jueves, 22 de marzo de 2012

MALDAN GORA BERRIRO

Epaileari, Montanierri, Elustondori edo Levanteren zakarkeriari. Nahi diozuenari bota errua,  aukera zabala duzue; baina Realak 1-3 galdu zuen Levanteren aurka, Anoetako garaipen bolada etenda, eta hori ez aldatuko. Buru makur joan ziren jokalariak aldagelatara, eta bero zaleak etxera, oso bero, madarikazioak bata bestearen atzetik botata. Enegarren aukera galdu zuen Realak. Sufrimendura kondenatua dago taldea, areago larunbatean Real Madrilen aurka jokatu behar dutela ikusita. Galduz gero hiru partida jarraian galduko lituzkete txuri-urdinek. Alarma gorria piztuko litzateke berriz, eta hori ez du inork nahi.

Astean zehar jokatzen zen partida zenez, Montanierrek hasierako hamaikakoan aldaketak egitea erabaki zuen. Larunbatean hasieratik zelairatu ez ziren bost jokalari jarri zituen: Mikel Gonzalez, De la Bella, Elustondo, Aranburu eta Agirretxe. Partidaren kontrola hartzeko asmoarekin hasi ziren txuri-urdinak, eta Levante pozik, atzean zazpi jokalari jarrita eta kontraerasoan El Zhar, Barkero eta Konerekin ateratzeko prest. Bi joko mota desberdin elkarren aurka. Lehen minutuetan ikusi zen bi taldeek berek aukerak izango zituztela. Bosgarren minutuan Kone gola sartzekotan egon zen, baina Iñigo Martinez azkarragoa izan zen. Hurrengo jokaldian Velak sartu zuen Realaren gol bakarra, nola, eta kontraerasoan. Aurkako korner baten aldaratzea jaso zuen Xabi Prietok. Baloia eutsi eta pase ona eman zion mexikarrari, bakar-bakarrik zegoela Munuaren aurrean ez zuen hutsik egin Arsenalek lagatako jokalariak.

Velaren golaren ondoren, atzokoa gau lasaia izango zela zirudien, baina ez. Bost minutu iraun zituen pozak. Azken partidetako ohiturari jarraituz epaileak protagonismoa hartu zuen Realaren partida batean. El Zhar hiru jokalaritaz bikain joan zen eskuin hegalean, eta arean sartu zen momentuan Iñigo Martinez agertu zen baloia garbi kentzeko. Ondarruko atzelariak aurre hartu zion aurrelariari, faltarik egin gabe. Denek ikusi zuten, epaileak ezik, penaltia zela iruditu zitzaiolako. Barkero Realeko jokalari ohiak sartu zuen penaltia eta amorru biziz ospatu zuen gola, harmailetara begira. Zaleei min handia egin zien ospakizunak, eta partida osoan txistuz berotu zituzten Aretxabaletakoaren belarriak. Ez da polita harrobitik atera den jokalari bat golak horrela ospatzen ikustea.

Baina golak ez zien zaleei soilik min egin, jokalariek ere akusatu zuten golpea. Lo geratu ziren jokalariak, gorputzari buelta eman ezinda. Horrela, hurrengo bi minututan aurretik jartzeko zorian izan zen Levante. Bravok sekulako geldiketa egin zion Koneren jaurtiketa bati, eta hurrengo jokaldian Iborrak huts egin zuen. Zaurituta zegoen Reala, eta esnatzeko beharra zuen. Pixkanaka partida hasierako apustura itzuli zen, markagailuan 0-0koa egon beharrean banako berdinketa ageri zela. Realak hartu zuen baloiaren jabetza, baina Levantek min egiten zuen. Txuri-urdinak ez ziren batere argi ibili paseetan eta baloi ugari galdu zituzten zelai erdian. Iazko denboraldian noraezean zebilen Elustondo ikusi genuen, eta Aranburu ez hotz ez bero desagertua zegoen. Zurutuza eta Velari ziren arriskua sortzen ari ziren bakarrak.

Nahi eta ezinean ibili zen lehen zati osoan Reala. Levante bitartean lasai, bere lana egiten, jokorik sortu gabe, baina ukabilkada sartzeko prest. Unerik erabakigarrienean sartu gainera, eta, nola bestela, baloi luze batekin. Levanteren area ondoan ateratako aldeko sake bat luze jokatu zuen Farinosek, Konek bere abiadura baliatuta atzean utzi zituen Gonzalez eta Martinez eta Bravoren azpitik sartu zuen gola. 1-2koa 42. minutuan. Etsigarria, Levantek ez zuelako merezi. Aurretik penalti eske aritu zen Reala, baina Alvarez Izquierdok oraingoan beste alde batera begiratu zuen.

Injustizia hitza behin baino gehiago entzun zen harmailetan, eta haserrea nabari zen, bai epailearekin, baita jokalariekin ere. Etsipenak sortutako haserrea. Maldan behera jarritako partida maldan gora zegoen, eta oso zaila zirudien markagailua iraultzea. Bigarren zatian aldaketarik egin gabe hasi zuen Montanierrek, eta zaleak segituan hasi ziren orroka. Ez zuten ulertzen zer egiten zuten Illarramendik eta Pardok aulkian, edo zergatik itxaron behar zen 70. minutura arte Ifranek edo Llorentek minutuak izan zitzaten. Bitartean, zelaian, Levanteren jokoan sartzen ari ziren txuri-urdinak, jokoa antolatu ezinik eta horma baten kontra etengabe jotzen. Gertuago zegoen hirugarren gola berdinketa baino.

Talka eta talka, Elustondo tranpan erori zen arte. Txuri-urdinen artean partida okerrena egiten ari zen jokalaria zen beasaindarra, eta 57. minutuan kontrol batek ihes egin zion eta Farinos zangotrabatu zuen. Bigarren txartel horia, lehena Barkerori elastikotik 30. minutuan eusterakoan ikusi zuelako. Vila-realen antzekoa egin zuen Elustondok. Hala eta guztiz ere, hamar jokalarirekin etorri ziren Realaren minuturik onenak. Levante atzean sartu zen lotsagabe. Realaren zelai erdian bi jokalari zeuden soilik, eta baloia hortik ez pasatzea erabaki zuten. Levantek bezala joko zuzena egitea erabaki zuten. Horretarako Pardo atera zuen Montanierrek, baloia hegaleko jokalarietan jar zezan.

Azken hogei minutuetan kasta erakutsi zuen Realak, Levanteren zelaian jokatu zutelako momentu oro. Montanier ausarta –eta apur bat burugabea- izan zen aldaketekin, eta atzelari bat kendu eta aurrelari bat gehitu zituen. Zakur zaharrak izaki denbora galdu eta partida eteteari ekin zion Levantek. Zikina, baina zilegia. Eskarmentu handiko jokalariak ditu Valentziako taldeak, eta arerio gutxi ikus daitezke hain joko zikinarekin. Oztopo orori aurre egiten saiatu zen Reala, eta gertu izan zuen berdinketa. 74. minutuan Ifranek Pardoren pase bikaina jaso zuen Munuaren aurrean utzi zuena, baina apur bat behartuta jaurtiki ondoren, atezainak kornerrera aldendu zuen. Hor ito zen txuri-urdinen itxaropena. Pixkanaka ernegatzen joan ziren aurkarien zikinkeriekin. Lau txartel hori ikusi zituen Levantek hamar minututan, egindako jokoaren erakusle. Itsu-itsuan ari zen erasoan Reala, eta halakoetan gertatzen den moduan, kontraeraso batean itxi zuen partida Levantek. Xavi Torresek 94. minutuan sartu zuen hirugarren gola. 20.000 zaleak aulkitik altxa eta etxerako bidea hartu zuten epaileak amaiera adierazi aurretik. Ez zen giro.

Jokalari onenak:

3.- David Zurutuza: Bigarren zatian ordezkatu arte Realeko jokalari onena izan zen. Aranburu eta, batez ere, Elustondo nola ari ziren ikusita, makina-gelako agintea hartu zuen. Ohikoa baino beherago jokatu zuen, baloia mugitzeko. Lehen minutuetan gola sartzear egon zen.

2.- Carlos Vela: Ezinbesteko jokalaria bihurtu da Realeko hamaikakoan. Azken lauzpabost partidetan bezala, berak sortu zituen erasoko aukera garbienak. Gol bikaina sartu zuen, eta ez zen kikildu Ballesteros, Navarro eta Juanfranen aurrean. Azkenekoarekin bereak eta bi izan zituen. Udan fitxatu beharreko jokalaria. Kosta ahala kosta.

1.- Ruben Pardo: Zelaitik kanpo ez du hitz egiten, baina zelairatzen denean oihuka eskatzen ditu minutu gehiago. 19 urte besterik ez ditu, baina baloia hanketan duenean taldekideak hobetzen ditu. Montanier, emazkiozu aukera gehiago.

No hay comentarios:

Related Posts Plugin for WordPress, Blogger...

TODAS LAS NOTICIAS
POR FECHAS