Begiak irekita egin zuten amets atzo
Anoetako harmailak bete zituzten zaleek. Iragana, oraina eta etorkizuna,
guztiak elkarrekin. Iragana, aspaldi ikusi gabeko jokoa ikusi baitzen zelaian,
2002-2003tik ikusi gabea bederen; oraina, partida bikainaz gozatzeko aukera
eman zuelako taldeak Rayo Vallecano 4-0 jipoituta; eta, nola ez, etorkizuna,
taldeak hemendik gutxira pozteko arrazoiak eman baititzake. Bai, Realarekin
amestea zilegi da.
50 partida Realeko entrenatzaile gisa igaro ondoren, Montanierrek azkenean
Pardo eta Illarramendiri eman die zelai erdiko aginte makila. Beharrak jota
egin zuen apustua Malagan, eta ezin hobeto atera zen, arerio indartsu bat
menderatuta. Markel, Griezmann eta Zurutuza osatuta, zalantza handiak zeuden
frantziarrak jarriko zuen hamaikakoarekin. Baina Montanierrek jarraipena eman
zion iragan asteko taldeari, eta jokalariek bikain erantzun zuten.
Hamaikako dinamikoa, azkarra, erasokorra zelairatu zuen, baloia hanketan
gozatzen duen taldea. Dinamita hutsa Rayoren atzeko lerro aurreratuaren
aurrean. Madrileko taldeak atera bezain pronto urkatu zuen bere burua. Minutu
bakarra behar izan zuen Realak lehenengo gola sartzeko. Pardok pase ikaragarria
eman zion Ifrani, honek baloia sorbaldarekin eraman eta baloia sareratu zuen.
Mateu Lahozek, baina, eskuarekin eraman zuela erabaki zuen eta txartel horia
erakutsi zion uruguaiarrari. Epailea Ifranen bizkarrean zegoen eta ezin izan
zuen jokaldia ongi ikusi, marrazaina hobeto kokatuta zegoen eta ez zuen ezer
adierazi. Dena den, jokaldia baliogabe gelditu zen.
Realak, dena den, berdin jarraitu zuen. Zelai erdian baloia azkar lapurtu
eta hegaletara irekitzen zuen. Illarramendik baloi andana lapurtu zituen,
motzean, erraz Pardorekin jokatu eta honek jokoa zabaltzen zuen. Pase motzak,
luzeak, aurkariari iskin egin... erakustaldia eman zuten mutrikuarrak eta
errioxarrak. Baloia erasoko laukotera iristen zenean, zurrumurruak gailentzen
ziren harmailetan, arriskua gertu zegoela jakitun. Chory nekaezin aritu zen,
alde batera eta bestera korrika etengabean; Prietok denboraldiko partida onena
jokatu zuen aurkariak ernegatuz; Velak bere maila onena eman zuen eta Ifranek
minutu gehiago jokatzea merezi duela aldarrikatu zuen.
Ez zen gola iristen, baina denbora kontua zen. Velak estreinako gola sartu
aurretik, epaileak beste hutsegite larri bat egin zuen. Choryren jaurtiketa
bikaina eskuarekin urrundu zuen Galvezek, baina Mateu Lahozek ez zuen ikusi
nahi izan. Realaren nagusitasuna agerikoa zen, baina pare bat minutu nahikoa
izan ziren partida hankaz gora jartzeko. Bi minututan bi gol sartu zituen
Velak. Lehena Ifranen saiakera batean area barnean jaberik gabe zegoen baloi
bat sartuta, eta, bigarrena Realak eginiko jokaldi bikaina maisuki amaituta.
Illarramendik lehenik, eta Pardok, ondoren, jaurtitzeko imintzioa egin zuten,
Vela bakar-bakarrik uzteraino.
2-0ekoak nahikoa zirudien. Rayo txikituta zegoen, baina Realeko jokalariek
ez zuten nahiko. Cobeño atezainarengatik ez balitz, lau edo bost goleko
tartearekin iritsiko ziren txuri-urdinak atsedenaldira. Aurrena Pardoren bolea
bikaina gelditu zuen, Iñigo Martinezen burukada ateko marran atera zuen
ondoren, eta azkenen Ifranen jaurtiketa-erdiraketa bat urruntzen asmatu zuen.
Lehenengo 45 minutuetan ez zen Rayoren berri egon, Leo Baptistao aurrelari
gazte eta abilak egindako pare bat jokaldi bakarrik.
Bigarren zatian arriskatu egin zuen Paco Jemezek. Casado atzelaria kendu
eta Delibasic aurrelaria sartu zuen. Hiru atzelariko defentsa gozamena izan zen
txuri-urdinentzat. Lehen minutuetan Rayoren saiakerak eutsi eta gero, nahi
bezala jokatu zuten donostiarrek.
Aurrelariak lan handia egin zuten defentsan eta Pardok eta Illarramendik
baloi ugari lapurtzen jarraitu zuten. Une gozoan zegoen taldea eta saiatzen
ziren jokaldi guztiak ondo ateratzen ziren. Hala, Mikel Gonzalezek enegarren
baloia berreskuratu zuen, eta erdilari bati pasa beharrean aurrera egin zuen,
Xabi Prietori baloia zabaldu eta aurrerago jarraitu zuen. Ifranek buruz
errematatu zuen, eta Rayoko jokalariek baloia aldenduko zutela zirudienean,
Gonzalez agertu zen baloia sareetara bidaltzeko.
Osasunaren partida gertu dela jakinda, hainbat jokalariri atseden ematea
erabaki zuen Montanierrek. Ifranek gutxi jokatu du orain arte eta akituta
zegoenez, Markel sartu zuen bere ordez. Zelai erdia sendotzea eta Rayok golik
ez sartzea zuen helburu aldaketak, baina zaleek ez zuten begi onez ikusi.
Geroago Pardok eta Velak txalo zaparrada batekin utzi zuten zelaia eta
Zurutuzak eta Agirretxek minutuak izan zituzten. Aldaketaren aurretik, Pardok
goleko beste pase bat eman zuen. Choryk ezkerrez sasoiko bigarren gola sartu
zuen. Lau izan ziren baina beste lau izan zitezkeen, hazita baitzegoen Reala.
Iñigo Martinezek eta Carlos Martinezek zelai erditik, Pardok area kanpotik,
Markelek langara, Agirretxek buelta erdian... Guztira 23 jaurtiketa, horietako
11 atera.
Pardo eta Illarramendirekin aspaldiko partida onena jokatu zuen Realak.
Bide ona hartzear dela dirudi. Europa hiru puntura dago eta Txapeldunen Liga
laura. Horrek ez ditu txuri-urdinak itsutu behar, baina hor gertu dagoela
jakiteak ez du minik ematen. Ostiralean Osasunari irabaziz gero, Europako
Ligako postuetan sartuko da Reala, aurkariek zer egin jakin arte behintzat.
Beranduegi, baina Montanierrek arrazoia eman die zaleei, talentu handiena duten
jokalariak elkarrekin jarrita. Dena den, Rayo jokatzen uzten duen taldea da,
eta horrek erraztasunak eman zituen. Osasunaren aurkakoa oso desberdina izango
da, eta, gainera, lau eguneko atsedena izango dute jokalariek soilik.
Horregatik, ez litzateke harritzekoa hamaikakoan aldaketak egotea. Griezmannek
eta Zurutuzak hasieratik joka dezakete, Chory, Ifran edo Pardoren ordez. Horrek
ez luke zaleen haserrea piztu behar, ulergarria eta mesedegarria izan
daitekeelako.
Jokalari onenak:
3. Ruben Pardo: Paseko bi gol, eta baliogabe utzitako beste bat.
Pase luzeak, motzak, baloi ugari ostu... Aspaldi ez zen hain maila oneko
erdilari bat txuri-urdinez jantzita ikusi Anoetan. Erakustaldia.
2. Asier Illarramendi: Pardoren ezkutari fina. Zeinek zioen ezin zuela 4
gisa jokatu. Mutrikuarrak baloi mordoa lapurtu zituen eta erraz jokatu zuen
Pardorekin. Errioxarrak ezin zuenean, bera izan zen zelai erdiko motorea.
Izugarrizko partida
1. Carlos Vela: Reala nagusi zen baina ez zuen gola sartzen, Vela
agertu zen arte. Bi gol bi minututan eta partida bideratua. Hirugarrena gertu
izan zuen eta min handia egin zuen. Goi mailako jokalaria.
No hay comentarios:
Publicar un comentario