domingo, 4 de marzo de 2012

MATEU LAHOZ PROTAGONISTA REALAREN PORROTEAN


Zer egin behar da San Mamesen irabazteko? Realzale batek baino gehiagok egin zion galdera hori bere buruari euskal derbia amaitu ondoren. Realak ziurrenik ez zuen garaipena merezi, baina porrota ez zen batere justua izan. Baina futbolean justiziak leku gutxi dauka, eta Realak 2-0 galdu zuen Athleticen aurka. Zuri-gorriak jaun eta jabe izan ziren lehen zatian, baina bigarrenean Mateu Lahozek hauspotu zituen txuri-urdinak gelditzeko. Amorru biziz amaitu zuten Realeko jokalariek, ernegatuta, esku hutsik. Zeresan handia izango du epailearen lanak astean zehar.

Lehen Mailako epailerik onena omen da Mateu Lahoz, baina aurten maila kezkagarria ematen ari da. Bartzelona eta Real Madrilen arteko partidaren ondoren pare bat aste arbitro lanak egin gabe egon zen valentziarra, eta derbian protagonista izan zen. Jokatzen uzten duen arbitroa dela esaten dute, lege zaharrekoa, Ingalaterran gogoko dutenen erakoa; baina, atzo behin eta berriz geratu zuen partida eta hamar txartel hori erakutsi zituen —6 Realari, 4 Athletici—. Hutsegite larria egin zuen Velaren gola ontzat ez ematean, eta asmatu Cadamurorena baliogabetzean. Hamabi jokalarirekin jokatu zuen Athleticek atzo.

Eta Athleticek hamabi jokalarirekin jokatu bazuen, Realak 10ekin hasi zuen partida. Montanierrek huts egin zuen hasierako hamaikakoarekin. Agirretxe eta Pardo aulkian, eta Ifran harmailetan utzi zituen frantziarrak. Asmoa, erasoan mugikortasuna bermatzea, eta Athleticeko jokalariak tokitik ateratzea zen. Zelai erdian zuri-gorrien sortze lana moztu nahi zuen Aranbururekin eta Markelekin. Kale edo bale, kale egin zuen planteamenduak. Lehen minututik baloia galdu zuen Realak, eta Javi Martinez, De Marcos eta Herreraren atzetik ibili ziren, segundo bat berandu beti. Bi hegaletatik arriskua eraman zuen etxeko taldeak, eta eta Estradak eta Cadamurok asko sufritu zuten Munian eta Susaeta geldiarazteko. Hala, 25. minutuan Athleticen gola iritsi zen. Eskuin hegaletik egin zuten jokaldia, Iraolak Susaetari eman zion baloia, eta sareetara bota zuen Bravoren etsipenerako. Gipuzkoarren arteko konexioa; Usurbildik, Eibarrera. Ordurako aukera garbi bat izan zuen Athleticek Susaetaren oinetan, eta beste bat Realak, Xabi Prietok jaurtikitako falta batean.

Gola zaplasteko bat izan zen, baina Realak altxatzea erabaki zuen. Aranburu aginte-makila eramateko prest azaldu zen. Kapitaina ez zen agertu lehenengo 25 minutuetan, baina taldea bere gain hartzea erabaki zuen. Piskanaka Realak bere jokoa hobetu zuen, baina sufritzen jarraitu zuen. Herrera oso ondo aritu zen, eta De Marcos nonahi agertzen zen. Vela eta Griezmann oso aktibo ibili ziren, eta frantziarra aukera ona izan zuen, baina eskuin hankarekin bidalitako zartakoa Iraizozen eskuetara joan zen. Lehen zatia amaitu aurretik, Athleticek partida ixteko aukera bikoitza izan zuen. Lehen abisua Susaetaren eskutik etorri zen berriz ere. Bikain jaurtiki zuen falta bat, zutoinean jo zuen, gero Bravoren sorbaldan, eta kornerrera joan zen. Luzapenetik gertu, Llorentek area txikian erdiraketa bat burukatu zuen, baina txiletarrak geldiketa ikusgarria egin zuen San Mames gola oihukatzen ari zenean.

Lehendabiziko 45 minutuak Athletici oparitu ondoren, markagailua iraultzeko asmoz zelairatu ziren jokalariak bigarren zatian. Ez da taldeak hori egiten duen lehen aldia. Bartzelonaren aurka Anoetan egin zuen, kasu. Zati oso bat oparitzea garesti ateratzen da askotan. Grinatsuago eta oldarkorrago hasi zuen bigarren zatia Realak. Lehenengo jokaldian korner bat lortu zuen. Motzean atera zuten, eta jokaldi luze baten ondoren, Velak gola sartu zuen. Mundu guztiak ikusi zuen, epaileak eta marrazainak ezik. Estropezuka atea barrura bota zuen Mexikarrak. Javi Martinez eskuarekin ukitzear egon zen, eta Iraizozek marratik hamar bat zentimetrora atera zuen. Gola garbia izan zen, baina ez zuten ontzat eman. Haserreturik, baina, indarrean jarraitu zuten txuri-urdinek. Bi pauso aurrera eman zituzten presioan, eta Athleticek zelai erdiko nagusitasuna galdu zuen. Kontraerasotara mugatu zen Bilboko taldea. Halako bost bat izan zituzten, baina ez zuten arrisku handirik eraman Bravoren areara. Reala zen nagusi, baina ez zen gola iristen.

70. minututik aurrera hasi zen Montanier aulkia mugitzen. Lehenik eta behin Agirretxe sartu zuen Aranbururen ordez. Joko zuzena bilatzera ekin zion Realak, eta partida joan etorri zoro batean bihurtu zen. Gero Pardo eta Llorente sartu zituen, Zurutuzaren eta Velaren ordez. Azken minutuetan asko itsustu zen partida. Errioxarrak kriterioa ekarri zuen txuri-urdinen jokora. Hasieratik jokatu behar du. Falta gogor batzuk izan ziren, eta Susaetak eta Velak hika-mika bat izan zuten. Athleticen gola 80. minutuan iritsi zen, berriz ere polemikarekin. Realaren areatik gertu falta garbia adierazi zuen epaileak, Mikel Gonzalezek Muniani egindakoa; baina, aurretik Amorebietak eskuarekin kolpe handia eman zion Xabi Prietori. Falta eta bigarren txartel horia izan behar zuenak, Realaren aurkako arrisku jokaldia bihurtu zen. Susaetak maisuki bidali zuen eskuadrara, Bravoren zutoinera, San Mamesen eromenerako, eta realzaleon etsipenerako. Bi urtetan 8 gol jaso ditu Realak falta zuzenetan. Badu hobetzeko zerbait Bravok. Gola heriotza zigorra izan zen txuri-urdinentzat.

Gehiago merezi arren, esku hutsik itzuli zen taldea Bilbotik, ia beti bezala. Astea luzea izango da, eta luze hitz egingo da Mateu Lahozetaz. Asko dira San Mamesen jaso diren astinduak. Gertu daude Adurizek Realaren arean eskuarekin eman ondoren penalty adierazi zuten hura, edo iaz Munianek kautelarrari esker jokatu izana. Gaurtik aurrera Velaren ez-gola gehitu beharko diogu. Gutxienez, jardunaldia nahiko ona izan da Realarentzat. Jaitsiera postuek sei puntura jarraitzen dute eta Europa gertuago dago oraindik, bost puntura. Jaisteko mamua behin betiko baztertu nahi bada, Zaragozari irabazi egin behar zaio hurrengo larunbatean. Horrek Aragoiko taldea Bigarren Mailara bidaliko du, eta jaitsiera postuak bederatzi puntura uztea ekar dezake —Racingek Bartzelonaren aurka jokatu behar du—.

Partidako onenak:

3.- Iñigo Martinez: Sendo ibili zen defentsan. Llorentek ez zuen bere eguna izan, hein handi batean Ondarrukoaren lan onari esker. Bi goletan ez zuen errurik izan. Pare bat aldiz baloia jokatuta atera zen, eta etorkizunerako harribitxia dela erakutsi zuen.
2.- Carlos Vela: Oso aktibo egon zen, batez ere bigarren zatian. Oso inplikatua Lehenengo zatian ere arriskua eramaten saiatu zen. Alde batetik eta bestetik mugitu zen, eta Athleticeko jokalariek asko sufritu zuten. Gol bat sartu zuen, Mateu Lahozek berdina ez pentsatu arren.
1.- Xabi Prieto: Liga sasoi txarrean hasi ondoren, pixkanaka protagonismoa hartzen hasi da. Baloia eskatu zuen eta hainbat erdiraketa jarri zituen. Ez zuen zorte handirik izan, baina, halere, ez zen ezkutatu. 

No hay comentarios:

Related Posts Plugin for WordPress, Blogger...

TODAS LAS NOTICIAS
POR FECHAS