domingo, 8 de enero de 2012

AZKEN OSAGAIA FALTA


Hiru puntuen errezeta prestatu zuen atzo Realak. Partida labean sartu aurretik, txukun-txukun jarraitu zituzten txuri-urdinek pausoak. Osagai guztiak bota zituzten: derby baten gatza eta piperra, ura goitik behetik euria zela eta, orea ere ondo nahastu zuten zelai erdia menderatuz eta erasoan jokaldiak ondo egituratuta. Labean suabe-suabe sartu zuten, 90 minutu ondoren zale guztiek hiru puntu dastatu zezaten. Baina ordu eta erdi pasa zenean, labea ireki eta horrek ez zuen esperotako itxura izan. Azken osagaia falta zitzaion Realari, futbolari gozotasuna ematen diona: gola. Eta golik gabe ez daude hiru puntu.

Realak derbya ez irabazteko errudun nagusia Andres Fernandez Osasunako atezaina izan zen. Realaren eraso guzti guztiak geratu zituen, eta ez zuen aukerarik eman. Txuri-urdinek joko bolada onari eutsi zioten, eta azken asteetako partidak ilusioa baino errealitatea direla erakutsi zuten. Ilusioa ematen du txuri-urdinek zein maila onean joka dezaketen ikusteak. Osasunak ezin izan zuen ezer ere egin etxekoen joko erauntsiaren aurka. Zelai erdia ondoratu egin zen, eta Nino, Lamah eta Ibrahima motzean lotu zuten atzelariek. Defentsak bakarrik eutsi zion trinko. Miguel Flañok eta Sergiok hormak ziruditen, eta beraien ondora gerturatzen zen baloi oro hortik kanpora errebotatu zuten.

Baino Realeko jokalariek hormaren gainetik pasatzea lortu zuten guztietan Andres Fernandez izeneko harresi batekin egin zuten tupust, eta ez zuten zulorik aurkitu han. Temati baloia behin eta berriz jaurtiki arren, sendo eutsi zuen Nafarroako harresiak. Aurten egin du debuta Lehen Mailan —2007/08 denboraldian Almeriaren aurka partida bat jokatu zuen—, Huescan lehengo urtean Bigarren Mailako Zamora saria jaso ostean, eta oso itxura ona ematen ari da. Bera da Osasuna Europa postuetan egoteko erantzule nagusietako bat. Asier Riesgo eta Ricardo bezalako bi atezaini aurre hartzeko ona izan beharko.

Atzokoan erakustaldia eman zuelako Fernandezek. Lehen zatia amaitu zenean, hamaika aldiz iritsi zen Reala gorritxoen areara. Lehen minututik jaun eta jabe izan ziren donostiarrak. Aurreko partidetan bezala, Aranburu eta Elustondok aginte makila hartu zuten, baita orkestra zuzendariaren rola hartu. Osasuna min gutxi egiten ari zela ikusita, Cadamuro eta Estrada erasoan hasi ziren. Griezmannek, Velak eta Agirretxek sasoiko eta gol gosez daudela erakutsi zuten. Puñal eta Nekunam noraezean ibili ziren, euripean itota. Baloi baten atzetik hura ezin harrapatu dabilen mutikoak ziruditen. Griezmann eta Vela bihurrikeriak egiten hasi ziren, area kanpotik gutxigatik kanpora joan ziren jaurtiketekin. Agirretxek beste behin ere sekulako erakustaldia eman zuen, bizkarrez ongi baino hobeto jokatu zuen, eta jokaldiak amaitu ez ezik, goleko pasa ugari eman zituen. Atsedenaldira iritsi zenean, argi zegoen zeinek jokatu zuen gehiago: zortzi gol aukera garbi izan zituen Realak, eta hamar korner atera zituen; Osasunak bat bera ere ez.

Bigarren zatiak Jose Luis Mendilibar Osasunako entrenatzailea aldaketak egiten saiatu zen arren, ez zen aldatu jokoaren norantza. Joko erauntsiarekin jarraitu zuten txuri-urdinek, lehen zatiko protagonista berberekin. Behin eta berriz erasotzearen poderioz, gola sartuko zutenean. Kaskagorkerian tematuta saria izango zutelakoan. Prieto eta Ifran Agirrretxe eta Velaren ordez zelairatu zituen, eta uruguaiarrak aukera garbia izan zuen. Baina, ezetz asmatu? Atezainak geratu zuen baloi hura. Azken minutuetan indarrak zertxobait berdindu ziren. Koparen nekea nabari zitekeen txuri-urdinen artean azken minutuetan. Lehen minututik azkenera arte nagusi izan zen Reala, jaun eta jabe; Osasunak ez zuen argudiorik izan. Baina golik gabe ez zoaz inora, eta txuri-urdinek bai aurrelarien hutsengatik eta punteria faltagatik, baita ere Andres Fernandezek sekulako partida egin zutelako ez zuten golik sartu. Hala, golik gabe amaitu zen partida, eta puntu batekin itzuli ziren gorritxoak Iruñera. Realak gehiago merezi izan zuen, baina ezin izan zen. Jaitsiera postuetatik gertu jarraitzen dute donostiarrek, gertuegi. Sailkapena ez da azken hilabeteetan erakusten ari den jokoaren erakusle, baina puntuak pilatzeko beharra du Philippe Montanierren taldeak. Orain Mallorkaren aurkako partidan pentsatzeko garaia da. Kopan zerbait handia egiteko gogoz dira jokalariak.

Partidako onenak:

3.- Elustondo: Orain dela gutxi lagun bati esan nion ez nuela gogoratzen zenbat urte neraman Reala zelaierdian jaun eta jabe izan zela sumatu gabe. Badira bi-hiru partida hori sumatzen ari naizela. Horren erantzule nagusienetako bat Gorka Elustondo da. Juanma Lillorekin eta Chris Colemanekin eman zituen zertzelada apurrak oraindik barnean zituela erakutsi du beasaindarrak. Bere jokoarekin esperantza gutxien zegoenean, gainera. Berri pozgarria.

2.- Griezmann: Itzuli da zaleak zutik jartzen zituen jokalari hura. Udaran burua galdu ondoren, zelaian hitz egitea erabaki du Maçonekoak. Barnealdi bat baino gehiago egin zituen, eta baloian gola idatzita zeramaten jaurtiketa bat baino gehiago. Pena ez asmatu izana.

1.- Aranburu: Elustondo bezala, bera da Realaren joko onaren beste erantzuleetako bat. Gazte dago, sasoiko. Orain ez du hainbeste eramaten baloia lehen egiten zuen bezala, orain azkarrago pasatzen du. Beti ondo kolokatuta dago azpeitiarra. 

2 comentarios:

VICENTE POETA DE VENUS DE BONARES dijo...

SALUDOS,,Y FELIZ AÑO NUEVO A TODOSSSSSSSSSSSS

Sentimiento Txuri Urdin dijo...

Igualmente txapeldun!!!

Related Posts Plugin for WordPress, Blogger...

TODAS LAS NOTICIAS
POR FECHAS