Oinak lurrean ematen dira pausoak. Kopa
besterik ez da egon guztien ahotan; Mallorkaren aurkako garaipena, joko bolada
ona, Athleticen aurkako balizko kanporaketa, maiatzeko finala... eta konturatu
gabe derbya iritsi da Anoetara. Txuri-urdinek Jose Luis Mendilibarren Osasuna
hartuko dute Anoetan (18:00, C+L2, PPV), Ligan. Bosgarren doaz nafarrak, eta
donostiarrek bi puntura dituzte jaitsiera postuak. Amets egitea ongi dago,
indarra ematen du, baina tentuz ibiltzea eta aurkariak ez gutxiestea
garrantzitsua da.
Osasunaren aurkako derbyak ez dira
Athleticen aurkakoak bezalakoak. Badago grina, badago bi taldeko zaleen arteko
amodio-gorroto erlazioa, baina ez dira bilbotarren aurka bezainbeste bizi. Eta
gaurko derbya azken urteetako urardotuena da. Ligako atsedenaldiak eta Kopak
haren oihartzuna txikitu duelako. Baina asko dago jokoan, urrezko hiru puntu
lasaitasuna emateko, eta derby batean zuzeneko aurkari bati irabazteko. Kopan
ere eragin dezake gaurko partidak, irabaziz gero jaitsiera postuak urrutiago
izango dituzte txuri-urdinek; galduz gero, berriz, Ligako egonezinak ez du
utziko Kopaz gozatzen, eta batek baino gehiagok ordezko jokalariak erabiltzeko
eskatuko du.
Deialdian bi aldaketa egiten ditu Montanierrek:
Claudio Bravo deialdira itzuliko da Toño Ramirezen ordez, eta Diego Ifranek
Joseba Llorenteren lekua hartuko du. Hondarribiarra ez dabil fin, eta joko
bolada ona aurkitu gabe dirau. Aurrelari uruguaiarrak, berriz, bigarren zatian
minutuak izan ditzake, eta taldeari ekarpen handia egiten diola erakutsi nahi
izango dio beste behin ere entrenatzaileari. Jokalari desberdina da Ifran,
grinatsua, elektrikoa, beste zera hori duen horietako, baina
Montanierrek ez du begiko, eta zaila izango du entrenatzailearen iritzia
aldatzea.
Ezustekorik ezean, Mallorkaren aurkako
hamaikako oso antzekoa jarriko du jokoan Montanierrek. Bravok tokia kenduko dio
Zubikarairi, eta Velak Prietoren tokia har lezake. Oraingoz ez dirudi
Montanierrek aldaketak egingo dituenik nekea saihesteko, baina baliteke gaur
hastea errotazioekin. Alde guztietatik kritikak jaso ostean, bost partida
darama galdu gabe Realak Ligan, eta oreka aurkitu duela dirudi. Montanierrek ez
ditu hainbeste zalantza eragiten jada, eta zelai erdiko konexioa fruituak
ematen ari da. Elustondok, Aranburuk eta Zurutuzak ondo baino hobeto ezagutzen
dute elkar, eta Illarramendik utzitako hutsunea ondo bete dute. Marigak,
berriz, ez du maila eman, eta baliteke taldea uste baino lehen uztea.
Osasuna, uste baino hobeto
Reala bolada onean egon arren, gogorra
izango da partida. Osasuna uste baino hobeago ari da, eta Europako postuetan
dela iritsiko da Anoetara. Bosgarren dago 25 punturekin, Realak baino zortzi
gehiago. Txapeldunen Liga lau puntura dute gorritxoek. Futbol ederregia egin
gabe, eta ahotsa behar baino gehiago altxa gabe puntuak pilatu eta pilatu ari
dira. Bartzelonaren eta Real Madrilen aurka lotsagarri geratu arren, itxura ona
eman dute beste partidetan. Talde trinkoa osatu du Mendilibarrek, eta
jokalariek aurkarien ahultasunak ustiatu dituzte. Sei jokalari ditu min hartuta
entrenatzaileak: Etxaide, Masud, Kike Sola, Ruben, Roversio eta Raul Garcia.
Guztiak deialditik kanpo geratu dira beren lesioengatik. Azkenekoaren ordez
Timor gaztea ariko da punta erdi lanetan. Hartara, jokaldi geldituetan arrisku
handia izango dute, Nekunam eta Flaño bezalako jokalariekin. Montanierrek eman
du abisua zentzu horretan. Aurrean gola erraietan duen Nino beteranoak jokatuko
du, eta bi hegaletan jokalari azkar eta trebeak ditu: Ibrahima eta Lamah. Biek
ala biek zur eta lur utzi dituzte zale gorritxoak, eta pozarren dira ematen ari
diren errendimenduarekin.
Kopatik urrun du burua gainera Osasunak.
Bartzelonaren aurkako kanporaketa zaila izango zela bazekiten hasieratik,
ezinezko hitza erabili zuen Mendilibarrek, eta Nou Campen 4-0 galdu ondoren ez
dago esperantzarik Iruñean. Hautsak harrotu ditu dena den partidak, ustez
gripeak jota zegoen Messik sekulako partida egin eta bi gol sartu zituelako.
Mendilibarrek eta Patxi Izcok adierazpen gogorrak egin dituzte argentinarraren
aurka. Zaldibarkoak “aurpegira barre” egin diela esan du haserre, eta
presidenteak Messik gripea bazuen, berak “barrabiletako mina” zeukala esan
zuen; literalki.
Berri on bakarra izan zuen asteazkeneko partidak
Osasunarentzat. Atezain on bakarra ez eta bi —edo hiru Ricardo kontuan hartuz
gero— dauzkatela argi geratu zen. Asier Riesgo Realeko jokalari ohiak sekulako
erakustaldia eman zuen. Lau gol jaso zituen, baina izan zitezkeen zortzi lasai
asko. Trukean errege oparia jaso dezake, eta hasierako hamaikakoan izateko
aukera dezente ditu. Debatarrarentzat berezia izango da ziur Anoetara
itzultzea.
Deialdia:
Real Sociedad: Bravo, Zubikarai; Estrada, Mikel
Gonzalez, Ansotegi, Cadamuro, Demidov, De la Bella; Xabi Prieto, Pardo,
Zurutuza, Elustondo, Aranburu, Mariga, Griezmann; Vela, Agirretxe, Ifran
Osasuna: Andres Fernández, Riesgo; Damia, Lolo,
Satrustegi, Miguel Flaño, Raitala, Sergio; Annunziata, Calleja, Cejudo, Lamah,
Nekunam, Puñal, Timor; Ibrahima, Lekic eta Nino
No hay comentarios:
Publicar un comentario