viernes, 23 de noviembre de 2012

EZ DADILA HARIA ETEN


Bidea harilkatzen hasi da Reala. Joko onaren eta garaipenaren formula aurkitu du Philippe Montanierrek azken bi partidetan. Aginte makila Illarramendik eta Pardok hartuta, asko hobetu du taldeak. Erasoko mugikortasunak eta lan onak egin du gainontzekoa, atzelarien lana ahaztu gabe. Talde gisa nabarmen hobetu dute txuri-urdinek. Ostiralean (21:30, MarcaTV) Osasuna garaituz gero, Europa Ligako postuetan jarriko da Reala behin-behinean, Txapeldunen Ligatik puntu bakarrera. Baina Europako ametsek ez dute inor itsutu behar. Helburua ez da Europa, ez hain goiz. Egonkortuta eta maila ona emanda bihurtuko da jomuga Europa, sei lehendabizikoen artean geratzeko oinarriak badaudelako.

Izenek ez, izanak du garrantzia xede hori betetzeko. Rayo jipoitu zuen hamaikako bera nahi dute zaleek, baina ez luke hautsik harrotu behar hasierako jokalarien artean aldaketak egoteak. Lau egun igaro dira soilik astelehenetik, eta asteartean beste partida bat jokatu behar dute txuri-urdinek. Griezmann eta Zurutuza guztiz osatuta daude, eta atseden hartu ondoren jokatzeko irrikan daude. Agirretxek ere hasieratik joka dezake, bere indar guneak Ifranenak baino egokiagoak izan baitaitezke Osasunako atzelarien aurrean. Jokalari batzuekin edo besteekin, jokatzeko modu berarekin jarraitu behar dute txuri-urdinek. Garrantzitsuena haria ez etetea da.

Taldeak aurreko bi partidetan bezala jokatzen badu, bide erdia egina dago. Hau da: atzean sendo badabil, zelai erdian baloia goxoki laztantzen duten jokalariak badaude eta erasoan fin ari badira, aukera gutxi izango ditu aurkariak. Baina guztien gainetik, orain arteko talde lana mantendu behar dute donostiarrek. Eraso zein defentsako jokalariek bat egin zuten Rayo eta Malaga presionatzeko unean. Behar zenean, erasoko lana utzi eta defentsako lan ilun eskerga egin zuten guztiek. Horrela jarraituz gero, poz asko emango ditu taldeak.

Dirudienez, Griezmann eta Zurutuza hasieratik ariko dira, eta baliteke Agirretxe ere aukera bera edukitzea. Ez dago argi zeini eragingo liokeen aldaketa horrek. Pardo, Prieto, Chory edo Ifran izan daitezke kaltetuak. Montanierrek errioxarra kentzen badu bereak eta bi entzungo ditu. Jokalari batzuek edo besteek jokatu, antolaketa bera aterako du entrenatzaileak. Talde erasokorra, gutxirekin min egiteko gai. Hegaletan abiadura eta kalitatea, hegaleko atzelariak erotzeko modukoa. Zelai erdian baloiak lapurtzeko lan eskerga, baina jokoa antolatzeko kalitate agortezina. Illarramendi, Pardo, Zurutuza eta Griezmann goi mailako jokalariak dira. Gutxienez haietako hiru zelaian hasieratik egongo dira.

Jokatzeko moduari dagokionez, aldaketa nabarmen bakarra aukeratutako aurrelariaren araberakoa izango da. Ifranek oso maila ona eman du azken partidetan, bere abiadura eta grinari lana gehituta. Osasunako atzelariak altuak dira, sendoak, eta fisikoki haiek garaitzeko zailtasunak izango ditu uruguaiarrak. Bestalde, abiaduran harrapatzen baditu, txikitu egin dezake lauko lerroa. Agirretxek, berriz, abiadura baino, posizioa eusteko abilezia probestu dezake. Bizkarrez jokatu, atzelarien marka finkatu eta hegalekoei lekua bilatu.

Hasiera batean Jose Angel ere hasieratik arituko zela zirudien, De la Bellari atseden emateko, baina deialdia ikusita, ez dirudi hala izango denik. Asturiarrak hasieratik jokatuko balu, Ansotegi, Estrada eta De la Bella egongo lirateke aulkian, hiru atzelari. Gutxitan ikusi ohi dira hainbeste atzelari elkarrekin aulkian. Jose Angel hegaleko moduan jartzeko ohitura du entrenatzaileak. Hori guztia kontuan edukita, Romak lagatako jokalariak bere aukera beste astebete itxaron beharko duela dirudi. Deialdian aldaketa bakarra egin du Montanierrek. Markel min hartuta dago eta Jose Angel deitu du bere ordez. Ros kanpoan geratu da bigarrenez.

Realak hirugarren partida jarraian irabazteko aukera dauka Osasunaren aurkako derbian. Dena den garbi eduki behar da gorritxoak ez direla Rayo. Eta ez nafarrak madrildarrak baino hobeak direlako. Ez. Jokatzeko era desberdina dutelako. Mendilibarren mutilek futbol klasikoa egiten dute. Iparraldekoa. 1980ko hamarkadaren tankerakoa. Hots, joko zuzena, baloi luzeak eta borroka. Borroka etengabea. Horregatik eskatu zuen Joseba Llorenteren fitxaketa. Zaldibartarrak eta Hondarribikoak ongi baino hobeto ezagutzen dute elkar, Eibarren eta Valladoliden arratsalde loriatsu mordoa izan dituzte. Mendilibarrek atera du beti Llorenteren onena. Dena den, kontratuan duen klausula bati esker Realak utzitako aurrelariak ez du Anoetan jokatzerik. Egiari zor, hondarribiarra ez dabil oso fin: gol bakarra sartu du eta Kike Solak aurre hartu dio. Asier Riesgo, beste txuri-urdin ohia ere ez da hasieratik ariko, ordezkoen aulkian egongo da Andres Fernandezi so.

Atezain murtziarrak partida bikaina jokatu zuen iaz. Hutsean geratu zen iazko Anoetako derbia. Realak gorritxoek baino hobeto jokatu zuten, baina Fernandezen geldiketei esker puntu batekin joan ziren nafarrak. Sailkapenaren zuloan dago Osasuna, Espanyolekin bederatzi punturekin berdinduta. Baina horrek ez dezala inor engainatu. Derbietan ezin da sekula sailkapenari begiratu. Partida bereziak dira eta edozer gerta daiteke. Gainera, apurka hobetzen hasi da Mendilibarren taldea. Orain bi jardunaldi denboraldiko bigarren partida irabazi zuten, Espanyolen etxean (0-3). Aurreko larunbatean Malagaren aurka golik gabe berdindu zuten. Apurka bada ere bere bidea harilkatzen ari dira nafarrak. Orain lehentasuna jaitsiera postuetatik ateratzea dute, eta horretarako Reala dute jomugan. Txuri-urdinek baino atseden gehiago izan dute, gainera, Malagaren aurka larunbatean jokatu baitzuten, gipuzkoarrek baino bi partida lehenago.

Patxi Puñal beteranoa min hartuta dago eta Raoul Loe eta Timor gazteek hartuko dute zelai erdiko lema. Teknika oneko jokalariak dira baik, batez ere Timor valentziarra. Loe denboraldi-aurreko ezusteetako bat da. De la Bellak —edo Jose Angelek— kontuz ibili beharko dute Cejudorekin, hura baita Osasunako jokalari arriskutsuena. Beste hegalean Lamah ariko da. Jokalari azkarra, dinamikoa baina erregulartasun falta handikoa. Iñigo Martinezek eta Mikel Gonzalezek ezingo dute lo hartu, ezerezetik arriskuko jokaldiak egiten iaioa baita Kike Sola.

Deialdiak:

Reala: Bravo, Zubikarai; Carlos Martinez, Estrada, Mikel Gonzalez, Iñigo Martinez, Ansotegi, De la Bella, Jose Angel; Illarramendi, Pardo, Zurutuza; Griezmann, Prieto, Vela, Chory Castro, Ifran eta Agirretxe

Osasuna: Andres Fernandez, Riesgo; Arribas, Damia, Lolo, Miguel Flaño, Nano, Oier; Cejudo, Annan, Armenteros, Lamah, Loe, Roberto Torres, Sisi, Timor; Onwu eta Sola

No hay comentarios:

Related Posts Plugin for WordPress, Blogger...

TODAS LAS NOTICIAS
POR FECHAS