domingo, 18 de marzo de 2012

BESTE AUKERA BAT GALDUTA

Ez da lehen aldia, eta ez da azken aldia izango. Realak aurrerapauso bat emateko aukera duenean, kikildu eta atzeraka bi pauso ematen ditu. Mallorcan pasa zen, Granadan pasa zen, eta beste hainbat zelaitan ere gertatu zaio. Txuri-urdinek Europako postuetara gerturatzeko aukera paregabea zuten Getaferi irabaziz gero, baina 1-0 galdu zuen, eta erdibidean geratu dira berriro. Anoetan azken lau partidak irabazi ditu, bai, baina etxetik kanpo azken lauak galdu ditu.

Realak ez zuen partida txarra egin, are gutxiago, norbaitek irabaztea merezi bazuen, horiek txuri-urdinak izan ziren. Baina futbolean justiziak ez du lekurik, eta aukerak huts egiten badituzu, jai duzu. Eta, horrela, pelikuletan bezala, gidoiak azken minutuetan eman zuen bira. Barradak Odolkiak ordainetan datoz gero. ezker hegaletik erdiraketa bat egin zuen, Güiza ez zen iritsi, baina Bravo zertxobait oztopatu zuen bere saiakerak. Atezain txiletarrak ukabilez urrundu zuen baloia, baina Iñigo Martinezen buruan jo zuen, eta sareetara joan zen karanbolaren ondorioz. Getafek ez zuen merezi, baina aurretik zegoen. Filmeko protagonista zauritua zegoen, eta ez zuen altxatzeko denbora izan. Epaileak atzera kontua hasi zuen, hamar, bederatzi, zortzi... eta markagailua ez zen mugitu.

San Mamesen egin bezala, Agirretxe aulkian utzi zuen Montanierrek, eta haren ordez Prietok, Griezmannek eta Velak osatu zuten erasoko hirukotea. Erreferentzia argi bat izan beharrean, hirukotearen mugikortasuna baliatu nahi zuen entrenatzaileak, eta galdu arren, apustua ez zen guztiz gaizki atera, min asko egin zutelako, atzelariak ernegatzeraino. Halere, nahiko arraroa da aurrelari batek aurreko astean bi gol sartu ondoren hurrengo partidan ez jokatzea. Zelai erdian Markel Aranbururen ordez jartzea erabaki zuen, Illarramendirekin eta Zurutuzarekin batera. Defentsan, Cadamurok bere lekua berreskuratu zuen, De la Bellak Zaragozaren aurka oso partida txukuna egin zuen arren; Mikel Gonzalezen hutsunea espero bezala Demidovek bete zuen.

Getafe eta Reala nahiko talde parekoak dira gaur egun, eta parekotasun hori zelaian islatu zen lehenengo minutuetan. Boxelariek bezala, haztamuka ibili ziren. Kolpe bat bota batek, bueltan besteak. Errespetu handia zioten elkarri. Gazteenak izan ohi dira errespetu hori mozten dutenak, eta 12. minuturako Illarramendi nekatu zen haztatzeaz, eta lehenengo kolpea eman zuen. Velak jokaldi bikaina egin zuen ezker hegaletik, eta aldaratzea zutoina miazkatzen pasa zen. Pare bat minutu geroago Markelek zelaia utzi zuen eta lesiotik osatu berri den Elustondok ordezkatu zuen. Elgoibartarrak maiz izaten ditu lesioak, eta Micheli sarrera itsusi bat egitearen ondorioaz hartu zuen min.Minutuak pasa ahala, kolpeak ematen jarraitu zuten bi taldeek, baina bietako inor ez zen min egiteko gai. 30. minututik aurrera, Getafe atzean sartzen hasi zen, Realaren ukabilkadek behartuta. Zurutuzak hiru aldiz, eta Griezmannek behin hari batean izan zuten Getafe. Baina Madrilgo taldeak, animali zauritu bat bezala, azken kolpe bat eman zuen atsedenaldiaren aurretik. Miku bakar bakarrik geratu zen Bravoren aurrean, baina zeruetara bidali zuen baloia. Zelaitik irten ez bazen, hurbil egongo zen.

Atsedenaldia ondo etorri zitzaion Getaferi. Kolpeak nondik eta zergatik etortzen zitzaizkion ulertu zuen, eta berak mina nondik egin zezakeen pentsatu zuen. Atzean asko sufritu ondoren, sendoago hasi ziren atzelariak. Apurka Valera nagusitzen joan zen bere hegalean. Getafekoak saiatu arren, atzean lasai aritu zen Reala, eta arrisku oro uxatu zuten. Partida nola zihoan ikusita, 0-0 amaituko zela ematen zuen. Golak hutsegite baten poderioz etorri behar zuen, ez zegoen beste biderik. Eta hala sartu zen Barradaren erdiraketa, Bravok eta Martinezek jo ondoren. Hamar minutu luze geratzen ziren partida amaitzeko, baina Getafe adi zegoen, eta guardia ondo zaindu zuen. Kolpe bakarra jaso zuen, Griezmannen jokaldi batean, baina Frantziarra ez zen ezta ubeldura bat egiteko gai izan.

Anoetan Levanteri irabaziz gero, berriro goraka begira jarriko dira jokalariak, baina Real Madrilen aurka irabaztea ia ezinezkoa da egun. Erregulartasun faltarekin jarraitzen dute txuri-urdinek, eta horrek kondenatu die. Anbizio faltagatik akaso, huts egiten jarraitzen du Realak. Egiari zor, harrigarria litzateke taldea jaitsiera postuetako lehian ibiltzea azken partidetan, baina are harrigarriago Europako postuetarako berme guztiz borrokatzea. Getafekoa bezalako partidak irabazteko gai ez den bitartean, erdibidean da txuri-urdinen lekua.

Jokalari onenak:

3.- Xabi Prieto: Ez da bere denboraldi onena, hori argi dago, baina pixkanaka hasi da agertzen. Realak bere beharra du. Atzo, bikain ez aritu arren, ez zen desagertu eta baloia eskatu zuen uneoro. Behin eta berriz saiatu zen.

2.- Iñigo Martinez: Atzelarien artean onena. Realaren kapoa gaur egun. Miku eta Güiza bezalako bi aurrelari deseroso izan zituen, baina ez zen kikildu eta ez zuen sufritu. Bere atean gola sartu izanak ez du ilundu behar bere partida ona.

1.- Carlos Vela: Golaren bidea bilatu zuen etengabe, aurkitu gabe. Agirretxeren ordez jokatu zuen 9 bat bezala. Ez da bere postu aproposena eta nabaritu zen. Bere jokaldi onenak ezker hegaletik sartuta ibili zen. Joko bolada onean dago eta nabaritzen da.f

No hay comentarios:

Related Posts Plugin for WordPress, Blogger...

TODAS LAS NOTICIAS
POR FECHAS