jueves, 1 de noviembre de 2012

ASKO DAGO JOKOAN

Oroitzapen txarrak dakartza Kopak. Txuri-urdinek madarikazioren bat dutela dirudi. Urrun geratu da Zaragozan jokatutako final hori, eta Real Madrilen aurkako kanporaketa bikain hura; urrutiegi. Bestelako oroitzak dakartza orain, iazko Mallorcaren aurkako kanporaketa kasu. Aspaldiko partez Koparekin amets egitera ausartu ziren zaleak, baina amets goxoa amesgaizto bihurtu zen uhartean. Aurtengo zozketak amets egiteko aukera gutxi utzi ditu. Realak lehenengo kanporaketa gaindituz gero, Bartzelona izango du aurrean final-zortzirenetan; ia ezinezkoa. Horrek ez du ezer aldatzen, dena den. Duintasuna jokoan dago, eta Kordoba Bigarren Mailako taldea da; horregatik, gora beherak alde batera utzita, Reala da faboritoa, 19:00etako partidan.

Telebistek ez dute partida zuzenean emango, eta, aspaldian bezala, irrati bidez jarraitu beharko da norgehiagoka. Andaluzian, minutu gutxien jokatu duten jokalariek errebindikatzeko aukera izango dute. Jose Angel, Ifran, Pardo, Ros eta enparauek minutu gehiago jokatzeko eskubidea dutela aldarrikatuko dute. Valladoliden aurka astelehenean berdindu zuten gehienek, berriz, atseden izango dute. Horietako batzuek, arazo fisikoekin amaitu zuten dema, eta igandeko partidara begira ez arriskatzea erabaki du Montanierrek.

Deialdia zehaztu gabe dagoen arren, entrenatzaileak harrobiko bi jokalari deitu ditu: Victor Fuchs eta Pablo Hervias. Harritzekoa litzateke Kordobara bidaiatu ondoren deialditik at geratzea. Fuchs bigarrenez egongo da deialdian, Zaragozaren aurkako partidan ere deitu baitzuen Montanierrek. Aurten iritsi da Realera, Frantziatik. Euskarri gisa jokatzen du, eta, dirudienez, entrenatzailearen gogokoa da. Hervias, berriz, hegaleko jokalari abila da. Harrobia gertutik jarraitzen dutenek itxaropen handia dute Errioxarrarengan.

Realak dirudiena baino gehiago du jokoan. Azken hiru partidetatik puntu bakarra atera du Realak, eta bi partidatan golik sartu gabe geratu da. Horrez gain, Kordobari irabaztea etxetik kanpo irabaztea izango litzateke, eta Ligako partida ez den arren, jokalarien konfiantzan eragin positiboa izango luke. Eta, alderantziz, galduz gero, kolpe latza litzateke txuri-urdinentzat. Giro nahasia dago Montanierren inguruan, eta bere aurka etengabe ari direnek ederki baliatuko lukete aukera. Kopan jokatuko duten jokalariek, gainera, arrazoia emango liokete entrenatzaileari, Ligan hasieratik jokatzeko adina maila ez dutela erakutsita. Bartzelonaren aurkako final-zortzirenetatik aurrera egitea ia ezinezkoa da, baina, horretarako, aurrena iritsi egin behar da.

Eta Bartzelona da Kordoba aldean gehien darabilten hitza. Ez dute besterik. Badakite Reala ez dela fin ibiltzen Kopan, eta kanporaketa irabazteko gai direla uste dute. Ilusioa eragin du Bartzelonaren aurkako balizko kanporaketak, eta Arcangeleko harmailak beteta egongo dira ziurrenik, taldea hauspotzeko asmoarekin. Montanier ez da fio, eta partida arriskutsua izango dela azpimarratu du prentsaurrekoetan.

Kordobak bost partida jokatu ditu etxean Ligan, eta horietako lau irabazi ditu. Iaz Betis kanporatu zuen, eta Espanyol kanporatzear egon zen. Azkeneko minutuetan irauli zuen kanporaketa kataluniarrek. Ligan, igotzeko play-offean lehiatu zen, baina Bigarren Mailan geratu zen. Hiru jokalari gako saldu zituen: Borja Garcia (Castilla), Charles (Almeria) eta, batez ere, Hervas (Sevilla) —neguan saldu zuten, baina utzita jokatu zuen denboraldi amaierara arte—, eta horien hutsunea nabaritzen ari da. Paco Jemez entrenatzaileak ere taldea utzi zuen, Rayo Vallecanon jokatzeko. Harrobikoak hartu du ardura, Rafael Bergesek.

Kordoba ez da iazkoa, eta Ligan 10. postuan doa. Etxetik kanpo irabaztea kostatzen zaio, eta Joselu eta Abel Gomez bezalako fitxaketek ez dute beharrezko maila eman. Lehenengo Mailara igotzeko asmoz eraikitako taldea bidean galdu da. Liga oso luzea da, eta oraindik igoera postuetara hurbiltzeko aukera izango dute. Hori da lehentasuna, baina ez dute Kopa alde batera utziko. Batetik, diru iturri da; batez ere Bartzelonaren aurka jokatuta. Bestetik, hirian festa egongo litzateke Bartzelonaren aurka jokatzeko aukera izango balute.



No hay comentarios:

Related Posts Plugin for WordPress, Blogger...

TODAS LAS NOTICIAS
POR FECHAS