jueves, 5 de enero de 2012

GOZATZEKO ERE BADA KOPA

Gozatu, sufritu gabe gutxienez, gutxitan gozatzen da Anoetan. Etxean partida asko irabazi diren arren, sarriegi iristen da Reala azken minutuetara etxeko lanak guztiz amaitu gabe, eta beti egoten jokaldiren bat bihotza ataka estuan jartzeko. Baina atzo irribarretsu egon ziren zaleak bigarren zati osoan, eta urduritasuna egon beharrean txaloak, algara egon ziren. Gauza gutxi behar du zale txuri-urdinak poztu eta amets egiteko, eta hasi da horretan. Ziur amets gozoak izan zituztela.

Eta hori partida ia amesgaizto batekin hasi zela. Lehenengo minutua bete aurretik Hemed aurrelariak aukera garbi-garbia eduki zuen. Ezker hegaletik egindako erremate bat sareetara botatzear egon zen, baina baloiak bere taldeko jokalari batean jo zuen Zubikaraik gelditu aurretik. Lehen sustoa, baina ez bakarra. 0-0ekoarekin oraindik beste aukera garbia eduki zuen aurrelari israeldarrak.

Montanierrek seriotasunez hartu du Kopa. Teorikoki titularrak diren jokalariekin osatu zuen hamaikakoa: Zubikarai atepean, Estrada, Demidov, Mikel Gonzalez eta De la Bella atzelari lanetan; Elustondo euskarri lanetan Aranbururen eta Zurutuzaren laguntzarekin; eta Prieto, Agirretxe eta Griezmann partida desorekatzeko. Caparrosek ordea minutu gehien pilatu dituzten jokalariak Ligan aukera gutxien eduki dituztenekin tartekatu zituen. Kanporaketa serioen hartu zuen taldeak irabazi zuen.

Mallorkak lehen minutuak kementsu hasi zituen arren, Reala ere ez zen atzean geratu. Presioan ondo aritu ziren erdilariak eta aurrelariak, eta defentsa sendo ibili zen. De la Bellak eta Estradak, adibidez, ez zuten asko sufritu. Boxeo borroka bat bezala hasi zen, Hemeden bi ukabilkadak erantzun zituzten txuri-urdinek, Agirretxeren eskutik. Lehenbizi Griezmannen erdiraketa-jaurtiketa batera gutxigatik ez zen iritsi. 17. minutuan, baina, Realak Mallorka etzan egin zuen eskuin zehar batekin. Agirretxek Aranbururena egin zuen, eskuin hegaletik erdiraketa neurtu bat jarri zuenean; eta azpeitiarrak usurbildarrarena egin zuen baloia maisuki sareratu zuenean. Altxatzen saiatu zen Mallorka, baina K.O.tik gertu zegoen, galduta, partidari neurria hartu ezinik. Jaun eta jabe bihurtu zen Reala, eta monologoa hasi zuen. Prieto eta Estradak min egin zuten eskuin hegaletik, Elustondok baloia kriterioarekin ateratzen zuen, Aranburu eta Zurutuza biderkatu egin ziren, eta Agirretxe munduko aurrelari onena zirudien.

1-0ekoarekin iritsi zen, baina, atsedenaldira. Kanporaketa eta partida bera irekita utzi zuten txuri-urdinek. Lehen zatia amaitu aurretik aukera ezin hobea eduki zuen Realak, baina Elustondok eta De la Bellak ez zuten elkar ulertu, eta area barnean baloia bultzatzea besterik egin behar ez zutenean tupust egin zuten. Kanporaketa guztiz bideratu zezakeen beste jokaldi bat egon zen ere, Mallorka aldageletara 10 jokalarirekin joatekotan geratu baitzen. Caceresek ez zion momentu batean ere neurria hartu Prietori eta faltak egiten geldiarazi zuen. 30. minutuan ikusi zuen lehen txartel horia, eta atsedenalditik hurbil antzeko falta bat egin zuen. Epaileak barkatu egin zuen. Jokalariak ez ziren oso gustura geratu epailearen iritziarekin. Orokorrean falta gehiegi adierazi zituen, kontaktu gehienak, eta txartel hori ugari atera zituen: bederatzi.

Bigarren zatian ez zen menua aldatu. Mallorka presioa egiten saiatu zen, baina bost minuturen buruan Reala zelaierdiaren jaun eta jabe zen berriz ere. Elustondok atzetik ateratzen zuen baloia, eta pase motz eta azkarrekin aurkarien presioa erraz indargabetu zuten txuri-urdinek. 54. minutuan jokaldi bikaina egin zuten. Elustondok hasi zuen jokaladia, eta azkar eskuin hegalera pasa zuen. Agirretxek eskuin hegalera mugitu zituen atzelariak, eta Griezmann erdialdera joan zen. Pase beretzat zen, baina zentzu guztiz pasatzen utzi zuen, erditik Aranburu bakar bakarrik zetorrelako. Calatayudek kapitainaren jaurtiketa zutoinera urrundu zuen, baina hor zegoen Agirretxe aldaratzea sareetara botatzeko. Lehendabiziko golan Agirretxe eta Aranburu; bigarrengoan Aranburu eta Agirretxe. Eta poza harmailetan. Mallorkak amore eman zuen, eta behin baino gehiagotan jokalariak euren artean builaka eta keinuka ikus zitekeen. Halako partidetan, erraza da etxeko atezainarentzat lo hartzea, baina Zubikarai oso erne egon zen 71. minutuan Joao Victorren jaurtiketa alde batera aldentzeko. 2-0 markagailu ona da hurrengo asterako itzuliko partidarako, baina 2-1ekoa markagailu arriskutsua izango zen. Realak 3-0ekoa lortzeko adinako jokoa egin zuen, baina ez zen hirugarren gola iritsi. Agirretxek eta Aranburuk zutik jarri zuten Anoeta beren aldaketetan.

Sufrimendu iturri izan da luzaroan Kopa Realarentzat. 23 urte eman dituzte txuri-urdinek Lehen Mailako talde bat kanporatu gabe. 12 urte ziren final-zortzirenetan lehiatzen ez zela, eta hogei urte baino gehiago final-laurdenetara sailkatu gabe. Atzokoa eta gero, eskura du txartela. Zozketa eta gero pozik daude zaleak, Mallorkaren aurkako garaipenarekin Athleticen –edo Albaceteren- partidari begira jada. Sufrimendua erraietan darama Realeko zaleak, DNAn;  baina atzokoa eta gero, ikasi dute gozatzeko ere badela Kopa.


Jokalari onenak:

3.- Agirretxe: Anoetan ikusi diodan partida borobilena egin zuen usurbildarrak: lehen goleko pasea, bigarren gola, baloi guztiak irabazi, eskaini, paseak eman, desmarkatu... Dena egin zuen, eta guztia ondo. Kontratu berritzeak indartu egin du Imanol.

2.- Aranburu: Zenbat urte ditu kapitainak? Harrobitik atera berri den mutil koskorra zirudien azpeitiarrak. Joko bolada bikainean dago, eta bere eskarmentua ederki baliatzen du. Ongi kolokaturik uneoro, arrisku asko sortu zuen, eta defentsan ere lan eskerga egin zuen.

1.- Zurutuza: 85 minutuan izugarrizko korrikaldia egin zuen kontraerasoa hasteko, eta gero jarraipena eman zion baloia ezker hegaletik atera zedin saihesteko. Lehengo denboraldian leher eginda geratzen zen 65. minuturako. Indarrez eta sasoiko dago. Lan asko egin zuen erdian, kilometro ugari. Falta mordoa jaso zituen, eta gainera berak ikusi zuen txartel horia falta gehiegi egiteagatik epailearen iritzitan.

No hay comentarios:

Related Posts Plugin for WordPress, Blogger...

TODAS LAS NOTICIAS
POR FECHAS