekin irabazi behar lioke Realari sailkapeneko balizko berdinketa txuri-urdinen aurka joateko.

Zelaierdiko abiadura eta kontraerasoko azkartasuna erabakigarriak izan ziren joaneko partidan, baita Jonasen txartel gorria ere. Bide horretatik atera idtzake etekin handienak Realak igandean ere. Argi dago erasoari eta zelai erdiari begiratzen bazaio, maila handiko taldea dela Valentzia. Soldado, Jonas, Banega eta enparauak jokalari baliotsuak izango lirateke edozein taldetan. Horiez gain, Parejok, Albeldak eta Feghoullik jokatuko dute hasieratik.

Atzealdean, baina, aurreko urteetan baino ahulezia gehiagorekin dabiltza, teklarekin nola asmatu jakin gabe. Jordi Albak, Ramik, Victor Ruizek eta Miguelek osaturiko laukotea geldiezina zen iaz; aurten hutsune ugari ditu. Guardado dabil azkenaldian ezker hego atzelari gisa, eta zailtasun mordoa ditu ondo defendatzeko. Velak min handia egin diezaioke herrikideari. Erdiko atzelariak ere ez dabiltza iaz bezain fin, eta Rami azken unera arteko zalantza izan da; azkenean kanpoan geratu da. Frantziarraz gain, Canales eta Tino Costa deialditik at daude.

Txapeldunen Ligako doinua Anoetan, aldez aurretik. Goi-goian eta puri-purian dauden bi talde nor baino nor, izar handientzako gaua, eta izar berriak zeruan dir-dir egiteko plaza aproposa. Bi talde, leku bakarra. Lehenengo finala jokoan da; set-point eta match-point jokoan. Irabazleak bidea egina dauka.

Deialdiak:

Reala: Bravo, Zubikarai; arlos Martínez, Dani Estrada, Mikel, Iñigo, Ansotegi, Cadamuro, De la Bella; Markel, Pardo, Illarramendi, Zurutuza; Xabi Prieto, Agirretxe, Vela, Ifrán eta Chory Castro

Valentzia: Alves, Guaita; Cissokho, Mathieu, Joao Pereira, Ricardo Costa, Víctor Ruiz, Barragán; Dani Parejo, Éver Banega, Albelda, Feghouli; Piatti, Guardado, Viera, Bernat, Jonas, Valdez eta Soldado.



No hay comentarios:

Related Posts Plugin for WordPress, Blogger...

TODAS LAS NOTICIAS
POR FECHAS