domingo, 13 de enero de 2013

ASMATU EZINIK

Realak ezin izan du lehen itzulia garaipenarekin amaitu. Ligako azken sailkatua etxean hartu arren, eta 25 minutuz jokalari bat gehiagorekin jokatu arren, txuri-urdinak ez dira Deportivo baino gehiago izan, eta 1-1 berdindu dute. Pizzik aurreratu zituen galiziarrak, Illarramendiren huts bat baliatuta, eta Velak, atsedenaldiaren aurretik lortu zuen berdinketa. Bigarren zatian, Reala saiatu bai, baina asmatu ezinik ibili zen. Hala, 26 punturekin lehen hamar sailkatuen artean amaituko du lehen itzulia.

Zalantza asko zegoen gipuzkoarren atzeko lauko lerroarekin. Beldurra zegoen ea Ansotegik eta Elustondok ez zuten maila ona emango. Bada, zelai erdiak eta erasoak egin zuten huts, eta atzealdean nahiko sendo aritu zen Reala. Partida hasieratik nabaritu zen ez zela txuri-urdinen eguna. Euri finaren pean, baloiak galdu eta pase errazetan huts egiten hasi zen Reala. Illarramendik eta Pardok urduri ziruditen, eta Bergantiñosek, Jesus Vazquezek eta Andre Santosek ederki baliatu zuten aukera hura, eta lehen minututik hartu zuten baloiaren jabetza. Puntu beharrean dabil Deportivo, eta etxetik kanpo jokatu arren, garaipenaren bila atera ziren galiziarrak. Rikik jaurtiketa ugari egin zituen area kanpotik, baina gehienak ahulak eta kamutsak. Pizzi hegaletatik edo atzetik aurrera eginda min egiten saiatu zen. Eskuin hegaletik saiatu zen gehienetan, De la Bellari bizkarra bilatuz. Kataluniarrak dezente sufritu zuen portugaldarraren aurrean.

Realak, berriz, ezker hegaletik egiten zuen eraso, baina konfiantza gutxirekin. De la Bella, defentsan sufritzen ibili arren, ondo igo zen eta behin baino gehiagotan lagundu zuen Griezmann. Eskuinetik antzera aritu ziren Prieto eta Carlos Martinez. Baina Realeko jokalariak erdiraketak egiten tematu ziren. Horrek zirudien erasoko aukera bakarra, baloia hegaletara eraman eta han hegalekoak edo atzelariak area ingurura bidali. Emaitza, esan beharrik ez dago, beti berbera zen, Deportivok urrundu egiten zuen. Txuri-urdinek ez zuten errematerik egin halako jokaldietan, baina, erdiraketak egiten jarraitu zuten. Liga osoan erdiraketa gehien egiten dituen taldea da Reala, baina errentagarritasunik ez dio ateratzen. Egia da hegaletan kalitate handiko jokalariak dituztela txuri-urdinek, baina gero erdiraketa hori jaurtiko duen jokalaririk ez badago, beste irtenbideren bat bilatu behar da, Deportivoren aurkakoa gerta ez dadin.

Kontua da erdiraketak errematatzeko jokalaria jarri zuela Montanierrek aspaldiko partez: Imanol Agirretxe. Baina usurbildarrak oso partida kaskarra egin zuen, kezkatzeko modukoa. Azken hilabeteetan Ifranek aurrea hartu dio harrobiko aurrelariari, hori uruguaiarrak gol bakarra sartu duela. Horrek min egin dio Agirretxeri, eta zelai gainean antsietate gehiegirekin nabaritu zitzaion, erabat galduta. Urruti iritsi zen baloi guztietara, presioan hotz egon zen, eta eduki zituen aukera urrietan erabaki okerra hartu zuen. Zaleak ernegatu egin zituen, eta Montanierrek hura ordezkatzea erabaki zuenean txistuak jaso zituen jokalariak.

Reala min egiteko gai ez zela ikusita, Deportivo gero eta ausartago aritu zen. Paciencia entrenatzaileak itxura aldatu egin du taldea, eta orain galiziarrek presioa metro batzuk gorago egiten dute eta atzealdea ere aurreratu egiten da jokoz kanpokoaren bila. Realeko jokalariak behin baino gehiagotan erori ziren jokoz kanpoan, eta presio horri esker etorri zen Pizziren gola. Illarramendik baloi inozoa galdu zuen txuri-urdinen areatik gertu. Ez da mutrikuarrak halako baloi bat galtzen duen lehen aldia, eta donostiarrek garesti ordaindu zuten hanka sartzea. Bergantiñosek azkar jokatu zuen eta Pizzik bikain loratu zuen baloia Bravoren aurrean. Atezainak ezin izan zuen ezer ere egin.

Golak Reala susper zezakeela zirudien, baina ez zen hala izan, erdiraketen planarekin jarraitu baitzuen. Velaren berdinketaren aurretik, aukera garbi bat eduki zuen, Agirretxek zutoinera bidalitako baloi batean, baina ez gehiago. Hala, atsedenaldira Reala atzetik zela iritsiko zela zirudien. Baina, Velak ez zuen asmo bera. Carlos Martinezek aldeko sake bat atera zuen, mexikarrak lekua egin zuen gorputzarekin, area barnera sartu, iskin egin eta sareetara. Ordura arte azaldu gabe egon arren, azaldu zenean gol bikaina sartu zuen, sasoiko zortzigarrena.

Aldagelatik bueltan, bestelako Reala espero zen, oldarkorragoa erasoan eta oparoagoa defentsan. Lehen minutuetan gauzak alda zitezkeela ikusi zen, Vela eta Agirretxe defentsan gehiago saiatu zirelako. Baina gris jarraitzen zuen taldeak, lo, gogorik gabe bezala. Oso kaskarra izan zen bigarren zatia. Deportivo berdinketa begi onez ikusten hasi zen eta baloia etxeko taldeari utzi zion. Pardo eta Illarramendi baina galduta zebiltzan eta Prieto gehiegi jaisten zen baloiaren bila. Galiziarrek falta gogorrak egin zituzten eta epailea txartel horiak ateratzen hasi zen. Pacienciak azkar mugitu zuen aulkia, Assunçao eta Nelson Oliveira sartuta. 63. minutuan Evaldok txartel gorria ikusi zuen, salto batean Prietori ukondoarekin jotzeagatik.

Bat gehiagorekin ere bidea aurkitzeko ezgai izan ziren txuri-urdinak. Montanierrek Pardo kendu zuen, oso partida kaskarra jokatzen ari baitzen, haren ordez Chory Castro sartuta. Erasoan eztenkadak sartu nahi zituen hegaleko abilarekin, baina erasoko jokalariei paseak emango ziezazkiokeen jokalaria kendu zuen. Giezmann erditik jokatzen hasi zen aldaketarekin. Deportivok lau jokalariko bi lerro sendo jarri zituen, gero kontraerasoan ateratzeko asmoarekin. Ansotegik erruz lan egin zuen minutu horietan kontraerason guztiak zapuzteko. Saiatu, saiatu zen Reala, baina alferrik eta bururik gabe. Lehen zatian bezala, erdiraketak egitearekin itsutu ziren, etekinik atera gabe. 25 minututan nabarmentzeko moduko pare bat aukera izan zituzten soilik eta Aranzubiak ez zuen sufritu.

Azken minutuetan min hartu zuen Velak, karrankekin baitzegoen, baina hala eta guztiz ere, entrenatzaileak ez zuen aldaketarik egin. Zurutuza bigarren zati osoa egon zen beroketa lanak egiten, eta Jose Angelek ere joka zezakeen, baina Montanierrek konfiantza guztia zuen zelaian zeuden jokalariengan. Hala, bana amaitu zen partida, berdinduta. Zelaian ikusitakoaren arabera, emaitza justua, Realak ez baitzuen merezi irabaztea. Sailkapenaren behealdean dauden taldeak trabeskatzen jarraitzen dute, txuri-urdinak ez baitira ez Granadari, ez Mallorcari ez Osasunari irabazteko gai izan. Celtaren aurka soilik irabazi zuten.

Dena den, lehen itzulia 26 punturekin amaitzea 2002-2003 denboralditik lortutako emaitza onena da. Sasoi horretan azpitxapeldun izan ziren txuri-urdinak. Hurrengo partidan Bartzelona hartuko dute. Erronka zaila, baina ez ezinezkoa. Guardiola ez zen Anoetan irabazteko gai izan, partida bat galdu eta bestea berdindu egin zuen. Aurten partidarik galdu gabe eta norgehiagoka bakarra berdinduta iritsiko dira Anoetara. Ea Reala bolada mozteko gai den.

Jokalari onenak:


3.- Carlos Vela: Mexikarra da taldearen iparorratza. Nahiko desagerturik ibili bazen ere, bere gol bikainari esker bildu zuen Realak puntu bat.

2.- Ion Ansotegi: Aulkian ia beti, baina isilik, protestarik egin gabe. Harresi bat goitik zetozen baloietan eta azkarra kontraerasoak mozteko garaian. Ez da Mikel Gonzalez eta Iñigo Martinez bezain ona, baina inork ezin du bere profesionaltasuna ezbaian jarri.

1.- Alberto de la Bella: Atzean sufritu egin zuen Pizzirekin eta Rikirekin, baina moldatu zen nolabait. Erasoan dezente azaldu zen, beharrezkoa zen jokaldietan eta asko nabaritu zen Griezmanni eginiko laguntza. Realan dagoenetik egin duen denboraldi onena. Konpetentzia ondo etorri zaio.



No hay comentarios:

Related Posts Plugin for WordPress, Blogger...

TODAS LAS NOTICIAS
POR FECHAS