lunes, 14 de febrero de 2011

Entrevista Marina Agoües - Urola Kostako Hitza

Urola Kostako Hitza - Idazlea: Onintza Lete Arrieta


Sei zenbakia zeraman dortsalarekin hasi zen emakumezkoen Realeko taldean jokatzen Marina Agoües (Zarautz, 1992). Duela bi urte egin zuen hori. Aurten 18 zenbakiarekin ari da, gustuko zenbakiarekin. Zarauzko taldean jokatzetik, Superligara iritsi da, eta nor baino nor aritzen da Barça, Atletico Madril eta Athletic bezalako taldeen kontra. Espainiako 19 urtez azpiko selekzioarekin ere aritu izan da, eta haiekin martxoan Austrian jokatzeko aukera asko ditu, Europako Txapelketan. Hala ere, Reala da bere lehentasuna. Azkenaldian minutu batzuk bakarrik jokatzen ari den arren, hamaikakoan sartu izan dute eta hori da bere helburua.

Atletico Madrilen aurka jokatu zenuten aurreko asteburuan. Hiru partida galdu dituzue jarraian. Asteburu honetarako prest?
2-1 galdu genuen Madrilen, lehenago 0-1 Athleticen kontra, eta horiez aurretik Espanyolen kontra 7-0. Beraz, asteburu honetakoa irabazi beharra dago, bai ala bai. Igandean 12:00etan Zubietako Z-7 zelaian jokatuko dugu partida Sant Gabriel (Herrialde Katalanak) taldearen kontra. Eta puntu bat behintzat behar dugu, atzeko postuetan sartuta gaudelako. Zazpi gara guztira, eta gu seigarren gaude orain.

Zein helburu du Realak aurten?
Lehenengo fasean liga honetarako sailkatzea zen batik bat gure helburua. Iaz jokatu genuen aurrenekoz modu honetan, eta zazpigarren egin genuen, azken bigarren. Iazko postua hobetzea izango da gure helburua.

Azken emaitza horiek asko jaitsi al dizuete animoa edo zeuengan duzuen konfiantza?
Espanyolen aurka 7-0 galduta, aste hori gogorra izan zen, baina Athletic zetorrela jakinda, motibatuta ere bageunden. Derbi guztiak bezala, ordea, oso partida kaskarra izan zen, horrenbeste gogo duzu… 0-1 horrek animoak jaitsi zizkigun, baina Atlético Madrilen kontra aukerak genituela uste genuen. Azkenean ezin.

Zerk ematen du min handiagoa, Espanyolen zazpi golek ala Athleticen kontra galtzeak?
[Dudati] Bada, nik uste dut Espanyolen aurka 7-0 galtzea mingarriagoa izan zela. Ez genuen espero, konfiantzarekin joan ginen, partidarik galdu gabe, eta lehenengo zatia amaitzerako sei gol kontra izatea… asko desmotibatu gintuen, puntu bat aterako genuela espero baikenuen. Bartzelonan puntu bat lortu genuen eta esperantza horrekin joan ginen. Athleticena ere, ez pentsa, aurrenak doazela jakinda, gainera… Athleticek ez beste edozeinek irabaztea liga.

Athleticekin duzuen ezinikusia zelaian gelditzen al da, ala hortik kanpora ere pasatzen da?
Ez, zelai barruko kontua da lehiarena. Gainera, selekzioan ere aurkitu izan naiz bizkaitarrekin, eta oso-oso ondo konpontzen gara.

Afizioetan ere, motibazioan eta kopuruan nabarituko da derbya duzuenean, ezta?
Orain arte Athleticen zelaian jokatzen genuenean ez, baina azken bi urteetan nik uste dut realzaleak gehiago nabaritu izan direla. Peñak eraman ditugu, baita Aupa Realeko Neskak taldea ere, eta Athleticeko afizioa ez zen entzun ere egiten.

Peñek beren lana egiten dute, hortaz.
Bai, asko nabaritzen da, eta Zubietako Z-7 zelaia bete egiten da gure partida guztietan. Realeko neskak neurri batean mutilen mailara igotzea nahi duten realzaleak dira Aupa Realeko Neskak taldekoak. Ezinezkoa izango litzatekeela uste dut, baina esperantza ere hor dago. Danbor handiarekin joaten dira, ekitaldiak egiten dituzte guri laguntzeko, afarietara gonbidatzeko, partidatan argazkiak atera eta horiek Interneten zintzilikatzen dituzte, eta dauden hainbat peñaz gain, orain pertsonala atera diote Esti Aizpuruari.

Peña Marina Agoües ateratzen duten egunean…
Egia esan, zerbaitetan ari dira. Gure aitak, esaterako, Donostian Lucas taberna du, sekulako jendetza joaten da eta han aritzen dira, bata esan eta bestea esan. Eta badago Realeko jokalaria izandako bat, egunero galdezka aritzen dena ea zer egin dudan. Jarraitu egiten du nire lana, eta lehengo astean esan zidan nire peña egiteko pausoak ematen ari zela, baina ez dakit, paper asko bete behar dira, eta… Poza emango lidake, baina lotsa ere bai, eta jendeak esango du, gainera, ea zer egiten dudan nik peña batekin [barrezka].

Realean jokatzeaz gain, Espainiako 19 urtez azpiko selekzioarekin jokatzeko bidean zara.
Bai, iaz hartu nuen parte aurrenekoz Bosniara joateko. Europako Txapelketako lehenengo fasea jokatu genuen han, eta aurten entrenamendu batzuetara joaten hasi naiz. Austrian bigarren fasea jokatzeko hartuko nauten ala ez zain nago orain. Otsailaren 28an jakinaraziko dute zein jokalari hartuko dituzten.

Mundialean ikusten al duzu zeure burua?
Sekulakoa litzateke hori. Bigarren fasea Austrian irabaziz gero, hirugarrenera pasatuko ginateke, Italiara, eta han lan ona eginez gero, berriz, hurrengo urtean mundiala jokatuko genuke, Tailandian. Beraz, horra iristeko lan eta lan ari naiz. Gainera, mundiala jokatzeaz gain bidaiatzeko aukera paregabea da niretzat, apenas atera bainaiz hemendik.

Bi urte daramatzazu Realean. Hango elastikoa jantzi zenuenean amets bat bete al zen zuretzat?
Dudarik gabe. Nahiz eta hemezortzi urte izan, oraindik sinesten ez dudan toki batean nago. Euskadiko Selekzioarekin Espainia mailan txapelduna izatea; hurrengo urtean Realak fitxatzea eta Realean bertan egonda Espainiako selekzioarekin aritzea, sekulakoa izan da. Hala ere, lanean jarraitu behar dut, Realeko hamaikakoan segitzeko, hori da nire helburua.

Emakumezkoen elite mailako futbol ligan aritzeak sakrifizio asko eskatzen al du?
Bai, iaz gaizki pasatu nuen, adibidez, ikasketekin. Bi ikasgai gainditu gabe gelditu zitzaizkidan. Batxiler artistikoa egiten ari naiz, gainera, eta horrek denbora gehiago eskatzen du. Ondo planteatuz gero egin daiteke, baina ez da erraza. Unibertsitatean ari direnak edo lanean dabiltzanek ere arazoak izaten dituzte batzuetan. Izan ere, astean lau egunetan entrenatzen dugu eta partidak kanpoan direnean denbora kentzen du horrek. Mutilak bezala, profesional gisara ariko bagina, goizak eta arratsaldeak entrenatzen igarotzeko, beste gauza bat izango litzateke hau.

Hori zer da, emakume futbolari ororen ametsa?
Bai, bai.

Nahiz eta langile normalen soldatak jaso?
Bai, noski, gainera guk dena ilusioagatik egiten dugu, orain ere ez dugu ezer jasotzen. Hori bai, La Gula del Norte enpresa hasi da orain gure babesle gisara, eta Superligara sailkatzeagatik bi kilo gula eman zizkiguten. Hori, esaterako, ez dute mutilek ere!

Amerikako Estatu Batuetan, esaterako, emakumezko futbol profesionala dago. Probatuko al zenuke?
Bai, gustura, nahiz eta gero balio ez izan. Neskenak mutilenak baino ospe gehiago du han. Hortik bizi ahal duzu eta jokatzen duzun bakoitzean estadioa zaletuz bete-betea dago. Guk beti esaten dugu sekulakoa izango litzatekeela jendez betetako Anoeta batean jokatzea. Guk zaila izango dugu, baina gure alabek jokatu ahal izango dute horrela, agian. Bestalde, duela gutxi fitxatu dute jokalari bat Philadelphiako ligan jokatzeko. Espanyoleko Veronica Boquete da.
 Marina Agoües jokalari zarauztarra 

Aurreko partidan hark sartu zizkigun zazpi goletatik hiru. Espainia mailan ikusi dudan jokalari onena da.

1 comentario:

Anónimo dijo...

AUPA AGOÜES!!! segi horrela, eta... zuk merezi duzu peña bat!!!

Related Posts Plugin for WordPress, Blogger...

TODAS LAS NOTICIAS
POR FECHAS